Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Jateko modukoa

7K1378Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Gaztea da Aiala, ez altua eta ezta txikia ere. Azal zurikoa da, ia albinoa eta pekaz betea. Ile luze kizkurra dauka, eta tatuajeak, eta piercing bana titiburuetan. Beltzez janzten da normalea, eta nahiago ditu motxilak poltsak baino. Gorroto ditu emakumeen poltsikorik gabeko prakak. Lotsatia da, baina autoestimu baxua ez du sekula oztopo izan mundua jaterako orduan. Jateko modukoa dela dio amonak, munduko neskarik politena. Sinetsi beharko, inbidia dieten emakumeek itsusi sentiarazten duten arren.

Antsok ere osorik jango luke Aiala, baina beste zentzu batean. Neskaren adin berekoa da, edo asko jota bera baino urtebete edo bi zaharragoa edo gazteagoa. Ederra da, iraganean modelo izandakoa. Sarritan joaten da kiroldegira, osasuna zaindu eta sare sozialetara giharren argazkiak igo ahal izateko. Minbiziaren aurkako terapia berritzaile baten inguruko doktore tesia egin zuen bere garaian, eta beka bat lortu berri du, lideratzen duen ikerketa taldearekin batera emaitza onak izan ditu eta. Zientzialari gazteek kostata lortzen dute oihartzuna jendartean, zientzia aldizkari garrantzitsuenetan argitaratu eta komunikabideetan elkarrizketatuak izateaz gain. Antsok lortu du, nolabait. Nobel sari bat merezi duela esan dute gaur irratian, txantxetan.

Musika da mutilaren pasio nagusia, zientziarekin batera. Rock banda ezagun baten abeslaria eta gitarra nagusia da, txosna, taberna, irrati edo erreprodukzio zerrenda orotan aurki daitekeen horietako batena. Berak idazten ditu taldearen abesti gehienak, eta maitasuna, giza eskubideak eta gerren amaiera dira gehien lantzen dituen gaiak. Jarraitzaile ugari ditu bandak, eta ohikoa da agertokiak bete edota zaleek argazkiak eskatzea.

Gertuko herri bateko jaietan jo zuenean deskubritu zuen Aialak Antso. Ezagutzen zuen taldea, baina are gehiago piztu zitzaion harekiko interesa zuzenean ikusi ostean. Zaila zen, baina, hainbeste jarraitzaileren artean bandako kideengana hurbiltzea, behin eta berriz saiatu arren. Antso zen bandako izarra, argi zegoen. Aialak bazekien mutila ikerlaria ere bazela, eta bere argitalpenak irakurtzeari ekin zion hurrengo egunetan.

Bandaren kontzertu guztietara joaten saiatzen zen neska, zaila izan arren. Lantokitik gertu antolatutako konferentzia sorta batean eman zuen izena, eta asko poztu zen Antsoren ikerketa taldea hitzaldi bat ematera gonbidatu zutela deskubritu zuenean. Antso zen izar bakarra, berriz, eta bera arduratu zen argitaratutako azken artikuluaren inguruan mintzatzeaz. Galdera bat bota zion Aialak bukaera aldera, zalantza bat argitu nahian. Jasotzeko ordua iritsi zenean, ostera, zientzialari guztiek egin nahi izan zuten berba berarekin. Antsok, baina, pertsona bakarra zeukan buruan: Aiala bera. Izen handiko ikerlariez paso egin eta neskarengana hurbildu zen.

– Galdera interesgarria zurea –esan zion–. Zu bezalakoa izan nintzen garai batean. Segi horrela nire modukoa izan nahi baduzu.

Inoiz baino zoriontsuago sentitu zen Aiala. Hainbeste miresten zuen idoloa animatzen ari zitzaion, azken finean. Afaltzera gonbidatu zuen mutilak. Koktel garesti bat eskaini zion postrearen ostean, eta alkoholdun edaririk ez zuela edaten azaldu behar izan zion. Plazer bat izan zen berarentzat, dena dela, Antsorekin bakarka hitz egiteko aukera. Musika kaskarra jartzeko ohitura zuen taberna batera joan ziren ondoren, dantzatzera. Antsoren zaleek inbidiaz begiratzen zioten Aialari. Hotelera itzultzea baino, nahiago izan zuen mutilak neskaren etxera joatea, bakarrik egongo zirela aprobetxatuz. Ohe bat prestatu zuen Aialak Antsorentzat bere logelan bertan, eta etzan orduko lokartu ziren biak.

Esnatu zenean, baina, lurrean zeukan pijama Aialak, ez gorputzean. Biluzik zegoen, eta izerdi patsetan. Gainean zeukan Antso, bera ere biluzik. Gorputz osoa musukatzen ari zitzaion, eta tarteka titiak ukitzen. Aluaren ondoan sentitu zuen Antsoren zakil gogorra, baina ez zuen aurrera egin, zorionez

– Gustuko duzu? –galdetu zion mutilak.

– Bai –erantzun zion Aialak gezurretan.

– Jarraitzea nahi duzu edo gelditu egingo naiz?

– Jarrai dezazun nahi dut –berriz ere gezurra.

Aialak ez zuen ez beldurrik eta ez ezerosotasunik sentitu. Bi orgasmo izan zituen, gainera, eta momentua aprobetxatzea erabaki zuen. Antsorekin txortan egitea fantasia sexualtzat zeukaten hainbat pertsona ezagutzen zituen, eta pribilegiatu sentitu zen, alde batetik. Bestalde, baina, Antso geldirik egon zedin nahi zuen. Gertatzen ari zena oker zegoela konturatu zen, eta malko batek egin zion ihes.

– Ez egin negarrik, mesedez, errudun sentiarazten nauzu eta –kexatu zen Antso.

Di-da batean jantzi zen mutila hazia Aialaren gainean isuri ostean. Gosaltzeko zerbait nahi zuen galdetu zion neskak, eta ezetz erantzun zion. Mutu geratu zen Aiala. Ezer esan gabe alde egin zuen Antsok bere etxetik, eta trapu zahar bat bezala sentiarazi zuen.

 

Idazleari buruz...

Maider Triviño Madinabeitia. Neurozientzialaria, informatikaria eta irakaslea. Bergarako Idazle Eskolako ikaslea eta euskaltzalea. Narratiba eta poesia idazlea.

Hamar urte pasatu dira. Emakumeen aurkako biolentziaren inguruko eleberri bat argitaratu du Antsok, eta milaka ale saldu, biktima berriak bilatu bitartean. Aialak bere buruaz beste egin du gaur.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago