• Idazle Eskola
  • Idazle Eskola 2021-2022
  • Ilunabar Literarioa Aretxabaletan
  • Idazle Eskola
  • Ilunabar Literarioa Aretxabaletan
  • Ilunabar Literarioa Ataunen 2008
  • Ilunabar Literarioa Senperen 2010
  • Idazle Eskola 2008
  • Oñatiko ibilbidea literarioa 2016
  • Luma berrien eleak
  • Luma berrien eleak
  • Luma berrien eleak
  • Idazle Eskola 2013-14
  
jon1a
IX. HIZTEGIA
 

Jarraian erroten munduan erabili izan diren eta galtzeko arriskuan dauden hitzen hiztegia biltzen da, berba bakoitzaren esanahia azalduz. Hitzak Zeanurin erabilitako moduan idatzi dira, eta kako artean era estandarizatuan. Zerrenda hau Ander Manterolaren Industrias tradicionales en Zeanuri (Bizkaia). Molineros ikerlanean agertzen den hiztegian oinarritzen da gehienbat.

Albaitza: kaltzetik andaparara soberan datorren ura kanporatzeko konportatxoa.

Alea: Garau gehiago edo gutxiago botatzeko txaramela (tornikete).

Altzabajea: Errotapean dagoen mahaia igo edo jaisteko palanka.

Andaparea (antepara): Kaltzetik datorren ura errotaren kontran biltzen duen depositua.

Anegea (anega): edukierako neurria, 92 libreko neurria.

Anegerdie (anegaerdia): edukierako neurria 46 libreko neurria.

Ardatza: Errotapeko gurpiletik gaineko errotarrira, ezpata bitartean dela, datorren habea. Haritzezkoa izaten da. Gaur egun Olabarrikoak burdinazkoak dira.

Arrana: Toberak samatik, iltze batetik zintzilik daukan egurra edo makila, garaua botatzeko eragiten duen dardararekin.

Artagaraue (artagaraua): artoaren garaua, alea.

Artoa: Artaburu horiak ematen dituen eta jatorriz Amerikakoa den labore hosto luzea (Zea mays). Honela deitzen da arto-irinarekin egindako ogia ere.

Artobirrine ( artobirrina): Arto-irina baino latzagoa, gehienetan ganaduarentzako ehotzen zena.

Artoharrie ( artoharria): Artoa ehotzeko errotarria.

Artourune edo (arto-irina): Artoa ehoz lortzen den irina. Opila edo taloa egiteko irina.

Artozorroa: Artoa eramateko zakua.

Askea ( aska): Urun-askea edo irin-aska ere deitua, errotarriak eho ahala jausten den irina hartzen duen egurrezko ontzia, lauki zuzen itxurakoa.

Azpiko harrie (azpiko harria): Errotan alea ehotzeko erabiltzen diren bi errotarrietatik beheko aldean eta geldirik dagoena.

Bahia (bahea): Irina eralkitzeko tresna. Lorozko saredun azpia duen tresna, irina garbitzeko erabiltzen dena.

Belekie: Garaua urreratzeko edo piloan batzeko erabiltzen den egurrezko aitzurra.

Bezerue (bezeroa): Zorroekin beti errota berera doana.

Bilboartoa: Saltzeko edo ehotzeko, Bilbotik ekartzen zen artoa, ganaduari emateko artoa izaten zen.

Birrin(ago): Finago edo xeheago ehotzea.

Birzahie (birzahia): Irinaren eta zahiaren bitartekoa.

Bolua: Gurpila edo errota. Errota ertzetan egon ohi zen errota mota zaharra. Boluntzibi izeneko toki bat dago Zeanurin.

Bufardea (burfarda): Harria pikatzeko erabiltzen den eta haginak dituen mailua.

Eiho (eho): Errotan garaua irindu edo birrindu.

Eralgi (eralki): Baheari nahiz galbaheari eraginez, irina garbitu. Galbahetu.

Errotapea: Gurpilak andaparatik behera datorren ura hartzen duten tokia. Errotarriak mugitzen dituzten gurpilak dauden tokia.

Errotarie (errotaria): Errotaren jabea, errotan lan egiten duena edo haren arduraduna.

