Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Esanak eta kontraesanak

BURU TA ZIOAK Fito Rodriguez Utriusque Vasconiae, 2010 161 orrialde.

li57    

Gauzarik garrantzitsuenak esan gabe doazelako idatzi egiten dut, eta esan gabe doa artikulu hau ere. Bat-batean ezin esan dena idatzi beharrean idatzi du Fito Rodriguezek aforismo eta gogoeta multzo hau, eta ezin esan beharra aunitz da olerkari lotsati mutu honengan, normalean ahoz esan gabe doazkidalako hitz garrantzitsuenak, eskuz idatzita utziz. Aire herrikoi gisa, erraz eman dizkio aholkuak poetikoki Fito maisuak idazlegai betiereko honi, eta liburu osoa gorriz azpimarratzeaz gain, pentsarazi dit idazketa eta irakurketaren inguruan.

Baga. Izan al daiteke inoiz idatzi ez den maitasunezko eskutitzik? Fitok baietz esaten dit, izan daitekeela inoiz idatzi ez den maitasunezko eskutitz bat, bakardadean eta isiltasunean maitearekin komunikaturik, bihotz-odolaren bitartez iristen baita adierazia, ez ahozko, ez idatzizko adierazpenak ere izan daitezkeelako.

Biga. Literatura idazketa eta irakurketa baino aunitzez gehiago delako ez da ez zientzia ez filosofia; literatura etengabeko bilaketa da, bat-batean hitza, isiltasuna eta bakardadea puskatzen duena; hori ere bada literatura, (biz)hitza. Bakardadea eta isiltasuna baitira ezinbesteko fikzio hitz hori sortzeko, bestearen kontraesana behar dugu gure esana izateko. Ez gara geure buruaren jabe, esan eta kontraesan etengabeetan izaten gara literaturan. Nire barneko guztia azalarazi arren, idatziz gero, fikzioaz ari gara, eta fikzio oro autobiografikoa al da? Zer ote da egia eta zer gezurra? Bakarrik eta isilik nago munduan, eta ez da normala, gizarteak ez baitu erraz onartzen ni bezalako neska isila eta bakartia.

Higa. Egon al daiteke noizbait idatzi den maitasunezko eskutitz baten erantzunik? Gizarteak ez du erraz onartzen idazlearen nahigabea, esana eta idatzia desberdinak baitira. Idazkera pentsatu eta esan aitzin badoa, eta erraz idazten badut ere, beti ez dut behar bezala idazten. Pentsatu aitzin, sentitzen dut, eta horregatik niretzat bakarrik idatzi izan dut, eta besteentzat idatzi dudalarik mindu ditut lagun minak. Norberaren ahalegina denona dela ulertzeko eta maitatzeko modua da, idazketa minaren ondorengoa dela ulertzea, irakurtzea. Eta min dut nire maitasunezko eskutitzek ez dutelako erantzunik jaso, edo agian, jaso dut isiltasunaren bitartez? Norberaren ahalegin handiak lorpena dakarrela esan dit idatziz Fitok. Gizarteak ez du erraz onartzen baliagarria ez dena.

Laga. Hitzak berez sortzen dira, baina literaturaren lana hitz horiek elkartzea omen da. Adierazteko gaitasunik ez badago, idazleak bilatu egiten du, eta horretarako besteen testuak irakurriz norberak bere buruari kasu egiten dio. Poesia eta literatura jolasa dira enetzat, heldutasuna galtzen ari naiz literaturaren bide hauetan, literatura haurtzaroko oroitzapenen ordezkoa dela esan baitit Fitok.

Boga. Jolasa izateaz gain, literatura diziplina ere badela esan dit Fitok, eta heldutasuna galduz garatzen noa aitzina bizitzan. Gizadia garatzen duena idazketa baita. Etengabe hobetzen laguntzen du literaturak, biz(hitza) arruntean ez dagoena ikusten lagunduz. Sega. Kultura ez baita natura, baina mundua ulertzen laguntzen du irakurketak, eta bihotzetik irakurtzen jakin behar da. Barka gaizki esanak edo idatziak, eta onak gogoan hartu, irakurle.

Zai. Zure eskutitzaren zain nago, esan edo idatzi nahi duzuna, idatzita utzi arren, irakurleona baita erantzuna (E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.) Zoi. Sorgintzan segi dezagun.

Ainara Maia

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago