GAME OVER
SCANNER Leire Bilbao Susa, 2011
Scanner baten gisa zurrupatu, irentsi, digeritu eta gorde dut erretserba gisa ene barnean, kanporatuz behar ez nuena edo traba egiten zidana. Ezin baitezaket erran olerki-liburu osoa gustatu zaidanik, baina izan dira zenbait ale bikain, haiekin identifikatu naizena. Poetaren baitatik baino ez du jakin esaten MIN, edo hautsi, sortu, atera.
Bi aldiz pentsatu gabe idazten hasi naiz, hemendik gutxira bukatuko baita artikulu hau ere bai, jakitera iritsi gabe zertarako den zehazki, baina paperezko dei bat izan dadila entzun edo irakurri nahi duenarentzat, On Joxe Miel Barandiaranek erran zuen gisa berean, nik ere badakit-eta zertarako bizi naizen: lagun hurkoa maitatzeko.
Zuri idazten dizut, Leire, amaz aspaldi erditu zinen horri, 1975eko iraileko gau batez LINTZIRIN hotelean noizbait elkartu baitziren ene gurasoak, eta ni ere beranduago sortu. Nire idazmahaian poeta bizi bat zaitut ene begien bistan, izateko sortu den artikulu hau idazten ari naizelarik, eta dei iezadazu nahi baduzu telefonoz bizirik zaudela ziurtatzeko, ez zarela nire apaleko Virginia Woolf. Ni nire barneko aingeruaren bila nabil, hil dezadan behingoz eta ni bizi!
Bizitzeko sortu ginen, eta bizi ahala galderak etenik gabe, erantzunik gabe goaz aitzina, edo pausu bat aurrera emakumeok ginekologoarenean hankak zabaltzeko, haurrik gabeko uteroari ekografia bat egiteko. Emakume poetak min hotza sentitzen du kanpoko esku horiek ukitzen dutenean, eta orduan ohartzen da barnean ez duela aingerurik ez umerik. Eta hala ere, bizi dela. Idatzi ahala. Zauria zabalik dagoen bitartean, plazer guztiek egiten dute min.
Emakume poetaren nahia, orduan, behor izatea da askatasuna jateko, eta berea bezain inorena den poetak zakurraren gisa labadoran sartzeko bere burua; baina zorionekoak gu, zein mundutan bizi garen zehazki ez dakigunoi. Galderak ditu alimalekoak poetak gorputzean, animaliak ohean dituela maitale imaginarioak bakarrik milikatzen dio gorputza poetari. Zorionekoak gu, zer den egia eta zer gezurra ez dakigunoi!
Baina poetak mina irentsi ostean, alferrik ez sufritzea aukeratzen du, eta begiekin irribarre egingo dizut zuri, irakurle, amaren etxean logela huts bat naizen ni honek. Batzuetan poetak (emakumea, kasu honetan) ez daki nongoa den gaur, eta bihar zer izan zen, eta zaila da erraza izatea, guda gehiegi daudelako zabalik.
Poetak diost, ni ez naizen oro galtzen dela, eta funtsezkoa soilik gelditzen dela, scanner-a pasatu ostean gorputzetik kanporatu gabe gordetzen dena bezala. Poetaren inventariuma gelditu zait liburu poetiko berde hau irakurri ondoren; ez dakit nik ere nola garbitu min hau, baina uste dut oso ondo ulertzen dela Leire Bilbaoren poesia, oso ondo azaltzen ez dakiena.
Ez da ezer gertatzen ari, dena ari denean gertatzen, eta ez dut nahi atzoko euririk gaur, ezer gertatu ez balitz bezala jokatzera ohitu. Hemen gertatzen ari dena gara eta ez dakit zer den, baina animalia galduaren metafora gisa agertu zait poeta gaztea, eta horrelakoa da bizitza, horrelakoa da jokoa: ez dago jarraitzea beste aukerarik.
Eta ahaztura eta gosearentzako ez dago elurraren isiltasuna baino gauza hobeagorik; beraz, negu on guztioi. Eguberri eta urteberri on.
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.