Errotarrie (errotarria): Errotan alea ehotzeko erabiltzen den harri biribila, gurpilaren antzekoa.

Errotea ( errota): 1- Gari edo arto garauak ehotzeko harriak. 2- Eho egiten den etxe bera.

Errudea ( gurpila): Errotapean dagoen gurpila. Upetik datorren urak errudea edo gurpila bueltaka jartzen du eta honek aldi berean, ardatza eta ezpataren bitartez, gaineko errotarria martxan jartzen du. Gaur egun burdinazkoak badira, lehenagokoak egurrezkoak ziren.

Eskuparea: Irina hartzeko pala txikia. Lehenago urkizkoak ziren, geroago pagozkoak eta orain metalezkoak dira.

Estakaduria (estakadura): Urak ekartzen dituen sastarrak bertan pasatzen ez uzteko pagozko edo alkazizko listoiekin egindako hesia, normalean kaltzean edo antepararen sarreran jartzen dena.

Estraperloa: Gerra zibilaren garaian eta gerra ostean egiten zen legez kanpoko salerosketa, bereziki lehen mailako produktuekin, eta erroten kasuan irinarekin.

Etxeartoa: Etxean bertan hartzen den artoa.

Ezpatea (ezpata): Ardatza eta muserearen bitartean dagoen burdin estua. Honek erabiltzen du bueltaka gaineko harria.

Galbahia ( galbahea): Arto gari edo beste labore batzuen garaua garbitzeko bahe xehea.

Galbahitu ( galbahetu): Galbahetik igaro.

Galbekoa: Gari faltsua. Gariarekin batera ehotzean, irina beltz jartzen du eta mingostu egiten du. Ikusi pautse.

Galbotza: Gariak azal-azalean daukan mokoa.

Ganaza: Kaltzetik gainezka datorren ura ganazatik jausten da errekara. Batzuetan bi izaten dira, goikoa eta behekoa.

Ganeko harrie (gaineko harria): Errotan alea ehotzeko erabiltzen diren bi errotarrietatik goiko aldean dagoena eta biraka ibiltzen dena.

Garaue (garaua): alea.

Garie (garia): Gramineoen familiako eta Triticum generoko landare belarkara eta urterokoen izen arrunta. Gari garauak azaletik mamira hau dauka: Azal-azalean galbotza, barrurago zahia, gero birzahia, gero tremesa, eta azken baten irina.

Garigaraue (garigaraua): gari alea.

Gariharrie (gariharria): Garia ehotzeko errotarria.

Garizorroa: Gariz betetako zakua.

Giltzia (giltzea): urari bidea emateko edo ixteko pasoa. Konportako giltza, edo andaperako giltza izan daiteke.

Guardapolboa: Errotarriak estaltzeko egurrezko kutxa.

Hareharrie (hareharria): Bere osagaien artean bereziki harea ugari duen harri-mota hori eta biguna.
 
Hareharrizko errotarriak artoa ehotzeko erabiltzen ziren: “artoharriak hareharrizkoak dira”.

Harrie (harria): Errotarria aipatzeko ere erabiltzen den izena.

Harrigorrie ( harrigorria): Zorroak markatzeko erabiltzen zen buztin gogorra.

Herriartoa: Herrietan, inguruko baserrietan hartzen den artoa.

Hozkak: 1. Errotarrietan egin diren kanaltxoak. Pikea eta trintxantearekin sakondu eta garbitzen dira. 2. Errotapeko gurpilak dituen katiluak, urak bertan jotzen du gurpila mugiaraziz.

Kaltzea: Errekatik anteparara edo presapetik errekara doan ubidea.

Kanpoartoa: Bertakoa ez den artoa. Itsasontzietan Amerikatik datorrena.

Katea: Upeari edo txifloiari ahoa zabaldu eta errota martxan jartzeko katea.

Konportea (konporta): Ikusi ponportea.

Korromenta: Errotan doan ura, era informalean aipatzeko hitza.

Kostala: 100 edo 80 kiloko zorro handia.

Kuartea: 23 libreko neurria.

Labigerra: Labean igartutako edo sikatutako artagarauak. Ogiak egin eta gero labean sartzen dira artaburuak, bizkor sikatzeko, eta hemendik ateratako artagaraua da labigerra.

