Zergatik, zertarako hau guztia?
ESZENATOKIETAKO AZTARNAK HASTEN DIRENEAN. Amaia Iturbide, Erein, 2011
Errimen preso den poeta askea topatu dut. Poeta baten testamentua da hauxe: olerkaria errima anitz aberatsetan eta hitz neurtuetan galtzen da, beste olerkari batzuk topatzeko itxaropenez, eta irakurle bat aurkitu du.
Amaia handiak erantzun ezinezko galderak bota dizkit: zergatik galdu ote nuen denbora alferrik amesten, errealitatea bestela zenean? Zertarako ibili ote nintzen opariak prestatzen ez baldin baziren zegozkien hartzaileengana heltzen? Zergatik eta zertarako hau guztia? Nik ez dakit erantzuten, baina bizitzen saiatzen ari naiz. Irakurri dut Amaiak irudikatu didan eszenatoki infinitu bat, eta bihotzaren indarraz sentitzen dut bihotzak bere bideak eta arrazoiak dituela, buruak ezin ulertuzkoak. Hark, poetak, bere begirada kubistaz bere minak adierazi dizkit, eta isilean dagoen basoa erakutsi; hosto galkorra izatetik hosto iraunkorra izatera igaroa den malkoa bezala. Bizitza gerorako utzarazi dit eta bere dramaturgia osoa antzeztu poetikoki. Ortzikara batez sartu zaizkit hitzok barrenera, beti sortzen baita izar berriren bat aurrestreinaldietan ere. Bihotzaren indarraz Mikel Laboaren zaldi erotuen taupadak etorri zaizkit trostan, eta poema-liburu honetara sostengatu nauen malko isila erori zait, malko berde urdindua, edo itxaropen tristatua ageri zait begirada malenkoniatsu honetan.
Hala ere, harri bizi gisara hor izango naiz baso urak bataiatua. Malkoz malko agertu zait poeta bere minak adierazten, eta argi errainuaren bila abiatzen den abere torturatua bezala, hitzez hitz, malkoak eta minak isurtzen dizkit bihotzeko zauri sentiberara. Minaren egoitzan argilunak ere badirela erraten dit, eta teklatu ordenatu hauen trapezioan dardaraka idazten ari naiz. Errimen preso den poeta askeak ihes egin dit, eta hontza kubista agertu zait. Beharrezkoa zaidala asko ibiltzea formaren hondoraino iristeko erran dit, eta pintzelkadekin margotu dit oraina kolorez. Izan ere, a ze tristura, kolore bat itzali eta munduak ezer gertatu ez balitz bezala mugitzen jarraitzen duenean! A ze malenkonia, oroipena. Azkenean zu ere kolore bat bezalaxe joango zara mundu honetatik, lurrun eta lurrin, ni bezala, antzeztoki handi bat den mundu honetako argi eta koloreak itzaliko dira, eta ni joango naiz.
Gezurra badirudi ere, oraindik ere posible da «egun on» erratea, eta ez da erraza irtenbideren bat aurkitzea hainbeste zeinuren artean bizitza bera literatura eta poesia bilakatzea, baina horretan dabil Amaia, horretan nabil ni, eta zu, denok baikara sinpleak eta konplexuak eszenatokiz eszenatoki goazelarik. Bizitza eta heriotza artean errimelezko maskara bat dago, poeta beti atarian gelditzen den pinpilinpauxa da lo arina eta betiko loa txirikordatzen dituen urregina. Bihotza jarri zait suspensean eta arima flash batean, begirada zinematografikoaz hegaldatzen naizela. Bizitza bizia da, gogoaren argiluna, poesia. Lorategiak erakutsi dizkit poetak, eta bosgarren urtaro modura aingura barna, ainguratu nau. Gogoratu, irakurle, dena dela badaezpadako, balizko eta ustekabeko, eta barruranzko irribarrea egin dit poetak bihotzaren indarraz. Beldurrari darion negarraren ahanzturan ezkutatzen naiz, mututasunaren eromenean, poztasuna tartean. KO utzi nau, baina etsitzen ez dugunontzako bertsoak idatzi ditu Amaiak, nahiz urte luzeak igaro lorategi ertzean lore bakar bat, keinu bakar bat, xehetasun bakar bat jaso gabe.
Ekinaren ekinez irakurriaz sartu zaidan poesia da hau, ez ligerierraza, eta horregatik kostatu zait barneratzea. Emadazu besarkada kitsch bat, irakurle.