• Idazle Eskola
  • Idazle Eskola 2021-2022
  • Ilunabar Literarioa Aretxabaletan
  • Idazle Eskola
  • Ilunabar Literarioa Aretxabaletan
  • Ilunabar Literarioa Ataunen 2008
  • Ilunabar Literarioa Senperen 2010
  • Idazle Eskola 2008
  • Oñatiko ibilbidea literarioa 2016
  • Luma berrien eleak
  • Luma berrien eleak
  • Luma berrien eleak
  • Idazle Eskola 2013-14
micro1.gif
       
 {play}odriozola.mp3{/play}        
hondartza.gif        
  HONDARTZA ETA WHISKYA
 
2007ko IDAZLE ESKOLAko BEKAn saritua  (Literatura alorrean)

Iñaki Odriozola
 
 Hondartza eta whiskya

Bi Aktore eta 6 pertsonaia daude. Mutilak 4 pertsonaia egin behar ditu, neskak bi.
Pertsonaiak


             Virginia                    Mike                        Rosa
    Joseph                    Ernst                        Iñaki


1. Eszena

(Hondartza batean, iluntzean, bikotea. Etxea dute atzealdean, argiak ikusten dira. Virginia eta Ernst hamaketan eserita daude. Emakumeak orriak eta boligrafoa ditu eskuetan.)  (Gogo txarrez jaikitzen da.)

Virginia.- Jakin dezazun, idatzitako guztia apurtu egin dut.

Ernst.- Bada, joan zaitez afaria prestatzera. Horrela zerbait baliagarria egingo duzu
                 behintzat.

Virginia.- Hara bestea. Zuk ez zenuen ezer apurtuko ez duzu ezer idatzi eta.

Ernst.- Bai, baina ni ez naiz kexatzen.

Virginia.- Ez, ez eta afaririk prestatzen ere.

                    Zuk egiten duzun bakarra besteak izorratzea da.

Ernst.- Eh, aizu! Ni isilik nengoen eta zuk esan didazu, atzo bezala, dena apurtu   duzula.

Virginia.- Ikusten? Izorratzen ari zara. Nik ez dizut esan dena apurtu dudala atzo
                  bezala, atzo ere dena apurtu nuen, baina hori zuk erantsi duzu.

                    (Virginia urrutiratu egiten da, etxerantz)


Virginia.- (Bere buruari) Ez zait ezer ateratzen. Ezin dut idatzi.
                   Kaka zaharra. Ahiturik nago. Burua hustu zait.-

                    (Ernsti) Eta afaria prestatuko dizu zure amatxo maiteak!

Ernst.- Ez zaitez horrela jarri, emakumea.
                Zergatik ez duzu drogeria bat irekitzen? Agian zoriontsuagoa izango zara.

                (Urrutitik Virginiaren ahotsa entzuten da)

Virginia.- Bada, Zoriontsu ezingo naiz izan, zu hurbilean bazaitut, ez eta kamarera
                  izanda ere.

Ernst.- Ez da ideia txarra, kamarera izatea, ez. Horrela neka-neka eginda helduko  zara  etxera, eta ez zara ezer idazten                            saiatuko.

Virginia.- Deabrukumea zara, alu hori!

 -Ikusten nauzu estuturik, nire komedia hori ezin idatzita, eta gainera barre egiten didazu. Zurea da erru bakarra. Zeuk esan zenidan idazle izateko. Ni aktorea naiz, ez idazlea. Eta orain, lagundu beharrean hondoratu egiten nauzu. Zure izaera nazkagarria da.

Ernst.- Zergatik ez zara joaten New Yorkera?
                 Han inspira zaitezke.-
                Zumardi handiak, mota askotako jendea, Zentral Park, zure lagunen batzuk ere han izango dira...Jakeline, edo                                 Joseph...ezta?

Virginia.- Eta zu, Zergatik ez zara joaten infernu zulora?

                    (Virginia agertzen da zerbait jaten)

Virginia.- Badakizu zer gertatzen zaizun?
                    -Jadanik ez zarela ezer idazteko kapaz, eta ni lanean ikusteak erre egiten zaituela, horixe besterik ez.

                    (isiltasuna)

Virginia.- Niri behintzat enkargu hau eman zidaten, orain sei hilabete. Zutaz,  ordea,  denak ahaztu dira.
                 Hor zaude, Idazle handia. Hamakari lotua. Whiskiari lotua. Eta denak  zutaz ahaztu dira. Denak!

Ernst.- Egin zaunka niri, egin zaunka asko, horrek komedia bukatzen lagunduko dizu eta; edo ez, baina horrela barrena hustuko             duzu behintzat.

Virginia.- Oraingoan asmatu dut, ezta?
              Horrek min egin dizu. Bada, egia delako.

Ernst.- Egia da aktoresa ona zarela, edo zinela, baina idazle bezala oraindik ez zarahasi ere egin. Ez dakizu egoera zure alde                 jartzen. Niri esandakoak  idatziko bazenitu, gutxienez lau orri gaur arratsalderako.
                 Bihar grabadora jarriko dut. Ikusten nola zu laguntzeko asmotan nabilen?

Virginia.- Zure laguntzarekin jai daukat.
                Ez zait ezer bururatzen, ezin dut erditik aurrera egin...

Ernst.- Bada, utz iezaiozu idazteari. Egia esan inork ez du igarriko. Literaturaren
             historiak ez du ezer galduko. Ez duzu oraindik ezer ganorazkorik idatzi eta.

Virginia.- Babo halakoa. Lepoa bihurrituko nizuke.

