Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Heriotza hegoekin

7k1336Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Gau hartan nola sentitu zen marrazteko eskatu diot. Arkatza zurruntasunez eta modu indartsuan hartu du. Dar-dar egiten dio eskuak trazu zuzen eta jarraia marrazteko lehian. Inertziaz kolore hotzak aukeratu ditu. Ez naiz oso ona marrazten...

- Saia zaitez zure barne-munduarekin konektatzen. Edozer dela ere, ongi dago.

- Ondo da.

Orri zuriaren erdi-erdian, korapilatutako soka bat marraztu du. Bularraldean maiz sentitzen duen sentsazio desatseginak hala behartuta akaso...

- Honaino iris naiteke. Hitzen bidez hobeki moldatzen naiz.

- Ederki. Kontatu iezadazu ba gau hartakoa.

Aizkora bezain zorrotz sentitzen ditut egun hartako bere hitzak. Heriotza gertu ikusi nuenean erreakzionatu nuen. Ordura arte, ez ziren hain ohikoak bion arteko istilu eta tirabirak. Lehen urteak zoragarriak izan ziren. Ipuinetako istorioen gisakoak. Elkar maite genuen. Pixkanaka, ordea, infernua bilakatu zen nire egunerokoa. “Utzi zure mugikorra, nork deitu dizu? Nora zoaz horrela jantzita?”

Egunetik egunera handiagoa zen bere alboan bizi nuen gurutze-bidea. Goizero jaiki eta beldurra zen gosarirako nuen osagai nagusia. Atetik sartzen zen bakoitzeko hankak airean nituen.

Otsailaren 11 hartakoa ezberdina izan zen. Bere ukondoa nire masailezurrean nabaritu nuenean, amaiera zela ohartu nintzen. Atsekabez makurtu nintzen lurrera. Bertan baino ez nuen ikusi beharrezko nuen besarkada.

Erabat bakarrik geratu nintzela jabetzean, hor hasi zen joko arriskutsuena. Janaria alboratu nuen eta 45 kilo pisatzera iritsi nintzen. Autoestima suntsituta nuen, duintasun izpirik gabe utzi ninduen.

Eskerrak eman beharko nizkiokeela ere sentitu izan dut. Izan ere, bakarrik geratzen bazara zer egingo duzu? Hau esatean, amorrua lotsarekin nahasita sentitzen dut. Mina ere bai. Horren nahasita non jada ez dakidan nor den nire benetako etsaia.

- Zure gorputzak, Salma, hitz egin dizu. Ez diozu entzuten eta orduan garrasi egin dizu.

- Bai, halaxe da. Gero eta okerrago sentiarazten nauen ondoeza nabari dut. Digestio- arazoak ditut, lo egiteko zailtasunak, ilea erortzen hasi zait...

-Biolentziaren biktima zarela onartzea oso prozesu zaila da.

Tira. Zure gorputza eta emozioak elkarri lotzen ahaleginduko gara. Ariketatxo bat egingo dugu.

Prest zaude? Eseri ondo, hankak gurutzatu gabe, oinak lurrean jarri, bizkarra aulkian zuzen jarri eta besoak hanken gainean jarri. Begiak poliki-poliki itxi.

Arnasa suabe eta sakon hartzen hasiko gara. Sudurretik hartu eta ahotik bota lasai-lasai. Irudikatu ezazu itsas paisaia bat. Hauteman itsasoko olatuen indarra. Has zaitez oinez itsasorantz. Uraren joan-etorriak eraginda ikusi nola sortzen diren hitzak hondarraren gainean. Hitz eta esaldi bakoitzak zugan zein emozio sortzen duen senti ezazu.

1- Nire balioa infinitua da.

2- Maitasuna naiz.

3- Onena merezi dut.

4.- Sinetsarazi didatena baino askoz gehiago balio dut.

Urak ezabatu egiten ditu hitz horiek, baina ezabatu aurretik zeure buruari esaldi horiek esatea nahiko nuke. Arnasa hartu poliki eta bota. Bizpahiru aldiz jarraian.

Orain urrundu zaitez pixkanaka ur-ertzetik. Hondarretan aurki ezazu lekutxo bat. Eser zaitez bertan. Eguzkiak har dezala goxotasunez zure gorputza. Segi arnasa hartzen. Eguzki-izpi horiek zure gorputzeko atal bakoitza ukitzen duten bitartean, sentitu errepikatu duzun esaldi bakoitzaren oihartzuna erraietan eta gorde itzazu ongi altxor baten gisan.

- Nahi duzunean, ireki ditzakezu begiak, Salma. Begiratu ispilura.

(negar-zotinka ispilua esku artean hartu du...)

- Ez dut neure burua ezagutzen. Noraino iritsi naiz? Zergatik?

- Zer geratzen zaizu zutaz ahazten zarenean, erasotzaile bati eusteko?

-...

- Badakizu zer? Ez zara inoiz erabat galtzen. Segur aski, hauxe izango da gaur jasoko duzun mezurik indartsuena. Zure betazal erorien atzean, beti dago zure zati bat, salba zaitzakeena. Saia zaitez irekitzen asko kostatuko bada ere. Oraindik arnasten duzun bizitzaren hatsa senti ezazu zure baitan. Hor dago, ikusgarri izateko zain.

Zentratu bizitzen ari zaren errealitate horretan, inoiz ez da berandu.

Prest zaude bide honi ekiteko?

- Ez dakit gai izango naizen...

- Hemen egoteagatik bakarrik, oso kementsua zara, Salma!

(begirada galdua zuen Salmak...)

“Zerurantz hegan egin nahi nuke, izan ditudan egun mingotsak ahaztu eta bertan betiko irribarre egin. Bakarrik baina aske izango naizen leku bakarrean”.

Ekainaren 16a. Beste saio baterako hitzordua du Salmak. Ez da agertu.

 

Idazleari buruz...

Ainitze Arretxe naiz, 31 urteko emakumea. Atsegin ditut hitzez komunikatzea erraietan gordeta ditugun pentsamendu eta emozio sakonenak. Ingurua eta ingurukoak emozioen bidez dantzarazteak asetzen nau. Izan ere, horixe da pertsonon benetako esentzia.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago