Nireak zugan, zureak nigan
DESIRA PLAZER 68/08. EUSKAL POESIA EROTIKOAREN ANTOLOGIA |Zenbait egile Txalaparta, 2010
Antologia bat da poema-bilduma hau. 1968tik 2008ra bitarteko zenbait olerki erotiko hautatu dituzte Igor Estankonak, Edorta Jimenezek eta Josune Muñozek, tartean eurenak ere bai. Nirerik ez.
Olerkari lagunen poemak irakurriz, gelditu naiz, atzera egin eta aurrera egiteko. Geratu. Eta Karmele Igartuaren azken poemak xuxurlaka itzali ditu liburuaren hasierako ene grinak. Eta orain, zer geratzen zait? Olerki erotiko bat idaztea? Eguneroko magiaren plazer txikiez bustitzea? Hiru gehi lau ez da beti zazpi, batzuetan sei ere izan daiteke edo bi edo bat. Hiru eta lau elkarturik hogeita hamalau urte magiko, eta urteko hilabete bakoitzak bere egunerokoa idatzi dit gainean, orrialde bakoitzeko olerkiak azala laztandu didan bezala. Eguneroko plazer txikiek eta olerkiek biziarazi naute orain arte, eta orain, zer?
Etxepare leunki gainean pausatu zait lizun, eta Joxe Azurmendi ez da gutxiago izan. Amaia eta Mikel Lasa ere bero etorri zaizkit, eta Jon Casenavek aitortu dit nitaz maitemindu dela. Oraino ez zait inor aitortu eta hunkitu egin naiz!
Tere Irastortzaren presentzia ausentziatik sentitu dut eta Xabier Montoiak loa galdu du nirekiko elkartasunez. Arrietak elur-maluta bakoitzeko oroitzapen bat ekarri dit, eta urruti dagoenaren hurbileko musu bustiak neure gorputzean sentitu
ditut. Bosgarren solairuko sabai zaharreko sagar usainak mozkorturik, kontent paratu nau, eta urruti dagoen horren oihartzun isil lotsati hori hurbildu zaidalarik, ene ohe gaineko gorputz biluzian haren musu bustiak sabaiko iluntasunean ikusten ditut oraindik.
Eta arrapaladan beste guztiak sartu zaizkit barrenean: Agirre, Olasagasti, Solbes, Setien, eta zergatik ez? Hitzik entzun ez zenidan txistu lotsati hori, neure bihotzean zaudela ohartu naiz. Eta bat-batean Tere, behin eta berriz dardaraka ene burmuinean. Mutu irakurri ditut poemok, batzuetan hotz, besteetan bero, hozbero askotan, Josu Landak amodioaz hitz egitea debekatu baitio Ainara honi, behingoagatik habia egitera ausart dadin. Eta aurkitu dut Otamendi, eta Barandiaranek neure flana probatu nahi omen du!
Sssh klack! Ene bihotza itxi dut batzuetan, ene maitea jelostu ez zedin. Itxaro Bordak erran dit bizitza badoala eta aprobetxatzeko aukerak, Patri Urkizuk deitzeko erraten badit, deitzeko eta kitto! Ez pentsatzeko gehiago maite ez nauen tipo horrengan. Omar Nabarrok alkoholizaturik utzi nau, eta eskerrak Tere berriro sartu zaidan barruraino, kontsolatzeko asmoz, hobe baita manta on bat amante txar bat baino.
Nigan daude denak goxo. Neure poro guztiek euren lurrina dute, orain ez naiz bakarrik oheratzen. Besarkaturik, babesturik sentitzen naiz zurekin, nirekin ez egon arren, maitea. Eta lasai negar egin dezaket, poeta ofizioa ez baita erraza, poesia odolezko izerdia dela erran baitit Sarrionandiak. Ados nago. Emakume independentea naiz, Estankona! Nire bular elurtuak zure eskuetan urtuz, maitea, hustu ginen bosgarren solairuan. Eta orain, zer, udaberrian? Zertarako bakarrik egon?
Negar eta barre egin dut denetariko poema-liburu honekin, maitasunak auskalo zein substantzia askatzen duelako, maitasuna da soilik azken batean estaltzen gaituena, Markuleta. Ni naiz lilia, zu poeta. Edo alderantziz? Edo biak?