Postalen erroetaraino
ERROTIK Gotzon Barandiaran Susa, 2010
1984. urteko Bilbora garamatza Larrabetzuko idazlearen lehenengo eleberriak. Bilbotarrek gogoan izango dute data hori: Espainiako Gobernuak Euskalduna ontziolan birmoldaketa egitea erabaki eta lanpostu kopurua 2.461etik 200era murriztu zuen. Orduan hasi zen Euskal Herriko langile mugimenduaren historian ezagutu den borrokarik esanguratsuenetariko bat. 1987ra arte iraun zuten Euskaldunako langileen protestek. Bada, hiru urteko borrokaldi horren kontakizuna egiten du Barandiaranek eleberriaren lehenengo zatian, hiru zati baititu nobelak.
Lehendabizikoan, Luis Urresti, Euskaldunako langile eta nobela honetako protagonistaren ahotik jakiten du irakurleak urte haietan bizitakoaren berri. Une delikatu batean erabakitzen du Luisek Euskaldunan pairatutakoa kontatzea: minbiziak heriotzaren atarira eramaten duen unean, hain justu. Aurretik inoiz ez zuen ontziolan arnasten zen giro gatazkatsuaz hitz egiten; BegonĚa emazteak eta Lore alabak erregutu arren, ez ditu bere kezkak partekatu nahi izan. Aita langile mugimenduan nola, alaba ikasle mugimenduan barruraino sartuta dago, eta Luisek borrokak ekarri dion oinaze guzti horretatik babestu nahi du alaba. Horregatik urtetako isiltasuna. Isiltasun horrek, ordea, aita-alaben arteko harremana hoztu egiten du, eta bien arteko arrakala hori da zehazki eleberriaren bigarren zatiko ardatza. Luis ospitalean dago bere bizitzako azken egunetan. Berandu baino lehen, arantzak kentzen hasteko garaia da. Protagonisten elkarrizketa oparoa hirugarren pertsonan kontatzen digu narratzaileak. Azkenik, hirugarren zatian, Lorek berak hartzen dunarratzaile papera eta Peru semeari kontatzen dio Euskaldunako gatazka nola bizi izan zuten etxean. Puntu horretatik aurrera Lore bihurtzen da protagonista. Bera da istorioari amaiera ematen dion ekintzaren egilea. Ekintza harrigarria, adierazgarria, egileak erabiltzen duena «bere iraganaz lotsatzen den postaletako Bilbo»-ri kritika egiteko.
Hiru belaunaldi kateatzen ditu idazleak eleberrian: atzokoa, gaurkoa eta biharkoa. Hiru belaunaldi, Euskaldunaren itxiera gradu batean edo bestean pairatu/ko dutenak. Eta azkenik etorkizunari, oroimenari, zuri, galdera bat: Bilboko ibaiertzera joaten zaren hurrengo aldian Euskalduna Jauregiaz eta Guggenheimez haratago, erroetaraino, ikusteko gai izango zara?