Gordin-gordin
ARIMEN MAISUA Irene Nemirovsky/ Itz. Mikel Garmendia Alberdania 2009
Interes handiz irakurri dut “Arimen maisua” eleberriko gibel solasa. Olivier Philipponnat eta Patrick Lienhardt Irene Némirovskyren biografoek esku artean dugun eleberri hau egilearen literaturan kokatzen laguntzen dute. “Arimen maisua” liburuan agertzen diren ezaugarriak jatorri ukrainarreko idazlearen obraren ezaugarriak dira.
Eleberri gatazkatsua da hau: gatazkak hasieratik amaierara arte irauten du. Gordina da istorioa eta gordinak dira bertako pertsonaiak ere, beraien ezaugarri on eta txarrekin. Batez ere protagonista: Dario Asfar. Jatorri italiar eta greziarreko judua da. 1920. urtean Frantziako Niza hirira iristen da. Lanbidez mediku izatea baliatuko du Dariok gizarte frantziarrean integratzeko eta emazte zein seme jaioberriaren gosea asetzeko. Ez zaio erraza suertatuko garaiko gizarte klasistan gora egitea. Baina edozertarako prest egongo da. Frantses burges baten maitaleari abortatzen lagundu ondoren, goi mailako jendartearekin lehenengo harremanak izango ditu. Bere atzerritartasuna, ordea, oztopo izango da burgesen konfiantza eskuratzeko garaian. Azkenean, Nizatik Parisera aldatuko du bizilekua, Wardes gizon aberatsaren arrastoaren atzetik. Psikoanalisia puri-purian zegoen garaian, orduko medikuek kritikatuko duten sasi-metodo bat asmatuko du Dariok. Insomnioak jota eta eromenaren ertzean aurkitzen den Wardes jaunarekin jarriko du praktikan. Tratamenduaren emaitza bikainek bezero burgesak erakarriko ditu Asfar doktorearen bulegora.
Lortu du: Frantziako klase burgesean integratu eta pertsona aberatsen pare biziko dira asfartarrak. Atzerritar mediku bat izatetik «arimen maisua» izatera iritsiko da. Helmuga horretara iristeko bere burua saltzen du, ordea, bai pertsona, bai mediku bezala. Baina horrek zoriona bermatuko al dio Dariori? Goi mailara igotzeko erabili dituen baliabideak zilegi al dira? Estatus sozioekonomikoa aldatzea badago, baina odola eta jatorria ez. Mamu horiek etengabe jarraituko diote Asfar doktoreari, eta bere arrakasta baldintzatuta egongo da une oro. Hortik istorioak sorrarazten duen sentsazio gatazkatsua.
Dario Asfar da eleberri honetako protagonista. Wardes jauna, berriz, antagonista. Biak mutur banatan daude, baina
elkar-elikatzen dira: Asfar doktorea bezeroaren arimaren jabea da, eta honen eskuetan dago gizon akituaren buruko osasuna; aldi berean, Wardes jaunak emango dizkio Asfarri burges bizitzari eusteko beharrezko sostengu ekonomikoa eta prestigioa.
Baina bai batak, bai besteak gabeziak dituzte. Oreka falta zaie biei; eta gatazka, berriz, soberan dute. Pertsonaia sinesgarriak dira, bakoitzak biografia osatu bat darama atzean, eta irakurlea jabetzen da horretaz. Joko psikologikoz betetako nobela da.
Nemirovskyren beraren kasuan ere, Frantzian jaioa izan arren eta klase burgeseko familia batean hazi bazen ere, gurasoak atzerrikoak eta juduak ziren. Gertutik ezagutu zituen Asfar eta Wardes pertsonaien errepresentazio errealak.
Nobela ederra da zinez. Irakurlea tentsioan mantentzen duen horietakoa, orriak azkar pasaraziz, nobelaren gordintasuna azalean sentituz. Niri iruditu zait, “Arimen maisua” Irene Nemirovsky bera dela.