Ernst.- Nik uste, zuk hobeto idatziko zenukeela testu dramatikoren bat. Agian,neska histeriko baten historia. Autobiografikoa                     izango litzateke, gainera.

Virginia.- Egia da. Horixe egin dezaket. Idazle ohi samin eta alkoholiko batekin bizi den aktoresa baten gora behera latzak                         idatziko ditut.
                  Baina ez da drama izango, komedia baizik. A ze barreak egingo dituzten zure lagunak lehenengo aldiz plazaratzen                         dudanean.

                (Ernst-ek  zerbait esateko itxura egiten du, baina isiltzea erabakitzen du)

Ernst.- Hala, nahikoa hitz egin dut gaurko. Ohera noa.

Virginia.- Jaiki ahal duzu, ala laguntza behar?

Ernst.- Gizarte laguntzaile ere ikasi duzu ala?

Virginia.- Bai, praktikak zurekin egiten ditudala esan diet, eta berehala eman didate titulua, maitea. Nitaz errukitu dira, eta                                 pazientzia handiko lizentziaduna    izendatu naute, eta domina ere eman didate.

Ernst.-     Bai, ni ere zutaz erruki naiz, baina ezin dizut lagundu. Nik, gaur, boligrafoa zakila bezain azkarra daukat. Biak ere ez                     dute ezertarako balio.

Virginia.- Bada, Mingaina oso azkar darabilzu, niri min emateko.

Ernst.- ...Arrazoi duzu...barka nazazu. Gabonpasa.

Virginia.- Bai, orain horrekin konponduko duzulakoan...
                 ...gabonpasa...barka nazazu...kaka zaharra...

                (Virginia bakarrik gelditzen da, hamakan esertzen da berriro, idazten hasteko asmotan)

Virginia.- (Zerbait idazten du)
                  -Kaka zaharra. Ez zait batere gustatzen. Kaka zaharra.
                   (orria apurtu, zimurtu eta bota egiten du. Argiak itzaltzen dira.)
 


2. Eszena

(Bakoitza alde banatik ateratzen dira, Elkarri eskuak heldu arte)

Iñaki.- Itxuran, itxuran atera zaigu.

Rosa.- Bai? Ez dakit bada, gehiegi gustatu zaidan.

Iñaki.- Ez? Bada, nik uste, orain arte egin dugun eszenarik onena dela.

Rosa.- Niretzat, zuk prepotentzia handiz jokatu duzu. Ez dakit ez zaizun gehiegi gustatu
                 pertsonaia hori

Iñaki.- Bai zera, testuak agintzen dit. Nik testua eta egoeraren arabera jokatu dut

Rosa.- Bai, zera, iruditu zait gozatzen ari zinela Virginia umiliatzen, esaterako.

Iñaki.- Bada, zuk ere, ederrak bota dizkiozu Ernsti, eta gogo onez.

Rosa.- Ia-ia inprobisatzen hastekotan egon naiz, nik nahi nizkionak esateko.

Iñaki.- Ene, mindu egin zara. Benetan mindu zara.
            Orduan... zu ere Virginia sentitu zara, antzezlanean. Hori erabat ongi dago oso          
            ongi! Zerbaitetarako balio izan dute ikastaroak. Lehenengo aldiz konturatzen naiz honetaz, eta ia 10 urte pasa dira                         azkena izan genuenetik.

Rosa.- Antzezlanean Virginia naiz, baina ez dakit bada, ez naizen horrela sentitzen
            orain ere.

Iñaki.- Antzerkia idazten hasi behar zara, ala?
         Nik horretan ez dizut Ernstek bezala animatuko,eh? Nik neuk ez dut inoiz ezer idatzi. Izugarri zaila iruditzen zait testuak             asmatzea.
         Gu...gure Aktore lana egindako pertsonaien gorputzean sartzea dela uste dut baina ez geuk asmatzea pertsonaia hori...
           (Rosak  beste burutazio batzuk darabiltza )

Rosa.- Ez, ez...Alferrik da. Ez didazu ulertzen. Ahaztu esan dizudana, nire  burutazioak
                besterik ez dira.

Iñaki.- Zerbait gertatzen? Zer esan dut?     (harriduraz, Iñakik)

Rosa.- Ezer ere ez. Goazen, berandutu egin zaigu eta.

Iñaki.- Bai, gainera bihar ere lan handia daukagu egiteko. Lehen emanaldia bost egun barru izango da eta oraindik ez daukagu             lana gozatuta.

Rosa.- Agian, lan gehiegi egiten ari gara. Ez dakit lur jota ez ote nagoen. Ez dut,  jada, ez jaten, ez irakurtzen, ez                                         deskantsatzen...ez larrutan egiten.

I
ñaki.- Egingo dugu, laztana.
                Larunbatean egingo dugu. Dena batera.
                 Ni ere zu bezala nago, ahituta, baina orain ezin dugu etsi.

Rosa.- Ezin dugu eutsi... ezin dugu etsi... Ulertzen zergatik sentitzen naizen Virginia?

Iñaki.-  Bada...(Bizkarrak jasoaz...)

Virginia.- ...Eta zu, orain ere, zergatik zara hain prepotentea?

Iñaki.- Uy,uy,uy...ez dakit zergatik, baina barkaidazu!

Rosa.- Barkaidazu...Barkaidazu...
           ...Zoaz (Nazka keinua egiten du)...Goazen behingoz!
 


