«Chorando eu e volto a ti»
ALDAIRA URDINAK Edu Zelaieta Anta Alberdania, 2010
Mudantza omen da aldaira, baina zergatik urdin? Aldaketak lasai egin behar direlako, beharbada? Urdina sosegua da, lasaitasuna. Eta poema-liburu hau patxada osoz irakurri dut. Lagun poeta honen liburua eskuetaratu nuen, eta gustura irakurri dut egun bakoitzeko poema bat, eta horrela joan da udaren beroa. Poetak gaztarotik gauzarik garrantzitsuenak bildu dituen bezala, nik ere iragana geroarekin uztartu dut, eta gaurko emakume poeta hau ikusi: lotsatia, beldurtia, zalantzatia askotan, baina ausarta batzuetan. Dagoeneko ez da toki berean bizi, eta alde zaharretik berrira mudatu da poeta. Nik elizaren ondoan segitzen dut, ezkilakada bakoitzeko nire haurtzaroaren taupadak entzuten ditudalarik.
Gogoan ditut haur-jolasak, baina mudatu naiz ni ere bizitzaz maitemindu nintzenetik, eta poetak erran dit bi aberri ditugula: berea eta nirea.
Chorando purgas as tuas penas. Negarrez garbitu dut ene arima zure hitz zikinez. Eta poema-liburuaren amaieran neure arimaren leihora iritsi zaizkidan lagun poetaren “kutxa”batzuk honako hauek dira:
Adi-hitzaren inperfekzioa, edertasuna, leihoak parez pare zabalik utzi noiznahi hatsa hartzeko, hanka hartzeko eskubidea sartu, hanka sartzeko eskubidea eman, Panenkaren penaltia oroitu ezinik neure bizitzan badaezpadako jokaldi bat izan beti, pilotatxo gorria sudur-puntan eta sarerik gabe, eta astronauta bilakatuko naiz berandu baino lehen.
Plutonera joan nahi baitut maitearengana itzultzeko, eta poetaren aholkuz ezagutzen ez nuen MARFULen musika paratu dut soinu-banda gisa galegoz: eu volto a ti. Eguzki-sistema honetan bizi naizelako eguzkitik edaten ikasi nahi dut goizero, Edu Zelaieta poetaren gisa, ahal bada buztinezko kaikuetan.
Poema-liburu osoan zehar amets bat behin baino gehiagotan irakurri dut, eta bizitzari neurria hartu nahian, nik ere belaunaldi berriko ama izan nahiko nuke eta negarrez, maitasunez erditu, nahiz eta nik guraso hippyrik ez izan. Urte luzetan horizontalean erosoegi egon naiz eta bertikaltasunaren jabe egin nahi dut, bestela Silvia Plathen gisa bukatuko dut, neure buruaz beste eginez.
Zelaietak oroitarazi dit tinta beltzez edo urdinez busti ditudala paper mordoa minak besarkatzen ninduenean, eta larunbatero egoten naizela nire maitearen zain. Opari erromantiko bat egin nion ekaineko bere urtebetetze egunean eta gero abandonatu ninduen. Nik geroztik poemak ikusi ditut egunero, eta tinta urdinez idatzi paperean hiri erraldoietan galdu ondoren.
Acor do verao mudam-se os tempos.Galegoz askorik jakin gabe, udaren bihotz honetan garaiak aldatu direla ikusi dut. Ni aldatu naiz, eta blues doinuan bere “kaxa” guztiak utzi dizkit poetak laguntzeko eskatuz. Ez naiz idazle, baina bere poemen idazle bilakatu nau Eduk, gorputz-arima osoa utzi dit agerian. Poeta ezindu honek ere bakardadean sortutako lana literatur proiektu bihurtu nahi du, baina argi utziz publikatu gabeko lanak neureak direla.
Dilema latza utzi dit poetak, ez baitakit neure betiereko zalantza egoera honetan zer nahiago dudan etxera iristean, baina aukeran nahiago ditut bi aukerak, Edu: nori kontatu zerbait izatea.