Larakoa: Burdinazko buloiak, alboetan sartu eta gaineko harria altxatzeko.

Liberdi (libra-erdi): Errotetan erabili izan den pisu-unitatea, libra baten erdia, 244 gramo.

Libria (libra): Errotetan gehien erabili izan den pisu-unitatea. Kilo-erdi eskas, 488 gramo.

Linpia: Garia garbitzeko makina.

Mahaie (mahaia): Errotapean, barren-barrenean eta ia lur gainean dagoen haritzezko haga. Hau jasoz gero, altzabajearen bidez, gurpila, ardatza, ezpatea eta gaineko harria jaso egiten dira eta errota bizkorra ibiltzen da. Jaitsiz gero, ostera,  astiroago.

Mendea: Ehotzeagatik bezeroari kobratzen zaiona, normalean zorroari ehuneko bat kentzen zaio, normalean %10 kentzen da. Gaur egun Olabarrin, Ana Mari Pujanak %15eko mendea kentzen du.

Mermea: Artagarauak edo garigarauak ehotzean galtzen duena. Normalean artoak %5 galtzen omen du.

Muserea: Ardatzetik datorren ezpatak egurrezko sama lodi bat dauka, kojinete baten antzera. Gaineko harriaren erdiko zuloan sartzen da eta han ziekin gogortu eta estutu.

Ogiurune : Gariak ematen duen irina.

Ontzea (ontza): Errotan erabiltzen den pisu-unitate txikiena. 28,70 gramo. Euskal Herrian librak hamazazpi ontza ditu.

Opile (opila): 1. Artoaz eginiko ogi txikia. 2. Errotapeko mahaian sartzen den zulodun burdin zatia. Zulo horretan sartzen da oinean daukan txoria. Oraingoak brontzezkoak dira, lehenagokoak, ordea, burdinazkoak.

Oreatu: Artaberdea ehotzen denean orea egiten da errotarrien bitartean. Ez dute ehotzen, honegatik altxatu eta garbitu egin behar dira. Harria oreatu esaten da.

Parea (para): ikusi eskuparea, urunparea.

Pautse: Gari faltsua. Gariarekin batera ehotzean, irina beltz jartzen da eta mingostu egiten du. Ikusi galbekoa.

Peskantea: Gaineko harria altxatzeko besoa. Lehenago eskuz eta palankaz altxatzen ziren.

Pikadea: Harriak pikatzeko ekintza.

Pikau (pikatu): mailu ezberdinak erabiliz errotarriak zorroztu.

Pikia: Harria pikatzeko mailu zorrotza.

Pixetu (pisatu): Balantza edo antzeko tresna batez baliatuz, kasu honetan zorroen pisua zehaztu.

Pixue (pisua): 1.Zorroak pisatzeko tresna. 2. Zorro batek daukan astuntasuna.

Ponportea (konporta): Presak gelditu duen urari bidea emateko edo bidea zarratzeko atea. Ate hau giltzarekin altxatu edo jeitsi egiten da.

Presaganea (presagaina): presaren gaineko edo goiko aldea.

Presapea: Presaren beheko aldea.

Presea (presa): Ibaietan ura biltzeko alderdi batetik bestera egiten den hormatzarra edo eraikin sendoa. Harri landuarekin egindakoa gehien bat.

Samea (sama): Toberaren edo teborearen azpian, han zintzilik dagoen aska txikia. Albo baten iltze txiki bat edukitzen du eta bertan jartzen da arrana. Samatik, arranaren eraginez, garaua apurka-apurka jausten da errotarrira.

Sarea: Andapararen sarea. Ikusi estakaduria.

Talourune (talo-irina): Arto-irin fin-fina, taloak egiteko erabiltzen dena.

Toberea edo teborea (tobera): Ahopez dagoen tronko-piramide itxurako egurrezko kutxa, galbahetua izan ondoren eho behar den garaua hartzen duena. Bere erdi ingurutik horizontalki zeharkatzen du egurrezko ardatz baten besoak eta hemendik zintzilik egoten da tobera.

Tremesa: Irina eta zahiren bitarteko irin mota.

