Errota, bolua, eihera, eiara, eihara, igara, ihara, egira, ehotegi izen hauek guztiak, beste batzuen artean, alea ehotzeko tresna edo mekanismoa adierazten dute. Harluxet hiztegi entziklopedikoak dioena jarraituz errota zera da: “alea ehotzeko tresna, harri higigaitz batez eta haizeak edo urak birarazten duen beste harri batez osatua”.
Etimologia aztertuz, bizkaieraz errota izendatzeko sarritan erabili den bolu hitza, latineko mola —errotarria— hitzetik dator; adierazpen hau oraindino euskarazko hainbat izenetan azaltzen da: Bolue, Bolibar, Bolinaga, Bolinkona, Bolontzibi —Zeanuriko baserri baten izena—, eta abar.
Errota hitza ere latineko rota —gurpila— hitzetik dator, eta bere presentzia hainbat euskal izenetan aurki daiteke: Roteta edo Erroteta, Rotaetxe edo Errotaetxe, Errotabarri... Manuel de Lekuonaren arabera, hitz horiek Euskal Herriaren goizetiko erromanizazioaren adierazle dira, eta latinetik gaztelerako formetara —rueda rotatik eta muela molatik— eratorritakoak baino lehenagokoak dira.
Errotak euskal gizartean izan duen garrantziak mitologian ere badu bere isla. Jose Migel Barandiaranek bildutako kontaketen arabera, gizakiak maltzurkeriaz lapurtu zion Basajaunari errotaren ardatzaren sekretua: “Sarako kontaketa batek dioenez San Martinen errotaren ardatza haritzezkoa zen eta erre egiten zenez ez zuen lanerako balio. Basajaunaren errotarenak, ordea, asko irauten zuen. Mezularia bidali zuen San Martinek eta hark nagusiaren errota eten gabe lan egiten zuela jakinarazi zion Basajaunari. “Haltzezko ardatza jarri duela esan nahi du horrek”, komentatu zuen Basajaunak. “Jarriko dio” erantzun zion mezulariak, eta horrela San Martinikoren maltzurkeriari esker mundu osoko gizonek bere onerako erabili izan zituzten errotak”.
Esan daiteke errota, historia luzea, sakona eta aberatsa ezagutu duen mekanismo bat dela, eta, zorionez, oraindino gaur egun euretako batzuk biziraun egiten dute.