Maistra-lana
EZ NAIZ NI. Karmele Jaio.Elkar 2012.
Leire, Maria, Gema, Itzi, Mertxe, Marta, Bakarne, Ane, Bego, Ania, Alazne edo eta Margaren istorioak dakarzkigu «Ez naiz ni» ipuin liburuak. Hauetako bakoitzak du bere istorioa. Hauetariko bakoitzak du bere intimitatea, denen intimitatea ia bera den arren. Emakumeon atzean, background-ean, euren bikotekideak daude, eta askotan seme-alabak ere agertzen zaizkigu, eta hauen arteko harremanak, denboraren joanak deterioratuak, transformatuak. Denei falta zaie zerbait, edo hobe esan, denek galdu dute desio zuten hura: gaztetasuna, pasioa, edertasuna, ama izateko aukera...
Leire, Maria, Gema, Itzi, Mertxe, Marta, Bakarne, Ane, Bego, Ania, Alazne edo eta Margaren izenei beste emakume izen bat erantsi behar diegu ezinbestean: Karmele Jaiorena. Nabarmena da bere marka, bere nortasuna, egilearen izena azalean jarri gabe ere asmatuko nukeela egiten dut apustu. Gasteiztarraren aurreko lanak bezala, hau ere emakumetasunetik idatzia da, betiere fokoa giza harremanetan jarriz. Emakumearen barrukoak eta emakumearen kanpokoak erakutsi ditu bere sinpletasun eta konplexutasun osoan. Emakumeok inoiz ikusi edota gure larruazalean sentitu ditugun bizipenez, sentimenduz betetako istorioak kontatu dizkigu. Baina egunerokoak izanagatik ere, irakurlea hunkitzeko gaitasuna dute, zizt egiten dute. Emakumearen aldeko jarrera hartzen du idazleak. Protagonista femeninoak dira, salbuespen txikiren bat kenduta, galdutako hura berreskuratzeko ekimena hartzen dutenak, euren senar edo mutil-lagunek errutinaren gurpilean jarraitzen duten bitartean. Eta nonbait, ezaugarri honek ere zizt egiten du, batez ere zenbait irakurle maskulinorengan.
Karmele «maistra» da literatura mota hau egiten. Literatura mota hori gustuko izatea edo ez, beste kontu bat da. Irakurri dizkiodan ipuinik onenak liburu honetan daudela esango nuke. Ederrak dira, baina... Baina indarra galtzen dute gai bereko, pertsonaia antzeko eta egitura antzekoa darabilten beste ipuin sortarekin batera irakurtzen direnean. Hasierako ipuinak oso gustura irakurri ditut, erraz, arin, gozamenak bultzatuta. Liburua zabaltzen duen «Ez naiz ni», «Azukrezko Madaritxuak», «Reiki»... Baina liburuan aurrera egin ahala, istorio eder horiek errutina bilakatzen zaizkio irakurleari. Ipuinen amaierak esaterako oso antzekoak dira, errekurtso bertsua darabil Jaiok batean eta bestean. Horrek guztiak ipuinok berezkoa duten indarra, edertasuna kaltetzen du.
Aniztasuna bota dut faltan Jaioren lanean. Horiek horrela, agian, formula egokia litzateke «gutxi eta maiz» deritzona. Mesanotxearen gainean eduki eta lantzean behin zabaldu, «maistra-lanaz» gozatzeko. Horra nire proposamena!