Biz(h)itza badoa
Poeta katalanari egindako liburuaren hasierako elkarrizketa oso baliagarri izan zait poeta gisa, eta poetaren epilogoak, berriz, hausnarketarako balio izan dit pertsona gisa bizitzeko. Tartean poemak daude. Liburu osoa euskaraz eta katalanez. Juan Ramon Makuso euskal olerkariaren euskarazko itzulpena irakurri dut, baina jatorrizkoari zeharka begiratzen nion, jakin gabe euskaratutakoa zenbateraino den fidela. Bertako poema laburrek kontsolatu naute, poesia miserikordia-etxea baita, edonora joanik ere, poesia aterpe eta babes, kale gorrian ez egoteko.
Bestalde, izugarria da poetaren egoera, poetak poesiari ematen baitio biz(h)itza. Joan Margaritek esan dit poesia informazioaren kaxa beltz bat dela, eta poema labur bakoitzean sartu ondoren, eta poetaren sufrimenduak, iragana, etorkizuna, itxaropena eta, azken batean, bere bizitza irakurri ondoren, hobeki atera naiz haietatik. Ez dakit ongi euskaratuak diren poemok, baina bere hitzak baliagarri izan zaizkit; ez dakit zerbait berria eta originala esan didan, baina bere esateko moduak hunkitu nau.
Poesia hitza da. Biz(h)itza. Eta horregatik, ez ditut olerkiok zehatz-mehatz aztertuko, egitura eta errima alegia. Ni ez naiz nor besteren bizitza epaitzeko, besteren oinazea kalkulatzeko, eta horrek kontsolatzen nau. Neure burua hitzek eraman dezaten utzi dut, eta Charlotte Bröntek behin idatzi zuen bezala, bakarrik egon arren, ez naiz bakarrik sentitu; batera sentitu ditut barrualdeko zalaparta eta kanpoko haizearen kexu atsekabetsua.
Zortea izan dut idatzizko hitzaren isiltasun hau aurkitzeagatik. Ez dut ahaztu, nahiz eta ez oroitu, eta Joan Margaritek oroitarazi dit bizitzak maitasuna utzi didala, ene maitea nigan gelditu den bezala. Bihotzeko zauri hau zabaldu zidan, maitasuna bulkadatik, derrigortzetik, torturatzetik datorrelako, eta maite dudan horregatik nik ere ez diot utzi negar edo barre egiteari; gure maitasunaren iragana eta etorkizuna daukat gaurko bakardade honetan, eta poesia azken miserikordia-etxea da, ene kontsolamendua. Babes poetiko honetan pentsamenduaren hiriren batean ene maitea maitatzen egonen naiz, izan Bartzelonan, Brnon edo Bilbon.
Miserikordiaz salbatu ginen guztiok amaz erditzean, batzuk isilik eta ubel sortuginen, beste batzuk negarrez. Miserikordia-etxean babestu nintzen neu ere aita minbiziarekin joana zitzaidalarik, duela ia zortzi urte. Poesiaren miserikordia-etxean nago, kale gorria gogorragoa baita, eta orrialdeak jendearen buruen gainetik dabiltza tximeleta harrigarriak bezala, neure begiek idazten dizutelarik zirriborro batez ene maitearen izena, ni harekin ez egon arren. Idazteak elkarrekin egoteko balio du, eta tristurak inguratzen nau hura nire inguruan dabilen seinale.
Ekaineko hotza igaro da, eta ilunabarrean hegan dabilen enarari bezala, guri ere geratzen zaigu aukera bat. Nahiko nuke norbait nire zain balego, nigatik norbaitek negar egingo balu. Negar irribarretsu honekin lakuko abestia kantatuko dizut zuri ere: zure uraren hoztasuna maitatu gabe, zure/nire isiltasunak salatzen zaitu/nau. Inork ez daki hori, egunkari honetako irakurleak izan ezik, eta ez dakigu zergatik den Margarit abesten duen agure bat.