ANTZARAREN BIDEA
MUÑOZ, Jokin Donostia-Alberdania 2007
LASTERKA BIZIAN ATERA DA gorputz odolusten hasia. Zabuka doa, orain ezkerrera orain eskuinera, Demetrioren algarak lagun. Mutiko ilehoriak ez du txoperaraino segitu begiradaz, berehala begiak itxi baititu eta pixaren beroa sentitu du galtzetatik behera. Horrela ez du antzararik ikusi, txoperaraino iritsita, makal beltz baten oinetan gorpu erori denean, oraindik azken hatsetan bildua.
Lepoa moztu eta gero antzarak bidea egiten badu ere, lepoa mozten dioten unean hiltzen da animalia. Antzararen bidea bezalakoxea da pasarte honetan agertzen zaigun mutiko ilehoriaren bizitza. Agure egin arte bidea egin badu ere, 36ko gerran, Nafarroa ErriberakoTrilluelos herrian hil zen.
Mutiko ilehoria, Jesus da, eleberriko protagonista. Bera eta Lisa dira eleberriko bi hari narratiboen arteko zubia. Lehenengo hari narratiboa, 90. hamarkadan, Donostian garatzen da. Lisari, semea hil zaio, prestatzen ari zen lehergailu bat eskuan lehertu eta gero. Semea galdu osteko une delikatu horretan, bere bizitzako azken egunetan dagoen agurearen zaindari gisa hasten da lanean. Agure hori Jesus da. Bizitzeko gogorik gabe bizi dena. Zigarro bakoitzak pixka bat gehiago hiltzen duela jakinda ere erretzaile amorratua da. Lisak argazki zuri-beltz bat aurkitzen du agurearen logelan. Bertan gazte alai batzuk agertzen dira festa giroan. Nahi eta ez, irudi horrek Jesusen iraganaren parte izan beha du. Koadro horrek agurearen gaztaroa ezagutzeko grina pizten dio Lisari. Argazkia ateratako lekura bidaitzen du Gigi lagunarekin: Nafarroa Erriberako Trilluelos herrira zehazki. Lisaren bilaketa honek abiarazten du nobelaren bigarren hari narratiboa. Hemen dago nobelaren benetazko mamia.
Frankoren aldekoek Nafarroa Erriberan egin zuten sarraskiaren kontakizun gordina egiten du Jokin Muñozek. Gerra Zibilaren gaineko hainbat pasarte irakurri ahal izan dira euskal literaturaren orrietan, baina ez Muñozek azaldu bezala. Antzararen bidean biltzen dituen pasarte lazgarriak zirrikitu batetik ikusi izan balitu bezala kontatzen ditu; gertutasun izugarri batekin. Irakurleak hotzikarak ere sentituko ditu nobelako pertsonaiek bizi dituzten muturreko egoerekin. Pertsonaiak ere oso ondo definituak dira, bakoitza bere izaerarekin, pertsona errealak izan diren sentsazioa ematen du.
Latza bezain ederra iruditu zait Jokin Muñozen eleberria. 350 orri izanda ere, egun gutxi batzuetan irakurtzen den horietakoa da. Gizartea oroimen historikoa berreskuratzeko ahaleginetan ari den honetan, egia jakin eta zerbait aldatzen al da?galdera airean utzi du ausardia handiz. Euskal literaturan kontutan hartzeko moduko idazlea dela frogatzen ari da nafarra.