3. Eszena
 
(Hotel bateko hall antzekoa. Telefono publikoa egoten den txokoa. Landare bat alboan) (Virginia Telefonoz hitz egiten ari da)
                     
Virginia.-   Ernst,  Ernst...Entzuten...? Bai?
                   ...Ez dizut ia entzuten...Izan ere, hemen zarata handia dago...bai...izugarrizko
                   festa antolatu dute estrenaldirako...
                ...Orain sarreran gaude...bai...den-dena prest dago...guztia oso zaindua...ez dizut ia entzuten...esan altuxeago...
                ...Bai, jendetza handia dago...Ee?...bai, zure lagunak ere bai...Nire lagunak ere bai, zeren eta, bionak izango dira, ez?                 ...Bai, batzuk zugatik ezagutzen ditut baina nire lagun handiagoak dira zureak baino...ez zera, askorekin erdi haserre                         ibili baitzara azken hilabeteetan...
whisky.gif

                 ...Niregatik? Ja!, entzun behar nuen azkena, zurrutagatik izaten                      zen gehienetan, eta horrek ematen zizun harrokeria eta errespetu                 faltagatik.
             ...Oraindik gogoratzen dut...Willy-ri Whiskia gainera bota                                 zenionean, dena zure azken artikuluko iritziak zalantzan jarri                             zituelako.
             ...Bai, Willy, Mike, Jakeline...Denak etorri dira...bai, oso pozik...
             ...Joseph-ek ere zutaz galdetu dit, zu ikusteko gogoaz dagoela                     dio...bai, uste dut proposamenen bat duela zuretzat...
            ...Zer diozu, ez duzula horrekin ezer nahi?...ondo entzun                                 dizut?...Gogoratzen zara zein egunkariko zuzendaria                                     den?...dagoeneko edanda zaudela,...eta ahaztu egin                                     duzula...Txoratu egin zara...

                    (Lasaitzeko arnasa sakona hartzen du Virginiak)

Virginia.- (Telefonoa eskuaz tapatuz)- Lasaitu, lasaitu...Ez haserretu                                 babalore honekin, ez haserretu...lasai... (Arnasa hartzen du)-.
                    (Berriz telefonoan)

Virginia.- Oso ondo, zuk nahi duzuna...bai...ez noa gaur zurekin                                         eztabaidatzera...Gaur  nire eguna da, eta gozatzera noa...ondo                     pasatzera...
                    Nola gogoratuko naiz zurekin?...haserre 
                   bizian jartzen banauzu hitz egiten dugun bakoitzean?...ez...gaur gauean ez dut 
                    zutaz ezer jakin nahi, gaur nire eguna da oso osorik.
                   ...Bada, bai, agian, azkenean norbaitekin oheratuko naiz... horrela gutxienez
                   gogoratuko dut...zurekin ahaztuta daukadan hori...artaburu...
                    (Virginiak, asperkiro, keinu egiten du telefonoari begira)

Virginia.- ...Bai, zuk nahi ala ez, estreinaldia ondo aterako da. Denak pozik egongo
                   dira, produktoreak, aktoreak, zuzendaritza...Denak nire komediaren ezaugarri miragarriak aipatuko dituzte, denak niri                     begira, eta nire atzetikegongo dira...
            ...utzidazu gau honetan neure buruaz asetzen...eta agian, gero, azkenean,
               zutaz gogoratuko naiz...ez dakit.
              ...joan zaitez pikutara...ez edan gehiegi...bai...itzali argia oheratzerakoan...
              ...deituko dizut gero...behar bada...

(Virginiak, poliki-poliki, telefonoa uzten du, hasieran arduraturik. Gero “hor konpon” keinua egiten du: Festara doa, gozatzera doa. Bestaldetik Joseph sartzen da)

Joseph.- Virginia...

Virginia.-
Gabon, Joseph,

Joseph.- Esan al diozu zure idazle arraro xamar horri berarekin egon nahi dudala?

Virginia.- Bai, baina ez dut uste lortuko duzunik. Ernst jada ez da lehengoa.

Joseph.-Bere txotxolokeriekin jarraitzen du...

Virginia.- Ez da hori bakarrik, orain burua galtzen ere hasi dela pentsatzen hasita nago,

Joseph.- Bai zera

Virginia.- Eta, zurruta gainera...

Joseph.- Bada, orain gogo gehiago dut nire proiektu hori erakusteko...

Virginia.- Bai, joan zaitez gure etxera eta saiatu. Ea zerbait lortzen duzun, baina
                elefante zahar bat altxatzea baino astunagoa izango zaizula kontuan  harturik

Joseph.- astebetetxo igarotzera joan naiteke, aspaldian ez naiz egon zuen hondartzako  
                  “txabola” hartan

Virginia.- Bai...urteak dira ez zarela han izan...

Joseph.- Oraindik Ernst-ekin hasi berria zinen, eta nirekin utzi berria

Virginia.- Ernst-ek liluratu ninduen benetan, argia zen, pentsamendu azkarrekoa,
                 ironiatsua, bizia, batzuetan barregarria...

Joseph.- Nik ezin izan nuen berarekin lehiatu

Virginia.- ...beste batzuetan maitagarria...

Joseph.- Nik ezin izan nuen berarekin...

Virginia.-
(Egoera aldatu nahian edo, bat batean) -Orain asko aldatu da, aspaldian ez 
                  da, ez, lehengoa...

                (Joseph hurbiltzen zaio)

Joseph.– Eta, zu...Zu lehengoa al zara?

Virginia.- Noizbait sumatu izan dut garai hartako hutsunea...

Joseph.- Oi,oi... benetan zerbait gertatzen zaizu... zu ezagututa horrelako aitormena
                   egitea ez da batere normala...

Virginia.-
Bai, ni ere ez naiz lehengoa, itxuraz

Joseph.- Bada, niri, ezagutu nuen neska gogor eta alai hura oso atsegina zitzaidan...

Virginia.- (Jarrera aldatuaz, bat batean)...agian, estreinaldi ondoren , dena ondo
                   ateratzen bada...

Joseph.- ...ez da izango...

Virginia.- Neure onera etor naiteke, hainbat hilabete eta gero.

Joseph.- Ikusi beharko...

Virginia.- Hala , goazen, hastera doa eta

Joseph.- ...zain izango nauzu

Virginia.- Ez, mesedez, nahiago dut ezetz

Joseph.- Ez zara, bada, orain, lagun zahar batekin egoteaz beldurtuko...

Virginia.- agian..

Joseph.- Zirrara egin didazu, ikusten dut ez zaudela zure onean eta, baina... ez pentsa,  
                      ni ere ez naiz lehengoa, laztana

Virginia.- Pentsatzen nuen bada, zerbait izango zela...
                Gero arte Joseph...
 


4. Eszena

(Bakoitza alde batetik ateratzen dira, Elkarri eskuak heldu arte)


Rosa.- Itxuran, itxuran atera zaigu.

Iñaki.- Bai? Ez dakit bada, gehiegi gustatu zaidan.

Rosa.-  Ez? Bada, nik uste, orain arte egin dugun eszenarik onena dela.

Iñaki.- Nik ez dut bada batere gozatu baboarena egiten...

Rosa.- Niretzat, zuk oraingoan erabat makurki jokatu duzu, baina ez zenuen beste
           erremediorik...eztakit, agian...

Iñaki.- Bada, zer nahi duzu bada? Lehen nire neskalaguna izan zinen, eta oraindik ere
            zure hurbiltasunak zirrara ematen zidan

Rosa.- Baina, jadanik urte asko pasa dira eta ez dut uste hainbeste igarri behar zaizunik

Iñaki.- Nola kontrolatuko dut maitearen hurbiltasuna? Hori ezinezkoa da.

Rosa.- bai zera, zure laguntza nahi badu Virginiak ez da nerabe baten alboan  larrutan egiten orduero egoteko, motel! Neskak                 beste ardura batzuk ditu orain. Bere mutil-laguna alkoholizaturik dago etxean, sekulako depresioarekin. Ezin du ezer                     idatzi aspaldian, autoestima lurjota dauka...eta bien arteko harremana ez doa ondo...gutxi iruditzen al zaizu? Zuk uste                     duzu egoera horretan, nobiyo zahar batekin jolasean egiteko gogoaz egongo dela?

Iñaki.- Baina joseph-ena ez da jolas hutsa, bera ere arduraturik dago, gogoratzen du zoriontsu izan ziren garaia, seguruenik                     bizitzako garairik onenetakoa,  gazteak ziren, hondartzan larrutan egiten zuten, itsasoaren zaratarekin elkarren besoetan
            lo...horretaz gogoratzen da, eta neskarekin egon nahi du, kontsolatu...igurtzi...

Rosa.- Virginiak orain buruan duena ez da Joseph-ekin gaua pasatzea. Estreinaldian du gogo guztia. Estreinaldi horrek bere                 bizitza alda dezake, bai lanari begira, bai  jendeari begira, bai Ernst-i begira. Dena ondo irtenez gero bere  burua sendotu             eta  bere harremana ere lasaitzea espero du...

Iñaki.- Eta diru egoera ere arinduko litzaioke.

Rosa.- Baita HORI  ere, baina hori ez da premiazkoa...Joseph bezala

Iñaki.- Bada, zu niretzat premiazkoa zera,  bada, baina aspaldian ez zara  konturatzen

Rosa.- Hara bestea,

Iñaki.- Eta orain, Joseph sentitzen naiz, zugana hurbildu nahi, eta ezin dut.
         Edozergatik eztabaidan ari gara, Virginia dela, Ernst dela, Joseph...

Rosa.-
...Egia da lan honek izugarri nekatu gaituela.... baina gutxi gelditzen da...

Iñaki.- bai, bai...hartuko dugu atsedena...noizbait
            Nik ez dut nahi atsedenik, nik nahi dut zurekin larrutan egin hondartzan, biluzik 
           egon itsas ondoan, lehen bezala...

Rosa.- Bai, Ernst ezagutu aurretik...Pertsonaian erabat sartu zara gaur.
           Esna zaitez, eta goazen etxera, oso nekatuta gaude, hamabi ordu daramagu ta, lan
           eta lan...

Iñaki.- Bai, goazen, hiru egun besterik ez dira geratzen askatasunerako!

Rosa.- Estreinaldirako esan nahiko duzu

Iñaki.- Bai, hori, zertan ari ote nintzen  pentsatzen ...
 


5.- Eszena

(Logela. Ohea eta mesanotxea. Aulkia jantziak uzteko)
(Ohean daude: 2)

Virginia.- Hau buruko mina! Atzo gehiegi animatu nintzela uste dut.
                - Ayyyy! Ezin naiz mugituuu....
                - Mingaina trapu zaharra baino latzagoa daukat.
                (Nagiak ateratzen ditu)
                ...Hau ohitura faltagatik izango da segur aski...

Mike.- Urteak dira neska, urteak. Ez ditugula 18 urte...

Virginia.- (Harriturik, ohean esertzen da, bat batean)
                -Zer egiten duzu zuk hemen?

Mike.- Nik, bada...zurekin etorri naiz goizaldean...

Virginia.- Ahhhh...(etsipenez)  -Benetan mozkortua izango naiz  atzo gauean...

Mike.- Lasai emakume, ez eduki ardurarik, ez dugu larrutan ere egin eta...niri ez
            zitzaidan altxatzen...

Virginia.- Bada, gogoratzen dudanez...ez asko, baina...saiatu nintzen, ezta?

Mike.- Nik uste ez zeneukala gogo handirik
            Hala ere, eskertzen dizut. Baina, egia esan, ez dakit mesede egin nahi zenidan, 
              ala barregarri utzi...nire ezintasunean

Virginia.- Askotan gertatzen al zaizu?

Mike.- Zer, atxurtzea?

Virginia.- Ez motel, txilibitua ez altxatzea...behar denean...

Mike.- Bada, egia esan, lehenengo aldia da...

Virginia.- Ja! Nahi baduzu sinistuko dizut...

Mike.- Baietz neska...Eta, mesedez, ez inori esan...ados?

Virginia.- (Ezentzun egiten dio) -Hala egongo zinen orduan...

Mike.- Bai, sekulako katua harrapatu nuen. Pentsa, Joseph-ekin borrokan bukatu  nuen...

Virginia.- Ez da izango...A, bai...zerbait gogoratzen dut...nirekin oso maitekiro ari
                zinela iruditu zitzaion nonbait, ez?

Mike.- Hori iruditzen zait niri ere, baina berak beste aitzakia bat erabili zuen...zera,
            ibaira pixa egiten ari ginela prakak busti omen nizkion...

Virginia.- Neuk ikusi bainuen belauniko, pixa putzu gainean...

Mike.- Joseph ere ederki zebilen, bada

Virginia.- Eta Willy? Jin Kellyrena dantzatzen ikusi nuen eskaileretan behera erori
                zenean...hura ere pis putzu gainera

Mike.- Hainbeste pisa egin ote genuen?

Virginia.-
Edan, ordea, gehiago edan genuelakoan nago ni.
                 (Telefono hotsa entzuten da) (Virginia poliki-poliki jaikitzen da, kexuka)

Virginia.-
Nor ote da orain? Inork ez baitaki zein hoteletan nagoen...
                (Telefonoak joka jarraitzen du)

Virginia.- Bai, nor da?

 Ernst! Nola jakin duzu hemen nagoela?
             A, bai....egia...atzo esan nizun...
             Barkaidazu, buruko min piskat daukat eta..
             ...Harrituta naukazu....Nitaz arduratuta...Zu?
             ...Bai, urteak dira halako poztasunik ematen ez zenidala. Ernst handia bere
             maskotatxoaz arduraturik. Benetan gaisorik zaude?
             Beno, beno, lasai motel...ez da horrela jartzeko...
             Bai, buruko minez nago, baina behingoz badakit zer izan den: alkohol 
             gehiegi edateak eragin dit.
             ...Zer diozu? Ea Joseph-ekin oheratu naizen?
            Baina, zuk zer uste duzu? Nahikoa duzu,ez? Horregatik al zaude kezkatuta? Horregatik deitu al duzu? Zer espero                         zenuen 
            Joseph-ek telefonoa hartzea, ala?
          Bada, ez, egia esango dizut, ez naiz Joseph-ekin oheratu, baina ez nik nahi ez  
          nuelako, zeharo mozkortu zelako baizik.
          Eta gehiago esango dizut, gaur gauean ere ez dut larrutan egin, zurekin azken aldian egiten ez dudan bezala...alkoholaren         erruz.
       (Isilunea)

Virginia.- Bai, dena ongi atera zen...zer arraroa, gogoratu zara zerbaitetara etorria 
            nintzela hona...Dena gidoian idatzita bezala atera zen, bai antzerkia, bai festa, 
            bai gaua...
            ...Bai, eskaini didate beste zerbait, baina oraindik ez dut ondo lotu...agian, 
            datorren udaberrirako, Parisera edo...
            (Isilunea)

Virginia.- Zergatik isildu zara?
                Ene! Ez da izango nire hutsunea igarri duzula...hau nobedadea...
                ...Ni gabe aspertzen ari zarela, ala...botila guztiak hustu dituzu eta   
            gehiago eramatea nahi...?...ezetz...zer?
             (..isilunea, harridura....)

Virginia.- Zer? Ez dizut ondo entzuten... zure antzerkiaren bukaerako ideia aurkitu 
                duzula?...Ez nekien antzerkia idazten ari zinenik...baina pozten naiz....Nola
                inoiz ez didazun ezer esaten...
                Bai, bai, pozten naiz,
              Erakutsi nahi didazula? Bada, bi egun barru joango naiz etxera. Hegazkina
               hartuta dut.
              - ...Bai, arratsaldeko 7etan helduko naiz, etzi...ez dut honezkero hegaldia
            aurreratuko....
          - Ordurako bukatuta izango duzula zure antzerkia?...Oso ondo 
            Ernst....Ni kanpoan egoteak idaztera animatu zaituela iruditzen zait. Ez da
            horrela izango, ezta?...Ni etxeratzeak animatzen zaituela antzerkia bukatzera 
            diozu...Zuri zerbait gertatzen zaizu... hain maitagarri egoteko.
           -Agur, bada...agur...

            (Virginia telefonora begira gelditzen da, harriturik..Pentsakor ohera itzultzen da)

Virginia.- Mike, non zaude Mike?
            (Jaikitzen da begiratzera, baina ez du aurkitzen. Burua heltzen du...ajea du...eta etzaten da)

Virginia.- Agur...Mike.
                Zerbait gehiago esperoko zenuen bada...gizarajoa...
                (Argiak itzaltzen dira.)


6. Eszena

(Bakoitza alde banatik ateratzen da, gero  elkarri eskuak ematera hurbilduz )

Rosa.- Itxuran, itxuran atera zaigu.

Iñaki.- Bai? Ez dakit bada, gehiegi gustatu zaidan.

Rosa.-  Ez? Bada, nik uste, jada, eszena honekin gure antzezlanak gorputza hartu 
            duela...

Iñaki.- Nik ez dut bada batere gozatu tentelarena egiten...azkenean joan egin naiz...

Rosa.- Konturatu naiz. Hasieran harri eta zur geratu naiz, eskerrak ez zela
            estreinaldia...bestela, zer egin? Halere, gidoian zegoena baino hobeto geratu  dela
            uste dut, gustatu zait amaiera hori...

Iñaki.- Bai zera, gidoian berriz ere oheratzen dira, baina oraingoan benetan, eta  niri 
            hori, benetan gustatzen zitzaidan...

Rosa.- Orduan, zergatik atera zara ni telefonoz ari nintzenean?
            Bukatu ondoren prest nentorren...eta ez dugu eszena behar bezala egin...

Iñaki.- Ez didazu esan bada, horrela gehiago gustatu zaizula...?

Rosa.- Bai, hala da, ez diot zentzu gehiegirik hartzen gauean, erdi jota zaudenean egin
           ez dutenari orain, goizean, aje eta guzti, ekitea.
             Gainera Mike Virginiarentzat ez da ezer, laguna ere ez, ezaguna edo.

Iñaki.- Eta erabili egin du Josephekin ez oheratzeko, agian...edo zeloskor jar
           zedin...
            Izatez, Josephek eta Mikek borrokan egin zuten gauean...

Rosa.- Zuk egingo zenuke niregatik borrokan?

Iñaki.- Nik nahi ez dudana da zurekin borrokan egitea.
           Eta nahi dudana...zurekin oheratzea. Ezer edan gabe...aitzakiarik ez dezazun
           izan...

Rosa.- Aizu. Nik larrutan egiteko inoiz ez dut aitzakiarik jartzen...bueno, ia inoiz..

Iñaki.- Ez dakit bada...atzo ere ez genuen egin...bada ia hilabete...
            (Hurbiltzen zaio)

Iñaki.- Eta nik, Mike izan nahi dut...Joseph izan nahi dut...Ernst izan nahi dut...bakoitza
            bere sasoian eta, denak, zurekin larrutan ...ohean, sofan, mahai
            gainean...hondartzan...

Rosa.- Hiru pertsonaia egin dituzu eta hiruretan sartu zara, zuk daukazu gaitasuna.

Iñaki.- Noski, denak zutaz maiteminduta daudelako...eta ni ere...

Rosa.-  Zaude isilik, ni ere, egia, Virginia bezala sentitzen naiz eta...Mike ez da
           niretzat ihesi bat besterik, Joseph, aspaldiko sentimendu fosilizatua...eta Ernst,
           itzaltzen joan den maitasun hoztua, izoztua...

Iñaki.- Zer diozu? Lur jota uzten nauzu...Ni...hiru horietako norbait al naiz, bada?Ala, hiruretatik zertxobait?

Rosa.- Nahiago dut honi buruz ez hitz egitea, oraingoz, Iñaki, aste hauetan, antzezlan
            hau burutzen zeharo desorekaturik baikabiltza, ez?

Iñaki.- Bai, agian, zuzen zabiltza...
         Larunbatean, estreinaldia eta gero hitz egingo dugu...bai?
         Nik nahi dut...Lasaitu, lehenik, helburua lortu...Etxera joan, lo egin 11 ordu, lo  
           egin zure alboan, lo ez egin, lo ez, beste guztia egin...
          Estreinaldia eta gero hitz egingo dugu...ezta?

Rosa.- Esango dizut larunbatean...orain gogo erorian nago...gaizki jan dugu, gaizki 
           deskantsatu...buruko mina dut...dena beltz ikusten dut...goazen etxera...

 

7. Eszena

(Hasierako eszenatokia: (Hondartza bat. Etxea atzealdean, argiak ikusten dira)

Virginia.-
Ernst, Ernst, heldu naiz. Non zaude?

            (Ernst aulkian eserita dago, aurrera begira, begiak irekita, begirada galdua,edalontzia eskuan)

            Virginia. Ernst...
            Ernst...(etsipenez) Orain ere mozkortuta? Ez dakizu beste ezer egiten?
            Hiru aste kanpoan egon, eta honela ikusi behar zaitut, berriro? Ez daukazu    
            lotsarik...
            Hainbeste dei egin eta gero, nire zain egongo zinela, ez dakit zer erakutsi
           behar zenidala...zer demontre...nazkante bat zara...

            (Ernstek berdin jarraitzen du)

Virginia.- (poltsak lurrera botatzen ditu, haserrra gero eta handiagoa)
                  Badakizu zer? Hau jakin izatera, ez nintzen etorri ere egingo. Joseph han
                  neukan atzetik, berriz ere nirekin egoteko irrikan. Ziur nago.
                  Gutxienez, berarekin aspaldiko denborak gogora ekarriko nituen...besterik  ezean...ez zen plan txarrena ere...Edo                           Mike, gazteagoa...kaskarina da...baina gorputz dotorea du, zakila ere agian...noizbehinka poto egiten dion                                     arren...

                (Pentsakor)

Virginia.- Zer, ez didazu ezer esan behar? Dena berdin zaizu orain, hemen zure  alboan
                 naukazunean?
                Bada, urduriago zeuden telefonoz deitzen zenidanean...maitea gora, maitetxo behera...orain zer, dena berriz bere                         tokian dago, ezta? Zu edan eta edan...eta ni...zure erizain partikularra...azsaputz galanta zara,,,

                (Hurbiltzen zaio)

Virginia.- Esaidazu zerbait, bota ezazu puzkar handiren bat, zure porrot hori nire aurrean  azaltzeko...ganbelu...
                    (Lasaitzen da, arnasa hartzen du)

Virginia.- Zer,  mozkortu zara, zure azken antzerki saioa idazten? Ez zitzaizun  ateratzen,
                    Ala?
                A ze baboa...Erakutsidazu...non daukazu idatzitakoa? Apurtu egin duzu?20 aldiz apurtu duzu, atzo egin zenuen                             bezala? Eta herenegun bezala? (Ironiaz)

            (Ernst eserita dagoen hamakaren atzean eskua jartzen du, indarrez. Ernsti eskuan daukan edalontzia erortzen zaio. Hilda             dago)

Virginia.-
Zer gertatzen da? Ernst? Edalontzia...erori...zaizu... 
                Ernst? Dena zikintzen ari zara...
                (Virginia Ernst hilda dagoela konturatzen da)

Virginia.- Zer? Zer da hau? Zer egin duzu? Ernst! Esna zaitez.
                    Niri jolas ergelik ez, eh?  Esna zaitez!
                    (Sorbaldatik heltzen dio, lepotik, taupadarik ote duen ikusten)

Virginia.- Ernst! Esna zaitez! Nahikoa da. Badakizu ez zaizkidala gustatzen halako
                 jolas beltzak...Nahikoa da!
            (Bere aurrean belaunikatzen da momentu batez. Edalontzia hartu eta usaintzen du)

Virginia.- Hau ez da whiskya. Zer arraio? Zer usain arraro du honek?
                   Zer hartu duzu, Ernst? Zer hartu duzu? Hau ez da Whiskya
                    (Jaikitzen da, haserre bizian)

Virginia.-
Zergatik egin didazu hau?
                   Ez zenuen onartu nahi nire garaipena, eh? Hori da, bai. Jeloskor zinen nire
                    arrakastaz, bai...horregatik egin duzu...
                   - Bazenekien zureak egin zuela...idazten, pentsatzen...
                   - Ni, ostera, orain hasia nintzen...Zeuk lehen bizi izandako ospearen hotzikara nik sentitu nuela jakitean ezin izan                            duzu jasan... Ni izorratzearren egin duzu hau...

                (Alde batera eta bestera doa, etsipenez begiratzen du)

Virginia.- Ernst, zergatik egin duzu hau?
                 Ez, ezin da izan. Nire maitea...Ni gabe hutsik zeneukan bihotza...eta...orain
                ulertzen dut...adierazi zenidan...telefonoz....zure antzerkiaren azken  eszena 
                 idazten ari zinela...
                 Eta ni, babo halakoa, ez nintzen konturatu...laguntza eske ari zintzaizkidala...
                Barre egin nizun, eta adarra jo, eta errietan egin...nire erruz hil zara...

                (Jarrera aldatuaz, lasaitasuna adierazi nahian)

Virginia.- Ernst, zergatik egin didazu hau?
                 Hegazkina aurreratu izan banu...hau ez zen gertatuko,
                 Agian, hegazkina aurreratu izan banu...agian orain bizirik egongo zen...
                Berak garbi eskatu zidan etortzeko...azken eszena idazten ari zela...
                Nire erruz izan da...ni, lagunekin maitakerietan ibiliko nintzelako susmoa izango  zuen...bai zera...kaka zaharra...Ernst                 ederra egin duzu...

                (Hari begira, lasaiago)

Virginia.- Egia esan, Ez ginen zoriontsuak azken aldian...
                Gurea amaitua zegoela bagenekien...ni New York-era joan aurretik.
                Zu beti edanda zeuden...ni beti haserre...Elkarrekin geneukan mundua, irribarrea, begirada, elkarrekiko                                             intuizioa...galdua geneukan... konplizitatea ere galdua...Ernst
                Kaka zaharra...Ernst ederra egin duzu...
                Baina, ez nuen pentsatzen horrela bukatuko zenuenik...
                Horretan ere engainatu egin nauzu...nazkante halakoa...ezin izan zaitut inoiz ondo ezagutu...horregatik erakarri                             ninduzun...baina zure buruan zegoenaz ezin izan dut inoiz jakin...azken hau ere ez...buruaz beste egitea...

                (Jendeari begira, pentsakor)

Virginia.- Zergatik egin didazu hau, Ernst? Orain dena konpontzen hasia zela pentsatu 
                  dudanean? Horregatik, agian?
 



8.- Eszena

(Txalo zaparrada sumatzen da. Argia pizten da. Iñaki eta Rosa ateratzen dira. Estreinaldiaren amaiera da. Elkarrizketa txaloak dauden artean eta jendearen aurrean gurka ari direla)

Iñaki.- Azkenean...lortu dugu...Begira zein ondo atera den...denak guri txaloka...momentu hauek bizitzea merezi du...

Rosa.- bai, bai, bai...gur egin ezazu berriro...jendeak txalotzeko gogoa dauka eta...

