Idazten -bizitzen- segitzeko arrazoi bat
MAITAGARRIA ETA DESIOA. Mariasun Landa. Elkar, 2012.
Batzuetan, maitagarriek tristura-istant bat izaten dute, ahulezia, malenkonia-une bat. Batzuetan, eguzkia ezkutatzerakoan gertatzen da, eta une horri «maitagarrien ordua» deritzo, ikusi ez baina antzematen ditugun gauzak gertatzen ari direla sentitu ohi dugulako.
Mariasun Landaren ipuin honetan aditzera ematen zait arriskutsua dela desio duguna berehala lortzea, desio eta helburua baino garrantzitsuagoa dela bizitzan bidea bera, bizitza bera; eta gauza bakoitzak bere denbora behar duela, izaki bakoitzak norbere denbora eta garaia duela, eta denbora subjektiboa dela.
Maitagarri-segundo horietako bat orduak izan daitezke guretzat, asteak txolarrearentzat, hilabeteak antxoarentzat eta urteak inurrientzat.
Niri ere maitagarri baten itxuran agertu zait Mariasun Landa eta desio izan dut ipuina bukatzerakoan nire ipuin propioa, nire bizitza, kontatzea eta idaztea, baina uste dut ez nagoela oraindik nire bizitzaren amaieran, oraindik bizi nahi baitut, eta beraz, nire bizitza egiten edo bizitzen segituko dut, idatzi ahala, erabakiak hartuz eta neure burua aldatuz.
Eta desio dudan gauza bakarra da bihar gaur bezala Mariasun Landa etor dadila gugana beste ipuin maitagarri batekin, Maitagarria ipuineko protagonistari bezala desio bat eska ziezaion. Izan ere, gaur Maitagarri bat agertu zaizue bat-batean tristuraren tristuraz eta malenkonia-une labur batez: «Zer eskatu nahi didazu, irakurle?». Beharbada, erantzuna, gaur bezala bihar berriro etortzea gauza bera galdetzera.
Maitemindurik nago; nire begiek ikusten dutena idazten dut, baina batez ere nire bihotzak sentitzen duena, egun batean bihotzak krak! egin zidalako. Zergatik desio bat eskatu? Zertarako?
Gauzak datozen bezala hartzen ikastea da ipuin honetatik atera dudan ikaskizun maitea, eta besteei gauzak ahalik eta errazen jarri, kexa atseginen gutunontzia adibidez.
Eta, batez ere, oso garrantzitsua dela nork bere buruari galderak egitea.
Hauxe desio dut gehien: zu bihar berriro etortzea gauza bera galdetzera. Bitartean, erantzunik bilatzen ahalegindu gabe, denbora igarotzen da, eta harekin batera nire bizitza, gure bizitza.
Bizi garenez gero, garrantzitsua da galderak egitea eta ilusioz bizitzea, ilusionatzen gaituzten gauzek mantentzen gaituzte bizirik egunez egun. Ilusioa da Mariasun Landak eskaintzen digun giltza Desilusioaren herri tristetik aldentzeko eta Ilusioaren herri alaian bizitzeko, krisiak gainditzeko modu bakarra ilusioa eta itxaropena baitira.
Gaur egun bizi dugun krisi global honetan ere alde ona ikusi behar da, borroka egin behar dugu ez adoregabetzeko, eta ziurtasunik gabe zoriontsu izateko.
Bizitzeko ezinbesteko den gauza bakarra itxaropena dela diosku Mariasun Landak. Ipuinaren protagonistak berak idazten digu bere bizitzako «Maitagarria eta desioa» istorioa, eta irakurlea maitagarri bilakatzen da narrazioa irakurtzen duen bitartean, denbora nola pasatzen den bizitzen ari dena, gizakion gertaeren igarotzea. Ipuineko Maitagarriari gertatu zitzaiona gertatuko zaio ipuin honen irakurleari, ez duela malenkonia eta ahulezia-istant gehiagorik izango.