Hatsaren kulunka
MÜLLER, Herta. Elkar, 2010. Itzul.: Ibon Uribarri
Holokaustoarena da literatura eta zinean hamaika aldiz jorratu den gaia. Istorio honetan, aldiz, hain ezaguna ez den Holokaustoaren beste ondorio bat kontatzen da: zigorraren historiaren atal bat. Nazi eta judutarren ordez, sobietar eta errumaniarrak dira kontzentrazio-esparruen ordezko lan-esparruetan. Ezezagunagoak ditugun biktima horiei sufrimendua adierazteko ahotsa eman die idazleak. Bizirauteko eguneroko borroka latzari eta goseari eusten dioten presoak soilik dira idazlumaren protagonistak. Zenbat modutan deskriba genezake gosea goserik zer den ez dakigunok?
Hatsaren kulunka, 2009an Literatura Nobel Saria eman zioten Herta Müllerrek (Nytzkydorf, Errumania. 1953) idatzi duen azkeneko eleberria da, euskaraz aurki dezakegun bere lan bakarra.
Müllerrek eleberri honetan Bigarren Mundu Gerra ondoren nazismoarekiko zer jarrera hartu zuten kontutan hartu gabe Sobiet Batasunera deportatu errumaniarrek sufritu zutena salatzen du. Bere amak ere bost urte eman zituen haietako lan esparru batean. “Gai honi buruz idatzi nahi izan nuen beti...Lekukorik gabe geldituko ote nintzen beldur, Oskar Pastiorrekin (idazle alemaniar errumaniarra, Herta bera bezalaxe) hizketan hasi nintzen. Ucraniara joan ginen, lan esparrua egon zen tokira” .
Oskar Pastiorrekin eginiko lanarekin eta jasotako testigantza guztiekin osatu zuen Müllerek eleberri hau.
“Hatsaren kulunka” sentsazio nobela, muturreko bizi baldintzetan gizakiak aurrera ekiteko ateratzen duen indarra eta kemena erakusten digun nobela da: “Hil zoriko nekea, barrenak hozkatzen dituen hotz izugarria, izu usain zorrotz, denbora ostua. Goseak itsututa, herriminak gaixotuta, mespretxura ohituta, denboratik at eta geure baitatik at eta munduaz etsita, baita mundua gutaz ere“ protagonistak une desberdinetan dion bezala.
Eleberria 1945ean, Leopold Auberg, hamazazpi urteko gaztea deportatzeko bila datozkionean hasten da. Zerrendan zegoela jakitun, ama eta amonarekin gramofono kutxa izango den maleta egiten ari dela agertuko dira soldaduak. Amonaren hitzak izango dira “gulag”en bizirauten lagunduko diotenak: “BADAKIT ITZULIKO ZARELA” eta hitz haiexek bihurtu ziren handik urte batzuetara musuzapi:“ez naiz lotsatzen esaten dudanean musuzapia izan zela esparruan nitaz arduratu zen gizaki bakarra”.
Leopold protagonistarekin batera esparruan daude beste gizon-emakume batzuk. Bakoitzak badu bere historia, injustizia eta biziraupenarekin: zerrendaren arabera bat falta zelako atxilotu zuten neska gaztea, Zonzon-Kati neska atzeratua, David Lommer judutarra, elurra salatu zuen neska, porlanean ito zen Irma Pfeifer, bizargina...”ez ginen garen bezalakoak gu denok” eta “Gose-Aingerua”, gosearen metafora pertsonifikatua.
Gosearen deskripzioa eta trataera da eleberrian zehar indar handienetakoa hartzen duen gaia: “azal eta hezu rraren garaia, gose-hitzak mapa bat dira, nire gosea eta ni, hezur-gizontxo eta hezur- emakume sexugabeak ginen, gosea beti dago hor...Ez dago hitz egokirik gosearen sufrimendua deskribatzeko”.
Hizkuntza lirikoa darabil Herta Müllerrek, jasoa bezain hunkigarria, ulergarria bezain sintetikoa, baina niretzat liburu honetan interesgarria pertsonaien ikuspegiaren nagusitasuna da.
Hori dela eta, agintariek eta soldaduek ez dute batere protagonismorik eleberri honetan eta horregatik ez dugu aurkituko ohiko krudelkeria eszenarik, deportatuak dira inporta dutenak, haien eguneroko kontu txikiak dira benetan hunkigarriak eta horregatik hartzen dute objektuek hainbesteko protagonismoa: musuzapia, kuku-erlojua, bihotz-pala, ikatza, arropa, burko azala...