Gaueko txanda
Ilustrazioa: Kristina Fernandez
Gauak luzea izateko traza dauka. Gaixo bat igo dute femoralean bide bat duela. Mostradoretik entzun daitezke bere irain eta mehatxuak. Despota hutsa. Hamabiak pasata jaso dute lehenengo deia haren gelatik.Luanak eta lankideak elkarri begiratu diote. Txandaka ibiltzen dira.
Luana joan da oraingoan eta komunean aurkitu du gaixoa. Ohetik ez jaikitzeko aginduarekin batera etorri dira berbotsak eta irainak. Kabroi halakoa!
Bigarren aldiz txirrina entzutean zalantza egin dute bi lankideek. Elkarrekin joatea erabaki dute. Eta eskerrak! Femoraleko bidea kenduta aurkitu dute gizasemea, ohea blai eginda, barrabilak odol putzu baten gainean. Zulotik likido beroa bor-bor eta bera konortea galtzeko zorian. Pentsatu gabe, batek ukabila jarri dio arteriaren irekiduran bestea erreanimaziorako prestatzen hasi denean. Hogei minutu luze igaro dira, ukabila zurbil geratu zaion arte estutzearen estutzeaz. Medikuak eta erizainak heldu direnerako ahituta daude biak, gorputz osoko giharrak indarge.
Arratsaldeak lasaiagoak izaten dira. Larrialdietan izan ezik. Horietan ez dago errutinarik. Horietan komunikabideetan agertzen diren kasu mediko bitxiak artatzen dituzte: lapurretan labankadaz eraso dioten tabernaria, konortea galdu arte jipoitu duten nerabe homosexuala, garabian igota bere buruaz beste egiteko prest agertu den etxegabetua… Solairuetan, ostera, bazkaldu eta medikuek alde egin ondoren, gaixoek siesta ordua errespetatzen dute. Eta badirudi heriotza bera ere ertzetan mantentzen dela. Erizainek botikak antolatuz luzatzen dute lanaldiaren azken tartea. Edo txateatzen eta Tinderren matchak egiten. Gero ezezagunekin egindako hitzorduetara agertzeko asmorik ez badute ere, denbora ematen dute aplikazioaren algoritmoak haientzat aurkitu dituen hautagaiak elkarri erakusten. Eta barre egiten dute. Eurek idatzi dituzten gezur galantak besteengan igartzen dituztelako.
Luanak eta bere lankideak gehienetan haien zaintzapean dauden gaixoak dituzte mintzagai.
—Ez dut burutik kentzen 206 gelara ekarri dutena.
—Nor? Larrialdietatik igo duten zaharra?
—Bai. Garbitu behar izan dut; zelako hatsa!
—Jarri duzu Vicks VapoRub sudur-zuloetan esan nizun moduan?
—Hala ere.
206 gelako gixajoak duen ugerra kendu arte astebete baino gehiago beharko du. Egunero krema eskualdi potolo bat eman beharko dio, biharamunean igurtziaren igurtziaz urteetako lohia laxatzen joan dakion, orkatiletan, besapeetan eta hankarte inguruan. Kontu handiz egin beharko du, hala ere, oilaurrak ez askatzeko. Txabola batean bizi omen da gizona, ur barik eta argi barik. Luanak askotan irudikatzen du gaixo zelebreen bizitza. Andreak botako zuen etxetik mozkortxo halakoa, edo apustu batean galduko zuen etxea, edo hipotekari aurre egin ezinik etxegabetua izango da… Ez du, behintzat, inor ikusi botak kendu eta hankak harrez beteta, harrek janda, hanka osoa anputatu behar izateraino. Horrelako istorioak aspaldikoak dira, zorionez. Erretirotik hurbil dauden langileen kontuak.
Baina usaina…. Deskonposizio prozesuan ari den gorputzaren kirats garratza, kontrol bako isurien arrasto sarkorra, gaixotasunaren zantzuaren gainetik nabarmentzen den hori…
Lankideak ere badu zer kontatu.
—Zelako artista 212ko andratxua. Bua!
—Labar-artea?
Horrela deitzen diote fardelak edo ostomia-poltsak gainezka egin eta nahi barik edo nahita ohe guztia edo komuneko bidean hormak zikintzen dituztenean.
Liburu bat idazteko emango lukete ospitaleko komeriek. Horixe pentsatzen du askotan Luanak baina, lanetik irten bezain laster, musika entzuteko kaskoak jartzen ditu eta ahaztu egiten ditu ospitaleko gaixo, hildako, langile, bisitari eta hango lohiak eta miseriak. Basurtu eremua utzi bezain laster, Luis Briñas kaleko lehenengo tabernak begi bistan hartzen dituenean, baretzen zaio gorputza. Hala ere, ez du inoiz gosaltzeko geldialdirik egiten. Ezin jasan mozkorti goiztiarrak. Eta beldur da horrelako gaixo edo lankide ezagunik aurkituko ote duen kafea hartzera sartuz gero. Berak goizeko aire jelatua maite du. Metro sarreraraino joaten da, pauso arinez, eta han, satorrak euren lurrazpiko zuloetan bezala, desagertzen da hiri-zoruak irentsita.
Heldu berriaren gelatik korridorera irtetean arnasa hartu dute bi emakumeek. Urrutiko telebista baten murmurioa baino ez da entzuten solairu isilean. Luanak aspaldian burutik kentzen ez duen beste hori esan du: eta pentsatzea autobus gidari batek baino gutxiago irabazten dugula…
Gogogabetuta hurbildu dira atseden gunera, eta aulki banatan abandonatu dute gorputza, begiak itxita, hankak aurrera luze. Egunsentia iritsiko da, haien txandaren amaiera, eta orfidala kafesnetan hartu ostean lotara etzango dira ohe garbi usainetan, baina oraindik urrun dira lehen ari izpi lotsatiak.
Txirrin baten dunbotsak euren pentsamenduetatik atera ditu. Eta elkarri begira geratu dira une batez, noren txanda den gogoratu ezinik.
Idazleari buruz... Gotzone Butron Kamiruaga. Abusuko bibliotekaria. Zenbait autorek idatzitako liburuetan parte hartu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiaren “Sardinerak” albumaren testua idatzi nuen, baita “Nire Sarajevo”, BizkaIdatz “Jarraitzeko prest?” lehiaketari hasiera eman zion narrazioa, ere. Oraintsu, Karmele Igartua sorkuntza beka eskuratu dut. |