Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Historia istorioari gailentzen zaionean 

ILARGI HORIA. Joxe Mari iturralde. Pamiela, 2012.

li127    

«Iritsi da Melillara azkenean». Liburuaren lehen esalditik kokatzen gaitu Joxemari Iturraldek gertaeren tokian. «Ilargi horia» eleberria, hasi, jarraitu eta bukatu, Maroko eta Espainiaren arteko mugan gertatzen da. Tokia beti bera izango da liburu osoan zehar; denbora da aldatzen dena. Bi garairen arteko zubi lana eginez osatzen du tolosarrak nobela: Bat, iragan hurbilekoa, zehatz mehatz adierazten ez den arren, aurreko mende amaierakoa. Beste garaia, eta pisuzkoena, XX. mendeko bigarren hamarkadakoa, Rifeko gerra edo Afrikako gerra bezala ezaguna den gudua piztu zenekoa, alegia.

Historiako eskola-liburuetan apenas agertzen den pasarte bat aukeratu du Joxemari Iturraldek. Literaturan ere gutxitan agertu da Afrika Iparraldeko gudua. Honen ohiartzuna apala izan arren, euskaldunontzat badu pisua. Izan ere, ehunka euskaldun izan ziren Afrikan mairuen aurka borrokatzera destinatuak.

Protagonista Melillara iristen da lan kontuak direla-eta salmenta batzuk egiteko asmoz. Ez dakigu bere izenik, (hirugarren pertsonan hitz egiten duen narratzaileak «bisitaria» deitzen dio) baina abizena aski ezaguna da paraje haietan: Aretioaurrena. Izan ere, protagonistaren aita eta osaba besteak beste, Afrikako Gerran moroen kontra borrokan aritu ziren. Horren lekukotza bisitariak berak ikusten du kanposantura gerturatu eta Areitioaurrena abizena hilerrian idatzirik ikusita. Egun batean, Bisitariak ostatu hartzen duen hoteleko harreran egoten den mutilak enkargu bat ematen dio. Mazmer delako agure batengana joateko gonbidapena jasotzen du, berari asko interesatuko zaion zerbait omen du kontatzeko. Mazmer jauna, protagonistaren aita, osaba eta euskaldun askorekin batera aritu zen borrokan frontean. Honek Almanaka bat ematen dio irakurtzeko. Bertan kontatzen dira Areitioaurrenatarren taldean borrokan aritu ziren soldadu euskaldun eta espainiolen gorabeherak.

Lehenengo pertsonan idatzitako almanaka hau da nobelaren muina. Liburuaren erdia hartzen du. Gehiegi. Izan ere, liburua ia ia gerrate haren kronika da. Almanakak fronteko gertaera lazgarrien lekukotza eskaintzen du, eta maiz bultzatzen du irakurlea gizakiaren krudelkeriari buruz hausnaketa egitera.

Baina pasarte historikoa istorioari, nobelari, gailentzen zaio, eta irakurle hau behinik- behin, fikzio, literatura gosez geratu da. Areitioaurrenatarren istorioa, bai bisitariarena eta bai honen aideena borobiltzen du idazleak, baina sakontasuna falta zaio. Ezer gutxi dakigu pertsonaia horiei buruz, trama nagusia osatzeko beharrezkoak diren datuak soil-soilik.Gainera, amaiera bera ere ez da ezustekoa izan, irakurle intuizioak igarri dezakeen amaiera baita. Era berean, Almanakan ateratzen diren borroka-lagunei buruz ez dakigu izena besterik. Koadro bat deskribatu du idazleak, baina ez du koadro horretan agertzen diren pertsonei buruz hitz egin. Eleberriaren izenburua uzten dut irakurlearentzat amu gisa: Ilargi horia. Bere esanahia benetan ederra da. Irakurleak almanakan aurkituko du.

Leire ZUBELDIA

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago