Gezurrak Marina Suredari
MARINA SUREDAREN AMETS URRATUAK Joxe Belmente F. de Larrinoa Erein, 2009
«Adiskideen arteko laztan zuhur hura egin beharrean besarkada bat eman balio, batak bestearen gorputzaren usaina sentituz, ‘I-won’t-forget-you’ kriptiko hura esan beharrean ‘I-love-you’ garbi bat esan izan balu, euren arteko istorioa oso bestelakoa izango zatekeen». Baina Marina Sureda eta Fran Etxeberriak soilik begiradaz muxukatu zuten elkar. Biek irakurri zuten «maite zaitut» aurrean zituzten begietan. Hala ere ez zioten elkarri maitasunik aitortu. Marina Suredaren matrimonioa zen oztopoa, eta bere semea, Carlos. Fran-ek ere bazuen oztoporik, ezkutukoa izan arren. Honenbestez, «I won’t forget you» esan eta autotik irten zen Fran.
Hamalau urte igaro dira hori gertatu zenetik. Pertsonaiak 40 urteak gaindituak ditu. Urrun geratzen zaio Ibizako komuna batean bizi zela Tomeu Montaner, egun bere senarra dena ezagutu zueneko sasoia. Senargaia ezagutu zuenerako semeaz haurdun zegoen protagonista, eta Tomeu Montanerrek maitekiro onartu zuen beste baten umea bere semetzat. Ezkondu eta Mallorcara itzuli ziren biak, han jartzeko beren habia, Marinaren aitak, Cecili Suredak, desio zuen bezala.
Ezkontza hura ez da Marinak Ibizako garaietan pentsatu bezalakoa izan inoiz. Bizitza hutsa izan du, altzari baten gisa sentitzen da. Bizitzeko gogoa sentitu beharrak erabaki bat hartzera bultzatzen du Marina Sureda.
Fran Etxeberriren bila joatea erabakitzen du; jakiteko benetan maite izan ote zuen, jakiteko ea bere bizitza bestelakoa izango zen gau hartan «I love you» esan izan balio.
Ordura arteko bizitzatik ihesi, bizitza baten bila abiatzen da, beraz. Hain zuen ere, bidaia hori da Joxe Belmonte F. de Larrinoa bilbotarraren lehen eleberriaren mamia.
Hirugarren pertsonan kontatzen digu Belmonte F. de Larrinoak Marinaren kanpoko eta barruko bidaia, narratzailearen eta pertsonaien arteko distantzia zainduz. Horren adibide, pertsonaia guztiak izen eta abizenez aipatzeko joera harrigarria. Txalogarria da emakume baten larruan jarri eta bere barne mundua azaleratzeko egileak egin duen ahalegina. Erronka zaila zen arren, istorio sinesgarri bat osatzea lortu du.
Marina Suredak Fran-en helbidea gordetzen zuen memorian: «Rue Sorgintartea 13, Uztaritze». Hara joaten da. Baina han ez du Fran aurkitzen. Egungo Fran berak ezagutu zuen hura bera ote da? Ezagutu zuen Fran hura benetako Fran ote zen? Marinak erantzunak topatzen ditu, baina ez dira berak espero zituen erantzunak.
Mallorcako etxera itzultzen da. Hona hemen irakurleak liburu honen azken orrietara iristen denean topatzen duen amaiera. Baina hara non, istorioak jarraitu egiten du! Bigarren amaiera bat du. Amaiera horretan kontatzen denak Marinaren bizitza gezur bilakatzen du. Ez Marinaren bizitza bakarrik, liburua bera ere ezkutatutako gezurra izatera iristen da. Gezurra kontatu izan balidate bezala sentiarazi nau ni ere. Agian hori zen Belmonte F. de Larrinoaren xedea: irakurlea protagonistaren larruan sentiaraztea. Hala bada eskertzen dut bere ahalegina, baina nik nahiago dut lehenengo the end hori, sinesgarria zena. Ez dut gezurrik kontatuko. Irakurri eta egin zuk zure aukera.