MIREN AGUR MEABE: Azalaren kodetik, Bitsa eskuetara
Irakurle batentzat gustuko autorea aurkitzea altxorra eskuratzearen parekoa da, haren liburuak bitxien modura gordeko ditu handik aurrera, noizean behin berriz irakurtzeko, edota testu horien edertasuna gogoratzeko bada ere.Hasieran haur-jolasa dirudiena ez da batere erraza, poesia zaleontzat aurkikuntza hauek ezohikoak izaten baitira, poema liburuek eta oro har poetek ez dutelako beste generoek izan ohi duten ibilbidea eta zabalkuntza. Beraz, poesia irakurleok beti gabiltza aztarna bila, zokomiran, usnaka. Detektibeak gara. Edo piratak.
Halaxe heldu zen Azalaren kodea, Miren Agur Meaberen poema liburua, nire eskuetara 2000. urtean. Lau zatitan egituratutako liburua da: Oharrak, Orbainak, Tatuajeak eta Kontrazeinuak. Lehenengo pertsonan ari den emakumezko ni-a da protagonista, eta hizkuntzaren bidezko komunikazioaz harago, beste komunikazio sistema baten beharra alda rrikatzen du. Hortik, azalaren kodea: “Bestelako kodea alda rrikatu nahi dut: hitzarena ez bezalako kodea”. Gorputzak garran tzi handia du Meaberen poemetan. Azala gorputza da, eta gorputza izatea bera. Meabek berak erradiografia kalei doskopikoadeitzen dio honi. Erradiografia, bere barne mundua bistan uzten duelako, eta kaleidoskopikoa, bere izanaren pieza txikiak direlako ikusgai, atal mugikorrak, osotasun aldagarria islatuz. Bat datoz ni egilea eta ni poetikoa.
Horrekin batera mezua ematean gardentasuna, erosotasuna eta dotoreziaren arteko oreka lortu nahia; “Ez da perfekzioa bilatzen, edertasuna baizik. Ez da egia bilatzen, benetakotasuna baizik. Ez da traszendentzia bilatzen, intentsitatea baizik”
Azalaren kodea ezusteko paregabea izan zen poesia irakurtzen dugunontzat; liluraturik utzi gintuen harribitxiak. Geroztik, beste zenbait lan kaleratu dituen arren, 2010era arte ez du poema libururik atera. Horregatik, aspaldian espero genuena da bere azken liburua: Bitsa eskuetan.
Hiru atalez dago egituratua: La Vie en Rose, izatearen errepaso modukoa dena; Harearen geriza, amaren heriotzari idatzitako poemak; eta Zapitxo Intimoak, harreman baten kontaketa. Hiruetan bitsa bizitza bera da, bere oparotasun eta gabeziekin. Eta poeta da; Meibi, Maybe, agian, Meabe, Goikokaleko neska, Plasir, La Jolie Fille, Miren Agur, Mirentxu, emakume kaierduna, emakume kapeladuna. Idazlea bere liburuetan eta bere liburuetatik kanpo da emakumea, laguna, ama, alaba, emaztea, maitalea, poeta. Guztiak poliedro beraren aurpegiak.
Frantziar erreferentziak topa genitzake; Edith Piaf, La Vie en Rose. Urre gorria, eta kontrajarrian urre zuria. Gaua eta gatza. Bigarren azala. Liburuko lehen poema, Definizioa, 2001. urtean idatzia da, eta Entropia poema, liburua amaitu aurreko unean, 2010ean. Beraz, bilduma honek denboran egindako ibilbidetik garamatza, autorearen azken bizialditik jasotakotik.
Liburu honi buruz Meabek esana da: “Bizitzak eman behar izan dit eta kendu liburu hau idazteko. Eta idatzi ahala, idazten jardun dudalako, beste noranzko bat hartu du nire bizitzak, idatziz jartzean, errebelatu egiten zaizkigu ordura arte zehaztu gabeak ziren intuizioak eta sentipenak. Horrenbestez, idazkuntzari traiziorik ez egiteko, ezin traizionatu bizitza, eta alderantziz”.
Meaberen poemetan “munduko denbora guztia sar liteke leopardo sosten batean”, “eguzkia obulu glaseatua arrasbeheran” da ,“zeruak adurra askatzen du” edota “altzifreek gorantz hurrupatzen”. Benetako bizitza benetako poesia egiteko aski ote den galdetzen da, eta maitasuna kubo bat dela esan.
Hiztegi berri bat ikasi daiteke Meaberi irakurriz. Aspalditik ezagunak ditugun hitzei esanahi berriak topatzen erakutsiko digu.
Eta ederragoa dena, hitz horiekin inoiz irudikatzera ausartuko ez ginatekeen ideia eta sentimenduetatik eramango gaitu idazleak.
Badakigu, Meaberentzat denbora ez da alferrik pasatzen. Horren erakusleiho da azken urteotako bere obra oparoa. Ziur gaude, dagoeneko izango dira beste poema eta idatziak egunen batean argitara emango dituenak. Jada itxaroan gaude irrikaz; altxorra topatu nahiak sortzen duen ezinego-nez, ilusioz beteta. Poesia irakurtzen dugunak detektibeak baikara. Edota piratak.