Txatartegirako gizakiak
Gizakiaren definizio gordin hori ez da liburuaren abiapuntura bakarrik mugatzen. Etsipenaren eta esperantzarik ezaren sentipena ipuin guztietan barreiaturik dago. Bederatzi istoriok osatzen dute liburua. Horietariko bakoitzak mundutxo bat islatzen du, horretarako behar diren osagai guztiak dituelarik. Kasu honetan, «protagonista(k) + egoera bat» da idazleak ipuinak osatzeko erabili duen formula. Gehienetan narratzaile orojakile baten ahotsean kontatuak, ederrak dira ipuinak. Irakurlea oharkabean barneratzen da istorioan eta amaieran, zizt! ziztada, batzuetan besteetan baino zorrotzagoa. Baina ipuinen ezaugarriak aipatzen hasita, ondorengo ideia da garrantzitsuena, liburuaren oinarria: istorioetako protagonistak txatartegirako gizakiak dira. Gehienak zahartzaroaren atarian edo aro honetan aurreratuta daude. Asko bakardadean bizi dira, inor ez dute zain izaten etxeratzen direnean. Badira inoiz izan duten bizitzaren galerak eragindako etsipenean bizi direnak ere. Zerk lotzen ditu bizitzara? Zer ekarpen egiten diote gizarteari? Galdera hauen oihartzuna etengabea da, eta erantzuna ere presente dago beti: ipuin guztietan agertzen diren autoek, motorrek edota autobusek isurtzen duten olio zirrintak erakusten duen txatartegirako bidea.
Bada beste osagai bat bederatzikotean pisu berezia duena: euskal gatazka. Ia ipuin guztietako paisaian (edo idazleak liburua zabaltzen duen ipuineko tituluan adierazi bezala, atrezzoan) agertzen da. Gatazkaren alde bateko zein besteko partaideak agertzen dira istorioetan. ‘Gari zainzuriak’izeneko ipuinean adibidez, semea preso duen gizonezkoa eta guardia zibil baten aita den militar ohia dira protagonistak. Alde batekoa zein bestekoa izan, bizi duten egoeraren biktima bezala aurkezten ditu idazleak.
Aipatutako bereizgarri horiek guztiek primeran laburbiltzen dira liburuaren izenburuan. Bete-betean asmatu du idazleak. Liburua biribildu du. Baina ezer ez da perfektua: soilik zaharkituta geratu diren trasteak botatzen al dira txatartegira? Hirugarren adinekoa oso eskura dagoen pertsonaia da; egiari zor, ezinbestekoa planteatutako ideia mamitzeko. Baina nago, idazleak ez duela behar adinako saiakera egin pertsonaia ezberdinen bilaketan. Hutsuneren bat aurkitzekotan, protagonisten aniztasuna hartu dut faltan.
Amaitzeko, hasierako ideia berreskuratuz, argibide bat eman nahiko nuke: ezkorra da, baina ez da tristea. Hori bai: aurretik irakurri prospektua ea albo-ondoriorik eragiten duen.