Dena da politika
Liburu mardula ireki eta “Vikingoen Sorterrira. Istorioak”irakurri dut sarrerako orrietako batean. Istorioak edo ipuinak baino, esango nuke zazpi nobelatxo idatzi dituela Xabier Mendiguren Elizegik. Beti pentsatu izan dut pertsona bakoitzak nobela bat gordetzen duela. Bere bizitzaren nobela. Bada, liburu honetan pertsonaia ezberdinen nobela kontatzen zaigun irudipena dut. Pertsonaien istorioak dira eta ez istorioetako pertsonaiak. Protagonistak dira abiapuntu, eta horien bizitza hartzen du narratzaileak mintzagai. Ez da une batera, gertakari batera mugatzen; bizitza osoak kontatzen ditu egileak, edo behintzat epealdi luzeak.
Erbestean larriki gaixorik dagoen aita ezezagunaren bila doan emakume gaztea; ebakuntza arriskutsu baten aurretik alabari bere bizitzako amodio sekretua kontatzen dion emakume heldua; aitaren lantegia ixten dutela-eta ikasketak albo batera utzi eta mobilizazioak antolatzeko herrira itzultzen den ikasle abertzalea; arrebarekin harreman sexualak dituen mutil gaztea; autoarekin harrapatuta haur bat hil eta errudun sentimendua gainetik kendu ezin duen preso ohia... Adin eta kolore ezberdinetako pertsonaiak agertzen zaizkigu liburuan. Baina badute zerbait komunean: pertsonaia arruntak dira, sinpleak, eta bizitzako une edo gertakari batek muturreko egoera batera eraman ditu. Diren bezala erakusten ditu Mendigurenek, beraien kontraesanekin. Pertsonaia guztien kasuan sumatzen du irakurleak pentsatzen eta egiten dutenaren arteko inkoherentzia. Gainera, kontraesan horiek ia beti gai politikoekin izango dute zerikusia.
Politikak eta langile mugimenduak osatzen dute liburu honetako paisaia. Gehiago zehazte aldera, Euskal Herria eta bere gatazka politikoa da testuingurua. Lantegien itxierak, ezker abertzaleko militanteen asanbladak, errefuxiatuen ezkutuko bizitza, edota presondegietako bisita gelak maiz agertzen dira istorioetan. «Dena da politika» ondorio unibertsala baieztatzen dute zazpi nobelatxoek. Ildo horretatik, zirraragarria gertatzen da Mendigurenen istorioetako batean ageri den pasartea: urritasun psikikoa duten bi pertsona borrokan hasten dira ulertzera iristen ez diren gertakari politiko batengatik.
Lan osoari izena ematen dion “Vikingoen sorterrira”istorioarekin zabaltzen da liburua. Istorio honek, ordea, ez du gainontzekoek baino pisu handiagoa. Are gehiago: zazpi istorioetatik ahulena iruditu zait niri. Badirudi egileak liburuaren azken erdirako utzi nahi izan dituela istoriorik kitzikagarrienak: arestian aipatutako bi pertsona atzeratuen arteko borrokaren pasartea kontatzen duen “Normalak bagina bezala”, “Galeperrak”eta “Ezbeharrean zorion” dira irakurle honi gehien eragin dioten narrazioak.
Istorio batetik bestera narratzailearen ikuspuntua aldatu egiten da, baita kontaketa antolatzeko era ere. Hala eta guztiz ere, liburua nahiko monotonoa egiten da. Istorio guztiek ondorio bertsuetara garamatzatelako izango da beharbada. Honako hau aurrez Mendigurenek argitaratuak dituen lanen jarraipen bat dela esango nuke. Oraingo honetan, ordea, irakurlearengan eragitea lortu du.