1984. urteko egun euritsu batean jaio omen nitzen. Zizurkilen hazi eta hezi naiz. Bilbon, lau urte zoragarri igaro nituen kazetaritza ikasketak egiten. Txikitako asmoa zen kazetaritza ikastearena. Metro eskas nintzela, kazetaritzari ikusten bainion idaztearekin loturarik handiena. Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta eta beste hainbat idazleren bisitak izaten genituen eskolan. Orduz geroztik miretsi dut “idazlea”. Agian gehiegi.
Zuzen nenbilen kazetaritza idaztearekin ezkonduta zegoela pentsatu nuenean. Gaur, idazten ematen dut eguna Galtzaundi aldizkarian. Lehenagotik Euskadi Irratian aritu nintzen, Euskadi Gaztean ere egin nuen sartu-irten bat, eta Txolarre Irratia izan dut eskola zein lantoki. Bertan elikatzen dut egun nire irratigintzaren arra.
Idazteak esfortzu handia eskatzen dit. Horregatik, “apenas daukat idazteko tarterik” aitzakia erabiltzen dut. Idazle alferra naizela esan liteke. Boladak izaten ditut hala ere.
Liburua da nire oparirik gogokoena. Atxaga, Lertxundi, Irigoien, Cano, Borda, Mintegi, Jaio... Idazle hauen lumak erruz gozatu arazi didate. Gozatu araztea da ordea nire benetako erronka.