Eta orain badakit
IRASTORTZA,Tere. Pamiela, 2011
*Aitor Furundarena musikariaren laguntzaz idazleak emandako zuzeneko emanaldietan ere entzun daiteke poema liburu hau. | ||
Informazio gehiago: www.tereirastortza.com |
Poesia irakurtzea gustuko dugunok aspaldian espero genuen Tere Irastortzaren azken poema liburua. Duela bederatzi urte irakurri genion aurrekoa eta jada, bere ibilbide poetiko sendoaren jarraipena den urrats honen zain geunden irrikaz.
Eta orain badakit honetan, poesia helduaren aztarnak eta poeta ibiliaren hausnarketak topatuko ditu irakurleak. Bizi izanak utzitako sentipen horietatik osatutako hitz koadroak, esperientzia pertsonaletik marraztutako mihiseak, hurbilekoa oinarri harturik gai uni bertsaletara jotzen duten poemak. Isiltasuna, erritmoa, soinua, mina, heriotza, denbora, gorputza, zoriontasuna. Galderak eta galdera horiei topatutako erantzunak: “Eta nago ez garena sentitzea ere izateko era bat dela, /sentitzeak ere eratzen gaituela”. Gaiak ez dira errazak, hainbat esan nahi garratzak dira sakonean eta halere ez da poema liburu tragikoa esku artean duzuna, irakurle. Zoriontasunari eta zoriontasunean mintzo da; zoriontasunak dituen ertz zorrotzetatik idatzitako poemak dira: “Ziurrenera, orain, / ondo dakigulako, / izan, zorionagatik bakarrik garela zorigaitzerako prest” .
Poema bakoitza pieza bat den arren, behin amaiera heltzen denean, liburu osoa poema bakarra den sentsazioa izan dut nik. Poemak harilkatzeko moduagatik, idazleak guztietan bateratzea lortu duen tonuagatik, ondo jositako orriak dira hauek. Idazkera hurbilekoa, epela, irakurleari gonbitea luzatzen diona. Eta esaten direnak, esaten direnagatik zein esateko moduagatik, gogoan iltzatuta geratzen dira, irakurlea harrapatzen dute.
Ederra da Irastortzaren poesia. Oinarri finkoak ditu, dardara eta zalantzarik gabea da. Alferrikako hitzari ihes egi ten dio, idazkera sendo eta benetazkoaren mesedetan. Muinera heltzen da, pentsamenduaren eta sentimenduaren hondora, zentzumena zulatzen duten geziak dira poemak. Dudarik gabe, irakurleak gozatzeko idatzitako liburua da hau; nik gustora eta plazeraz irakurri dudana. On dagizula zeuri ere.