Iñaki.- Oso ongi egon zara...sinesgarritasun osoz jokatu duzu...zein ona zaren...

Rosa.-
Virginia sentitzen naizelako da...hemen eta bizitzan...

Iñaki.- Bada, zuk ere, orain duzu asebetetze garaia, Virginiak bezala...denak zuri
            Txaloka, jendea zutik txaloka...

Rosa.- Goazen barrura...

             (Joateko itxura egiten dute, baina berriz ateratzen dira)

Iñaki.- Hor daukazu zure saria...Virginia...

Rosa.- Bai, horrek minutu batzuetan balio izango dit...norberaren erraietan hotzikara
                sumatzea gozamena da...

Iñaki.-
Niri belaunak dardaraka hasi zaizkit, jada. Ez dakit urduritasuna den, ala   
             nekea...Emaidazu eskua...
            (Eskua luzatzen dio, eta eskutik hartuta joaten dira. Txaloak bukatzen dira)
            (Bestetan egin duten bezala bakoitza alde batetik irteten da)


Iñaki.- Hau da hau lasaitasuna...estu ibili gara, baina azkenean...arrakasta osoa...

Rosa.- Estreinaldian behintzat...

Iñaki.- Bukaera nahiko gogorra da, e!, heriotza...amorrazioa...Eta Virginiaren jarrera
            aldaketa nahiko nabaria...harritzekoa...

Rosa.- Zuk ez zenuen nahi Ernst hiltzea, ezta?

Iñaki.- Pena handia ematen dit, ez diolako irteerarik utzi bien arteko harremanari...

Rosa.- Agian, harremana bukaturik zegoen, jada. Virginiak hori garbi ikusi du azkeneko paragrafoan, -begirada,                 konplizitatea ere galdua, Ernst.-

Iñaki.- Ernst deitu didazu?

Rosa.- Esaldi bat errepikatzen ari nintzen, besterik ez...

Iñaki.- Ni zuretzat jadanik Ernst naiz, ezta Virginia?

Rosa.- Ez, Ernst hilik datza, eta zu bizirik.

Iñaki.- Virginia deitu dizut eta erantzun egin didazu

Rosa.- Ez dakit,jada, Rosa ala Virginia naizen, baina gureak, Ernstek bezala,berea  eman du
            ziur nago

Iñaki.- Orduan, Joseph naiz zuretzat...

Rosa.- Agian, Iñaki, guri ere, genuen konplizitatea bukatu egin zaigu estreinaldiarekin
            batera...Antzerkiarekin hustu egin gara, eta antzezlana bukatu denean...

Iñaki.- Utzidazu gutxienez Mike izaten, konformatuko naiz...

Rosa.- Ez, niretzat Ernst izan zara, baina dagoeneko hilik zaude...

Iñaki.-
...Esan zenidan larunbatean hitz egingo genuela...

Rosa.- Zertaz, bada, ahiturik nago, eta dena esan dugulakoan...oherako gogoa  dut...

Iñaki.- Goazen etxera...

 
Azkena

(Etxera heldu dira. Sofa bat eta hamaka bat, hondartzan zegoen bezalakoa, landarea alboan) (Iñaki, Whiskya eskuan hamakan jartzen da Ernst izango balitz bezala)

Rosa.- Erazten ari naiz , oraintxe noa. Goserik bai? Jar ezazu zerbait...sukaldean denetarik
            dago.
            (Rosa sartzen da Bata janzten)

Rosa.- Azkenean!  Bazen garaia. Neka-neka eginda nago. Zer, prestatu duzu ahorako zer 
            edo zer?
            - Zertan ari zara, Iñaki, hor jarri eta ez zara mugitu ere egin. Ernst zinela
           bururatu zait...eta gainera Whiskya eskuan...inoiz ez baitzaitut whiskya edaten
            ikusi...orain hasi behar al zara?
         (Hurbiltzen zaio, Iñaki geldi-geldi dago)

Rosa.- Badakit lehen esan dizudana nahiko gogorra egin zaizula...Ez da  hainbesterako
             ere...Pentsa, ekitaldia bukaturik, txaloen oihartzuna oraindik belarrietan,
             gorputza mindurik, goseak, urduritasunak, eta zu ekin eta ekin, gauza
            berberarekin...Ni...eta zu...eta...ulertzen?
             - Zer, ez didazu ezer esan behar? Dena berdin zaizu orain, hemen zure alboan
             naukazunean?
            - Bada, urduriago zeunden lehen...maitea gora maitetxo behera...orain zer, dena  
            berriz bere tokian dago ezta?

(Iñaki eserita dagoen hamakaren atzean eskua jartzen du, indarrez. Iñakiri, eskuan daukan edalontzia erortzen zaio. Hilda dago)

Rosa.- Zer gertatzen da? Ernst? Iñaki? Edalontzia erori zaizu...
            Ernst? Dena zikintzen ari zara...Iñaki...
            (Rosa Iñaki hilda dagoela konturatzen da)

Rosa.- Zer gertatzen da? Zer egin duzu? Ernst! Iñaki! Esna zaitez!
            - Niri jolas ergelik ez, eh? Esna zaitez!
            - Ezin da izan. Berriz berdina gertatzen ari zait...
            - Buru nahastea dut...buruko mina...Hau ez da egia...Antzerkia izan behar du...
            (Bat batean, Edalontzia hartu eta usaintzen du)

Rosa.- Hau ez da whiskya. Zer arraio? Zer usain arraro du honek?
            - Zer hartu duzu, Iñaki? Zer hartu duzu? Hau ez da Whiskya!!!

 


Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago