Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

Tragikomedia italiarra 

«Kondesa esku-guria»

 

Milena Agus."Kondesa esku-guria" Itzultzailea: Fernando Rey. Argitaletxea: Cenlit

li67    

Bihotza eta eskuak, biak guri-guriak ditu kondesa esku-guriak. Hau da, bigunak. Bigunegiak akaso. Hala esaten diote Maddalena eta Noemi ahizpek. Kondesa, bere zoritxarrean zoriontsua izan daiteke, ingurukoei laguntzen badie. Zoriona ukitu dezake, besteak. zoriontsu ikusten baditu. Guritasuna edo biguntasuna mengeltasunarekin ere pareka daitezke nobela honen protagonistaren kasuan. Kondesa ez da gai Hezkuntza Sailetik eskaintzen dioten ordezkapen bakar bat ere amaitzeko. Ikasleen irain eta burutazio ankerren jopuntua dela uste du beti, eta depresioak jota bertan behera uzten du lana.

Hiru kondesa ahizpak jauregi batean bizi dira, Sardiniako Cagliari hiriko alde zaharrean. Garai bateko jauregi ederra zaharkiturik dago gaur. Puskaka ari da erortzen. Gainera, zorrei aurre egiteko eraikina apartamentuetan banatu eta zatika saldu behar izan dute. Hirugarren solairuko apartamentuan Noemi bizi da. Epaile gisa lan eginez irabazten dituen sosak gorde egiten ditu, egun batean jauregia berreskuratu eta osorik zaharberritzeko. Bien bitartean zarpail jantzita ibiltzen da. Jatekoa ere neurtu egiten duo Auzokoentzat neskazahar xuhur eta zoritxarrekoa da Noemi. Bigarren solairuan Maddalena eta Salvatore senar-emazteen apartamentua dago. Bikote zoriontsua osatzen dute. Pasioa dario harremanari, hamaika eszena erotiko oparituko dizkigutelarik. Alabaina, Maddalena kondesa ez da erabat zoriontsua, horrenbeste desio duten haurra edukitzea lortzen ez dutelako. Kondesa esku-guria da hiru ahizpetatik ama izatea lortu duen bakarra. Carlino da bere semea: sei urteko mutiko itsusia, mengela eta baldarra baina pianoa aingeruen pare jotzen dakiena. Maitasuna. da kondesak bilatzen duena:, bere bihotz guria beteko duen printze urdina.

Ahizpekin batera, besteak beste, familiako haurtzaina, etxezaina, Elias artzaina eta Miccriu katua bizi dira jauregian. Bizilagunen arteko harremanak dira nobelari mamia ematen diotenak. Gainera, sare hau ehunduz kondesen familiaren historia ere osatuko du irakurleak. Pertsonaia bitxiak dira guztiak ere, karikatura modukoak. Aldi berean, ordea, oso errealak dira: inor ez da zoriontsua daukanarekin, ondokoak duen hori falta du zoriona erdiesteko. Milena Agus egileak primeran baliatu ditu pertsonaiok egoera eta sentsazio ezberdinak sortzeko. Hamaika kolore nahastu ditu pintzelkada bakoitzean: tragikotasuna, komedia, poza, desilusioa, errukia, argia, iluna ...

Aniztasun horrez gain, gehien hunkitu nautena nobelan pisu handia duten deskribapenak dira. Pertsonaiak, jauregia eta Cagliariko alde zaharraren deskribapenaren bidez, mundu bat sortzea lortu du Agusek, eta irakurleari erraza egiten zaio kontakizunean agertzen diren kale estu eta zaharkituetan barrena ibiltzea. Irakurtzen goazen heinean gure begiekin ikusten dugun sentsazioa izango dugu. Lorpen honetan zerikusia du Fernando Rey itzultzailearen lanak. Jatorrizko bertsioari leial, Italiako hainbat esapideren eta hitzen esanahiak azaldu dizkigu ohar laburren bidez.

Nobela hau izen-abizenekin sailkatu beharko bagenu, tragikomedia italiarraren sailean kokatuko nuke nik. Milena Agus egilea, berriz, irakurri nahi ditudan idazleen zerrendan jarri dut dagoeneko.

Leire Zubeldia

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago