BERRIA egunkarian atzo argitaratu zuten nere artikulu hau:
Mila zatitan (des)egindako bihotzak zatitu gabekoak baino gehiago maite al du?
Laranja erdia garela sinetsarazi digute eta, orduan, bertze laranja erdiaren bila, mahats ale freskoa mahaspasaren gisa idortzen joaten da, maitatzeko gaitasuna galdu arte.
Erdiaren esperoan idortzen ez bagara, orduan, gudari txinatar batek sandia urtsu baten gisa, mila zatitan egiten gara, eta gero lan handiagoa dugu erdia aurkitzen.
Sagarraren bihotza osorik uzten den gisa berean, sagar osoa izaten ahal gara eta melokotoi oso baten bila abiatu... errazagoa izango da laranja erdi berdin bat aurkitzea baino sagar oso desberdin bat aurkitzea eta horrela osoki maitasuna eskaini bertze oso horri?
Batzuetan, gerta dakiguke inoiz ere ez aurkitzea maitatzeko oso bat, baina beti geldituko zaigu norberaren osoa maitatzeko gaitasuna.
Bertze batzuetan, aldiz, oso bat zoragarri eta eder aurki dezakegu eta hari gure maitasun osoa libreki eskaini. Eskaini eta gero, beharbada, ez dugu bertze osoaren maitasuna jasotzen eta bertze oso batekin joaten da gure maitasunez kargaturik hari eskaintzera.
Horrela, samurai batek sandia urtsua nola, gure bihotza eta guzti mila zatitan egiten gara, baina beharbada mila zatitan (des)egindako gure osoak mila aldiz gehiago maita dezake bere burua, maitasuna harturik eman gabe joan den osoa, baita berehala aurkitutako bertze oso bat ere. Ala?
Ni, beharbada, bakarrik nago, baina osorik, eta mila zati (des)eginik mila eta bat aldiz maite dut. Maitemindurik nago. Nire bihotzean arrasto sakona utzi didan osoa asko maite dut, baina...
Ainara Maia.
Brno (Txekia).