X. KONKLUSIOAK
Argi dago lur ekonomian oinarritutako gizartean errotek izan zuten lehen mailako garrantzia galdu egin dutela gaur egungo gizarte industrialean edo postindustrialean. Errotatik ezin da inor bizi XXI. mendeko Euskal Herrian.
Ikerketan zehar ikusten denez, XX. mendearen erdirantz erroten agonia hasi zen eta duela berrogei urte Zeanurin hamaika errota lanean bazeuden, 1979an hiruk bakarrik ehotzen zuten, euretako bik etxerako. Gaur egun, Olabarriko eta Ibargutxiko errotarriek soilik ematen dituzte birak, eta gehienbat era testimonialean eta arrazoi sentimentalengatik. Egoera horren erdian, errota gehienak hondatuta daude, eta bertan behera utzita ez badaude egitura hidraulikoa eta makinaria galdu egin dute. Zeanurin lau bakarrik dira baldintza egokietan mantentzen direnak: Ibargutxi eta Olabarri, guztiz berriztatuta daudenak, eta Errotabarri eta Lanbreabe, baldintza nahiko onetan daudenak eta etorkizun hurbilean zaharberrituko direnak.
Bestalde, jadanik Zeanurin ez dago inor errotan lan egitetik bizi izan denik, azken errotaria Benigno Pujana izan zen eta 1995ean hil zen. Errotarien emazteak edo seme-alabak ematen duten testigantza bakar-bakarrik daukagu. Beraz, errotarien desagerpenarekin, lanbidea ezezik bizitzeko era bat, ohitura batzuk, tradizioak, mitoak eta, oro har, bizitza ulertzeko era bat ere desagertuko da.
Errotak gure ondare historiko-kulturalaren osagai garrantzitsu bat izanik, eta hainbat hondatuta aurkitzen direla eta beste asko hondatzeko bidean daudela aintzat hartuz, zein izan daiteke egoera honi eman ahal zaion irtenbidea? Hiru proposamen egiten dira ikerketa honetan:
1- Gure herrietako ondare historiko-kulturalaren elementu interesgarri moduan, errotak zaharberritzea, eta baliabide kultural eta turistiko moduan erabiltzea. Egokitutako errota horiek bisitariak hartzeko eta errotagintzaren gorabeherak ezagutzera emateko aukera eskainiko lukete; aldi berean, jabeek bisitagatik zertxobait kobratuz, asko ez bada ere, diru-sarrera osagarriak lor ditzakete. Hau da Olabarriko errotaren kasuan hartu den bidea, errotaren instalazioak zaharberritu egin dira, eta bide batez Gorbeialdeko eta Zeanuriko osagai kultural eta turistiko moduan erakusten da. Horrez gainera, Olabarrin artoa ehotzen jarraitzen da eta arto-irina saltzen da.
2- Errotetan ehotako irinaz baliatuz artisau erako ogia ekoiztea. Lehenengo proposamenean aipatu den bezala errota ondare historiko-kulturalaren osagai interesgarri moduan zaharberritu eta bisitak hartzeko gune interesgarria izan daiteke, baina aldi berean, bertan ehotzen den irina aprobetxatuz, artisau erako ogia egitera dedika daitezke errotako jabeak. Arratia eta inguruko herri batzuetan, adibidez Diman edo Orozkon, baserri batzuk etxeko ogia egin eta saltzen dute asteburuetan, hau izan daiteke errotetan jarrai daitekeen beste aukera bat, era horreetan diru sarrerak gehiago dibertsifikatuko lirateke, irabaziak handitzeko aukera zabalduz.
3- Errota hauek duten egitura hidraulikoa aprobetxatuz argindarra ekoizteko zentral bihurtzea. Generadore bat aplikatuz energia elektrikoa ekoiz daiteke, etxeko kontsumorako zein enpresa elektrikoei energia saltzeko. Era honetan, errota kontserbatzeaz gain, etxerako elektrizitatearen beharrizanei erantzuten zaie eta soberan dagoen argindarra salduz, jabeek onurak atera ditzakete.
Ibargutxiko errotan etxerako argia ekoitzen dute, eta aurrerantzean argindarra ekoizteko egitura hobetzeko gogoa dute. Olabarriko errotaren kasuan, etorkizunera begira, eta olaren zaharberritze lanak amaitu ondoren, Fermin Pujanak kontuan hartzen duen posibilitate bat generadore baten bitartez argindarra ekoiztearena da. Gauza bera egin nahi dute Lanbreabeko errotan.
Era honetako interbentzioak egiteak zera suposatzen du: alde batetik, jabeen kontzientziazioa eta errotarekiko zaletasuna; bestetik, diru inbertsio handiak egitea. Horregatik, nahitaezkoa da erakunde publikoek errotak zaharberritzeko lanekiko sensibilitatea erakustea eta diru laguntzak ematea.
Azkenik, lagungarria izan daiteke Euskal Herri mailan erroten aldeko elkarteak edo elkarte bat sortzea; Europan zehar – Frantzian, Portugalen, Ingalaterran eta abar - errotak kontserbatzearen aldeko lana egiten duten elkarte pribatuak daude. Elkarte horiek laguntza eta aholkularitza ematen dute ondare teknikoa, artistikoa eta kulturala babesteko eta kontserbatzeko; horrez gainera, izaera teknikoa, kulturala, folklorikoa eta turistikoa duten jardunaldiak antolatu, eta errotaren inguruko ikerketak, liburuak eta informazio ezberdinak argitaratzen dituzte. Hego Euskal Herrian era honetako elkarterik ez badago ere, Ipar Euskal Herrian Ardatza-Arroudet amis des moulines (http://moulins64.free.fr) dago; Pirineo-Atlantikoetako elkartea da, Ipar Euskal Herriko eta Bearneko hirurogei elkarkidek osatzen dutena, euretako berrogei erroten jabeak. 2004ko martxoaren 20an elkarte honetako berrogeiren bat elkarkidek, Olabarriko errota bisitatu zuten. Fermin Pujana, Olabarriko errotaren jabea, Ardatz-Arroude-eko kidea da.