Gorputzak diost...
ESKUEN SUSTRAIAK Oier Guillan Susa, 2009
Memoria deitu eta zentzumenetan bidaide egin gaitu Oier Gillanek bere eskuen sustraietan. Memoria, bai, eskuena, eta horiekin batera, gorputzarena. Hemendik atzera, seneraino poliki hurbilarazi, eta buelta egin dugu, berreraikitzen garena, oraina arteraino.
Bada gure literaturan eskuen bizi indarra nabarmendu nahi izan duen idazlerik, horren adibide da Juan Mari Lekuonaren “esku3” poema, non bizi guzia gorpuzten duen eskuen indarrean:
«Dena –eta bizia ere bai– eskuek amore ematean amaitzen da».
Askatu beharreko korapiloa biluzik dakusagu hasierako ‘paperezko baratzean’, ideiak jauzika, alderrai batzuetan, eta gorputza, ataletan, dena lotu gabe (ez aske). “Gernika” gogora ekarri dit nahasmenak. Bukaerarako berriz, ordena sosegatu bat irakurri dut ‘Golde lurretan’ eta gorputz atalok batzuk besteekin dantzan. Galderak hautatuz, erantzunak antzeman.
Poesiaz poesia, nonahi dira sentitu egiten diren ferekak, zalantzan jartzen gaituzten zalantzak eta erremin gustuko minak edo larruan igartzen diren lagunen oinazeak, Picassoren lepo erauzietan bezala. Errealitate gordina eta esaten hain zailak diren barrukotasunak batera datoz poemetan barrura egin nahi izanez gero, guztia irudikagarri, ukigarri. Barreneko ahotsak zirika egiten digute edukietan sakondu ahala. Eta errebeldia gazte batek ahots goran esanarazten digu ez gaudela konforme!
“Gernika” eskuen sustraietan. Picassoren koadroan gizakia eta arima gorpuzten badira minetan, haustura eta hondamendia sentitzen badira gorputz zatikatuetan, Oier Gillanen eskuen sustraietan gizakia eraikitze prozesu batean igartzen da gorputz ataletan.
“Gernika” hartan, garrasia entzuten da gorputz atal sakabanatuetan, heriotzaren zantzuak denean, odola eta bateratzaile ez den ezer.
Herioa da hura.
“Eskuen sustraiak” honetan, gorputz atalak eta sentimenduak uztartze bidean, usainak, koloreak eta testurak igartzen ditugu eta barneko metafora gorputza bera da, biziaren seinale.
Biziari egindako ereserkia da hau.
Gernikatik Eskuen sustraietara suntsitutakotik jaiotzerainoko bidea egiteko aukera bakana dago, egitea merezi duen horietako bat.
Ez dakit poesiaren helburua irakurleari poetak sentitzen duena sentiaraztea den ala irakurleari hazi bat eskaini eta handik abiatuta arakatze gura bat piztea, barne munduetan ari baikara ari garenez, eta edozein dela ere poeta idaztera eraman duen estimulua, gertakizuna edo bizipena, hori poetaren barnean bizi eta iragazi ondoren bakarrik eskain diezaioke poetak balizko irakurleari; baden arren beste poesia efektuzaleago bat ere, gaur egun idazten den poesiaren artean, azalean geratzen dena, deskribapenetan; aseptiko samarra dena, idazlearen inplikazio gabekoa. Eta guztia da irakurgarri, eta dena ei da poesia.
Baina Oier Gillan harantzago doan poeta horietakoa da, gure muinak ukitzera datorrena eta hautua egiten du aukeretan eta egia sentitzen da bere esanetan.
Argi dago bere konpromisoa idazten duenarekiko eta horrexegatik benetakoa da eskaintzen diguna.
Gorputzak diost.