Trintxantea: Aizkora bezalako aho biko pikea. Errotarriak dauzkan hozken ertzak sakontzeko erabiltzen da.

Turtujoia: Gurpila edo errudea. Errotapean dagoen gurpila. Upetik datorren urak  gurpila biraka jartzen du eta honek aldi berean, ardatza eta ezpataren bitartez, gaineko errotarria martxan jartzen du. Gaur egun burdinazkoak badira, lehenagokoak egurrezkoak ziren.

Txifloia: Andaparatik datorren ura gurpilera bideratzen duen  hoditzar edo kanoia, itxi eta zabaldu egin daitekeen burdinazko aho batean amaitzen dena. Oraingoak burdinazkoak dira, lehenagokoak zati bi
 
zituzten: bata, zabala, pagozkoa, uztaiekin estututa; bestea, burdinazko tutua, zabaletik estura zihoana. Ikusi upia.

Txiline (txilina): Toberapeko saman, garau artean sartzen da. Sama beterik dagoen artean, txilina mutu. Garaua urritzen ari denean mihia libratu egiten zaio eta jausten hasten da. Errotariari deitzeko funtzioa betetzen du.

Txorie (txoria): Ardatzaren oin-oinean sartuta dagoen punta. Brontzezko kubotxo bat da, aurrez aurreko bi aurpegitan kono antzeko puntak dituena, kuboak eta bi punta horiek brontzezko gorputz bera osatuz. Txoria mahaiko opilean sartzen da. Ikusi opile.

Txorromenta: Errotarritik askara doana.

Txuntxurre: Samaren punta. Handik jausten da garaua. Traputxo batekin ixten zen.

Upia (upea): Andaparatik datorren ura gurpilera bideratzen duen  hoditzar edo kanoia, itxi eta zabaldu egin daitekeen burdinazko aho batean amaitzen dena. Oraingoak burdinazkoak dira, lehenagokoak zati
bi zituen: bata, zabala, pagozkoa, uztaiekin estututa; bestea, burdinazko tutua, zabaletik estura zihoana. Ikusi txifloia.

Uragea: Egurrezko makila zerrajea zabaldu edo ixteko erabiltzen den egurrezko makila. Urageari gora tiratuz txifloitik ura aterako da, eta ugarea barrurantz sartuz, txiflitik ez da urik irtengo.

Urnarraz: Andaparako urak aprobetxatzeko, gurpila presio gutxirekin ibiltzea da.

Urunaskea (irin-aska): Errotarriak eho ahala jausten den irina hartzen duen egurrezko ontzia, lauki zuzen itxurakoa. Ikusi askea.

Urune (irina): Ehotakoa. Laboreen alea ehoz ateratzen den hauts-modukoa elikagaiak egiteko edo janariak prestatzeko erabiltzen dena.

Urunparea (irin-para): Irina hartzeko edo zakuetara botatzeko erabiltzen den para.

Urunzorroa (irin-zorroa): irinez betetako zakua.

Urutue: Goragoko errota batek botatzen duen ur-kolpea.

Uztaie: Errotarria inguratzen duen burdinazko aroa. Haguna.

Zahie (zahia): Eho ondoren irinarekin nahasturik geratzen den ale-azal xehatua.

Zakue (zakua): Arpileraz, oihalez, paperez edo beste hainbat materialez egindako zorro-antzeko gehienetan handia eta lauki-zuzen formakoa, eskulekurik gabea eta muturra tolestuz edo lokarriz ixten zaiona. Kasu honetan garauak eta irina gordetzeko eta garraiatzeko erabiltzen da.

Zakutoa: Zorro txikia, zakua baino txikiagoa, bereziki bizkarrean zintzilik eramaten dena.

Zelemiñe: Hamaika libra eta erdiko neurria.

Zerrajea: Uraren pasoa zabaldu edo ixteko burdinazko tapa. Zerrajatik gora uragera zihoan errotaraino.

Ziek (ziriak): Ardatzean, ezpataren kontra-kontran sartzen diren ziriak dira.

Zorroa: Errotara eramaten den zakuto betea. Irin-zorroa, arto-zorroa.
    botoia1

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago