...Nire berri eta Txekiari buruz jakin nahi baduzu... noski...Milan Kundera idazlea Parisen bizi da, baina Brnon jaio zen, ni bizi naizen tokian. Olerki hau bere omenez doa... LIFE IS ELSEWHERE (Milan Kundera):
BIZITZA BERTZE NONBAIT DAGO
(NIGANDIK AT)
Ainara Maia
2009-02-22
Negarrik gabe, isilik, sortu nintzen.
Olerkaria sortu zen behin,
baina non eta noiz zehazki?
Ainara. Udaberriko ainara bakar bat
udaren iragarle,
baina non da uda?
Ainara bakar batek ez dakar udarik,
eta bitartean masturbatu egiten da
eta (a)hots arrotz bakar bat sumaturik
lasterka hasten da
ihes egiten du habiatik.
Olerkari ororen bizitzan behin,
amarengandik at jaurtiarazten duten malkoak heldu
eta lasterka hasten da.
Lasterka segitzen du oraindik Arthur Rimbaudek,
Xabierrek (Lizardik nahiz Letek) ere bai,
behin eta berriz,
nahiz eta lepoko batek heldu bortizki bere gogoa
lasterraldi horretan POESIA idatziz ziztu bizian.
Olerkaria jeloskorra da
erdi aroko gizonak, urteak joan ahala,
denbora mantsotzen du,
eta orduan hiltzen da olerkaria,
baina soilik olerkari batek daki
zein maitagarria den
poesiaren etxe ispiluztatuaren barnea.
Bitartean ainara bakar batek hegan segituko du
zeru urdinean.
Eta nik lasterka haren gibeletik,
behin negarrez hasi bainintzen
eta jada ezin dut gelditu!