Zer da zuretzat idazle izatea?
Hizkuntza idatziaren bidez, gizakiaren eta munduaren arteko harremanaz zentzu zabalean eta era ederrean hitz egitea. Edozein gai interesgarri bilakatzea -edozein gai izan daitekeelako kontagarri, adierazteko moduaren bidez. Idazle izatea ez da ondo erredaktatzea, baizik eta gaiari trataera berezia ematea eta testuak esaten duenetik haratago joatearen sentsazioa uztea.
Idazlea, itzultzailea eta irakaslea ere izan zara. Zeinekin sentitzen zara identifikatuago?
Orain irakasle-lan gutxi egiten dut, ez badira jende helduarekin egiten ditudan saioak-eta. Lehenago asko gustatzen zitzaidan umeen irakaslea izatea. Dena dela, joandako aldi batekin lotzen dut lanbide hori; gaur egun egokiago ikusten dut neure burua idazle. Eguneroko zeregina itzulpengintzarekin uztartzen dut, ikastetxeetako saioekin, hitzaldiekin, eta abar.
Erraz erabakitzen al duzu zeren inguruan idatzi?
Zalantzak izaten ditut. Gai batzuk, bizipen batzuk edo gertaera batzuk bereziki interesgarriak iruditzen zaizkit, baina gero mugak izaten ditut horiek modu berezi eta pertsonalean adierazteko, adimenezko zein hizkuntzazko mugak. Bestalde, badaude nire lane tan gai errepikakorrak. Azken aldian, adibidez, amaren heriotza, bai Bitsa eskuetanedo Zazpi orduakliburuetan. Mila magnolia-lorealbumean ere islatzen da ama ausentearen presentzia. Memoria, onirismoa, amodioa eta horren inguruko bizipenak eta abar dira beste gai batzuk.
Gaiak bakarrik ez, idazteko era edo figura jakin batzuk ere errepikatzen al dira?
Bai, badira leitmotiv batzuk sinbologiari dagokionez: kolore morea, ura ... Eta idazteko erari dagokionez, halako tik batzuk: gehienetan narratzailea 1. pertsona singularra izatea. Edo pertsonaiak erdi idazleak izatea; hau, egunerokoak edo koadernoak idazten dituztenak... Nire lanetan ia beti dago idazkuntzarekin oso lotuta dagoen ni fikziozko bat, nire alter egoa dena nolabait. Bestalde, testu-tipologien osagarritasuna ere ikusten da —genero- en konbinazioa liburu bakarrean—, pertsonaia femeninoen nagusitasuna...
Denetan. Generoak janariarekin konparatuko nituzke: ezin zara egunero egon arrautza frijituak jaten. Nahiz eta oso gustukoak izan, egunero janez gero, nazkatu edo gaixotu egingo zinateke. Janaria bezala, generoa ere aldatzea komeni da. Gogoaren edo aldartearen arabera, nekaduraren arabera, jasotzen ditudan estimuluen arabera... genero batetik bestera saltoka ibiltzen naiz. Batean eta bestean ibiltzea atseden hartzeko, etekin hobea lortzeko eta gehiago dibertitzeko modua izaten da.
Nola konbinatzen dituzu generoak?
Poesia da beti atze-oihal bezala daukadana, bizitzako gertaera funtsezkoek poesiaren aterpera eramaten nautelako. Batzuetan, haur edo gazteentzako istorioetan ere poesia sartzen dut, pintzelkadak. Sormena errail asko dituen autobide bat bezalakoa da, eta errail bakoitzean hainbat testu mota, ideia, ahots, ibiltzen dira zirkulazioan, aldi berean.
Poesia aipatu eta “Azalaren Kodea” eta“Bitsa eskuetan” etorri zaizkit burura.
Biak dira poema-liburuak. Oro har, bietan lantzen dira maitasuna, tragedia pertsonalei neurria emateko ahalegina, gorpuztasuna... eta antzekotasunak egon arren, poetika diferenteetatik jorratzen dira. Batetik bestera hamar urteko aldea dago, eta hamar urteren ostean ni biografikoa eta ni poetikoa ez dira berberak.
Har dezagun orain “Mila Magnolia Lore”liburua. Bertan heriotzaz hitz egiten duzu, nahiz eta umeentzako liburua izan. Uste duzu garrantzitsua dela umeei heriotzaz, gaixotasunaz, indarkeriaz, eta horrelako gaiaz hitz egitea?
Uste dut txikitatik zabaldu behar zaizkiela haurrei gogoeta egiteko bideak, helburua doktrinatzea izan gabe. Haurrak berezko joera dauka jolaserako eta bizitzaren alde ludikoa aprobetxatzeko, eta hala izan behar du. Eta nerabezaroan hasten dira kontzienteagoak izaten munduaz, eta munduko arazoez. Gaurko mundua oso konplexua da, desberdintasun ekonomiko eta sozialak izugarriak dira, eta horretaz jakitun izan behar du umeak, apurka-apurka jarrera solidario eta kritikoa lortzeko. Era berean, iruditzen zait pixkanaka jabetu behar dutela dimentsio espiritualaz ere, heriotza eta bizitza txirikordatu egiten baitira eta, nolabait, haurrak transzendentziari zabaltzen dio bere burua. Polita da urte be tetzeez edo oporrez eta abenturez hitz egitea, baina ez dago sobera mahai gainean jartzea kontu politikoki zuzenak ez direnak eta kontu mingotsak.
Gaiak ez ezik, bizitzako uneak ere zerikusirik izango du idazlearekin, ezta?
Azken hamar urteak oso oparoak izan dira, liburuak bata bestearen atzetik kateatu ditudalako. Azken batean, orain dela 10-12 urte bihurtu naiz idazle, atzo bertan. Atzerago idatzi nuen liburu bat, ez zuena izan inongo oihartzunik. Kontrara, “Azalaren kodea”lanak harrera ona jaso izanak oxigenoa eman zidan, eta oraindik irauten dit idazteko bulkadak.
“Uneka... gaba” izeneko liburua izan zen lehenengo idatzitako liburu hori, ezta?
Bai, 1986an argitaratua. Bertako ipuin asko aldizkarietan agertu ziren, han-hemengo literatur lehiaketetan sarituak, literatura-lehiaketa apaletan. Sari handirik ez nuen inoiz irabazten, aurkeztu arren, eta egia, baneukan konplexu handi samarra, idazle eskasa nintzelakoan. Bazegoen hor koska bat, gainditzen ez nuena. Eta begira, gero, denborarekin, bilatu barik etorri zaizkit sariak.
Liburu hori bizkaieraz idatzi zenuen. Zergatik utzi zenion bizkaieraz idazteari?
Ez diot guztiz utzi. Kontua da gaur liburuak zabaltzeko zirkuitu normala euskara batuaren zirkuitua dela, irakurlego zabalari zuzendu nahi badiozu testua. Ordukoa bizkaieraz idatzi nuen bildumaren ezaugarrietako bat euskalkia zelako. Gainera, bizkaieraz alfabetatu nintzenez, seguruago sentitzen nintzen. Etxeko euskararekin joan nintzen 17-18 urterekin Labayru ikastegiak antolatutako ikastaroetara, eta hantxe konturatu nintzen etxekoaren aberastasunez, eta gero, konparazioz, batua ikasi nuen. Bizkaieraz idaztea, dena den, ez zen izan jarrera ideologikoa. Liburua argitaratzea eskaini zidatenean, hori zen baldintzetako bat, Labayru baitzen argitaratzailea. Beti esaten didate, eta uste dut hor dagoela gakoa, batuz idatzita egon arren, bizkaierazko hainbat hitz eta esamolde erabiltzen ditudala, batzuetan kexa modura, gazteek-eta: “Zergatik erabiltzen dituzu bizkaierazko hainbeste hitz, edo zure herriko lokalismoak, eta abar?”. Ñabardura horiek guztiek edertu egiten dutelako corpus estandarra. Agian ez dut bizkaierazko aditza erabiliko, baina bizkaieraz idazten dut batuaren barruan.
Ez duzu uste agian bizkaieraz idaztea edo nafarreraz idaztea, hizkuntzaren ondare handia mantentzeko modua dela, dena batuaz idatzi beharrean?
Bizkaieraz osotara, edo zubereraz idazteko, edo beste edozein euskalkitan idazteko, badaude beste bitarteko batzuk, herrietako argitalpenak, adibidez.
Ezin ukatu bizkaitarra zarenik, lekeitiarra. Zure lanetan begi-bistan edo ezkutuan beti presente dago Lekeitio.
Nire eszenatoki nagusietako bat, batez ere gazteentzat idatzi dudanean, Garrai tzeta da, Lekeitioren izen literaioa. Idazleak askotan bere bizitzatik edaten du, bere oroitzapenetik, berak ezagutu dituen lekuetatik... Paisaia atlantikoa eta kostunbrismo-printzak, dosifikatuak eta gaurkotuak, identifikatzen dira lan gehienetan. Oroimenak urre-kolorea ematen die oroitzapenei, eta iraganeko tokiak, pasadizoak, pertsonak ederrago bihurtzen ditu. Oroimenak gehi irudimenak hartzitu egiten dute kontagarria izan daitekeena.
Ama ere izan zara. Horren harira, ama izateak eragina izan du zure estiloan edo sorkuntzan...?
Bai, ama nintzelako hasi nintzen, neurri batean, umeentzat idazten. Semeari beste batzuen ipuinak irakurri ahala, ipuin horien “doinua” geratzen zitzai dan. Eta semearekin bizitako esperientziak ere ideientzako iturria ziren. Gertatu zitzaidan gidabaimena ateratzen duzunean bezala: lehenengo alboan zoaz, kopiloto, baina gero zeu hasten zara autoa gidatzen. Gauza naturala izan zen, nahiko berantiarra, baina, bueno, oso gustura ibili izan naiz arlo horretan. Lehenago, andereño izan nintzenean, umeentzako ipuinak idazten saiatu nintzen, baina ez nuen lortu ezer ganorazkorik egiterik. Falta zitzaidan prestakuntza, irakurketa onak, ahotsa modulatzea. Denak izan ziren saio frustratuak. Hogeitaka urte geroago etorri zitzaidan une egokia.
Gatozen orain sarietara. Hainbat sari irabazi dituzu, Lasarte-Oriako Udaleko poesia saria, Euskadi saria, Espainiako Kritika saria... Baliagarriak izan dira idazten jarraitzeko ala errekonozimendu moduan hartu dituzu, edo, besterik gabe?
Lehenengo aldiz hartu nuenean, izugarrizko poza sentitu nuen. Orduan idazle izan nahirik nenbilen, 2001ean. Epaimahai batek nire lana estimatzeak jarraitzera bultzatu ninduen, segurtasuna eman zidalako. Ezin ukatu sariak bultzada bat izan direla niretzat, emozionalki, eta baita liburuentzat ere, gehiago zabaltzen lagundu dietelako. Lan baten balioa aitortzeko moduetako bat dira sariak, erlatiboak izanik ere.
Sari handiena, dena den, Santutxun edo Lekeition umeren batekin kalean gurutzatu eta beren agurra edo irribarrea jasotzea da. Eta horien antzeko beste detaile batzuk. Ikastalde batekin zaudenean, beren egunerokoak, errezeta bitxiak edo olerkitxoak erakustea, marrazki koloretsuz hornituak. Edo irakurle baten mezua jasotzea, edo musikari batek zure hitzei musika ipintzea... Sari horiek betetzen dute nire altxor-kutxa. Beste sariak, erakundeenak, diru kopuru bat edota ospea ematen dutenak, lanaren aitorpen praktikoa dira, inoiz ez erabat objektiboa, bultzagarri bat liburuen zabalkundeari begira. Batzuk nahiz besteak eskertzen ditut, guztiak eta bakoitza.
Lehen liburutik zer nolako garapena izan duzu azkenera arte?
Garapena atipikoa izan da. Lehen liburutik 1986tik gaur bitartean aldaketa pertsonal handiak izan ditut. Urte pila pasatu nuen Giltza argitaletxeko lanari buru-belarri emanda, hainbeste ze iritsi nintzen pentsatzera literatura idaztea ameskeria bat, espejismo bat, nire benetako bokazioa testu-liburugintza zela. Izan nuen aldi estatiko luze samarra idatzi gabe. Ordea, 2000tik hona etenik gabe aritu naiz. Garapena, labur esanda, hobeto idazten ikasi dudala, eginaren eginez.
Beti autodidakta ibili zara, ez duzu inoiz inolako prestakuntzarik jaso inon, inongo idazlerengandik, edo...?
Gaztetxotatik idatzi dut. Akordatzen naiz amari olerkiak-eta egiten nizkiola. Eta lagunak igande arratsaldeetan palan jokatzera joaten ziren bitartean, etxean geratzen nintzela ipuinak idazten, gustura egoten nintzelako gauzak asmatzen.
Literatura gustatzen zitzaidalako ikasi nuen Euskal Filologia. Miresten ditugun idazleak imitatu nahian jarduten dugu hasieran. Horixe da norberaren formula. Gero, zer lortzen dugun beste kontu bat da, norberarena norberaren erara egitea, estiloa lortzea.
Zu gai zara zure burua korronte baten barruan kokatzeko, edo estilo baten barruan, edo ez duzu nahi?
A zer galdera! Inoiz ez didate horrelakorik galdetu. Hemen bakoitza bere aldetik gabiltzalakoan nago. Etiketa bat jartzekotan, berrogeita hamar urteko emakume idazlea naiz.
Bergarako Idazle Eskolara ere etorri zara hainbatetan. Lehen egunean esan zenuen ez duzula gustuko eskolarik ematea, baina guri kontrakoa sentiarazi zenigun. Deserosotasuna barruan daramazu? Edo zergatik diozu deseroso zaudela?
Iruditzen zaidalako epaimahai zorrotz baten aurrean nagoela, erakutsi egin behar ditudala jakituria eta argitasuna, ahoz, bertatik bertara; eta nire erritmoa bestelakoa da. Idatziz hobeto pentsatzen dut. Horregatik ez zait gustatzen ez tertuliertan ez mahai-inguruetan parte hartzerik. Gainera, motela naiz eztabaidarako, ez naiz eroso sentitzen.
Amaitzeko, idazle izan nahi dugunoi zer aholku eman ahal diguzu?
Aspaldi, Bergarako aldizkarirako bidali nuen halako errezeta antzeko bat. Aholku bat zen elikatzea, hau da, gauza onak irakurtzea, ezen horrela norbera ere berotu egiten da, edo abiapuntu batzuk topatzen ditu. Beste bat zen arriskatzea eta salto egitea, hau da, gai batek deitzen bazaitu, begiak itxi eta salto egitea eta leiala izatea egindako hautuari. Hirugarren aholku bat, une ilunak izan arren, idatzitakoa inoiz ez botatzea; baliogabetu bai, baina ez guztiz deuseztu. Nahiz eta egindakoa kaka zaharra begitandu, baliteke denbora batera hartu eta zatiren bat edo berbaren bat salbatzea beste testu bati ekiteko.