Pasadizoak, ez ipuinak
BIZIEN GAUBEILAN Jesus Mari Olaizola <<Txiliku>>, Elkar-Ateko Banda, 2011
Izenburutik hasiko naiz. Bizien gaubeilan. Liburua ixten duen narrazioaren titulua ere bada, eta ez alferrik. Esapideak ederki asko laburbiltzen du Jesus Mari Olaizola Txiliku idazlearen asmoa: «Gaur arratsaldean ere izango dugu bizien gaubeila egin beharra (...) hola deitzen zion gure amak». Aipatu istorioko narratzailearen ahotsa da hau, baina biziei gaubeila egitearen esamoldea makina bat bider entzun izan dugu gure aurrekoen ahotik. Ahozko tradizio horretatik tiraka mamitu du idazle zarauztarrak esku artean dugun pasadizo bilduma hau.
Bada ondorio honetara garamatzan beste adierazle bat ere: narratzailearen papera. Pasadizo gehienetan, narratzailea lehenengo pertsonan dago. Kontalari bat daukagu beraz, eta bere ahotik entzungo bagenu bezalaxe kontatzen ditu pasarteak, maisuki. Maiz, kontalaria idazlea bera dela irudituko zaio irakurleari, eta elezahar edo kondairen bidetik, askotan zalantza ere egingo du kontatzen dena asmatua edo bene-benetakoa den. Narratzailea emakumea da gehienetan. Horra hor beste pista bat. Izan ere, euskal munduan emakumeak bete du ahozko transmisioaren funtzioa. Dena den, ezaugarririk nabarmenena, kontatzen diren pasadizoetako gaia da. Euskal ahozko tradizioaren ohiko paisaia eta giroa osatzen duten baserri eta landa ingurunea dira ardatz narrazio gehienetan. Hala nola «Bizien gaubeilan», «Galeperrak», «Bazen behin asto bat izena zuena Kubala», «Behor gorria», «Uroiloak», «Katua»...
Era berean, giro honekin talka egiten duen beste giro bat ere bada liburuan. Gaur egungora gehiago gerturatzen den giroa da hau, «Atestatua», «Metamorfosia», «Aguaraguazua», edota «Errun ezin zuen oilanda» pasadizoetan errepresentatua. Ez dakit talka hori irakurleak kolpatze aldera intentzio osoz egindakoa den edo ez, baina liburuaren batasuna apurtzen du.
23 pasadizo dira guztira. Batzuk oso laburrak. Orrialde batekoak ere aurkituko ditu irakurleak. Mezu zuzenekoak eta iradokitzaileak. Bi, hiru, lau orrialdeetakoak eta arnasa luzeagokoak ere badira, noski. Azken horiek istorio bat dakarte barruan, beti galdera bat iradokiz irakurleari.
«Pasadizo» aipatu dut orain artekoan. Hain zuzen ere, «pasadizoak» azpititulua jarri diolako egileak liburuari. Izan ere, «Bizien gaubeilan» pasadizoak aurkituko ditugu, ez ipuinak. Haziak dira, baina erein bezala geratu direnak, ernatu gabe. Hazi horietako bakoitzari ernatzeko behar dituen osagaiak emanez gero, ipuin bat izango genuke pasadizo horietako bakoitzean. Eta hain zuzen ere, hori da faltan bota dudana, pasadizoen garapena. Ipuina.
Ezin da ukatu egileak ohartarazi ez gaituenik. Ez du alferrik jarri «Pasadizoak» azpititulua, «irakurle, ez zaitez engaina, hemen ipuinak ez, pasadizoak aurkituko baitituzu» esanez bezala. Eta noski, ipuinik ez dagoen tokian ezin ipuina aurkitu. Dagoenarekin konformatu behar.