Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Biz(h)itza badoa
MISERIKORDIA ETXEA Joan Margarit Meettok, 2010
 
li31    
pdf    
Bere olerkiak baino bere bizi-hitza gustatu  zait. Joan Margarit zahartzarora iritsia ausentziaz eta ez egoteaz ari da, baita pozari buruz ere; nola bizitza eta nola poetaren  baitan joandakoaren bizitza ere aitzina  doan.

Poeta katalanari egindako liburuaren  hasierako elkarrizketa oso baliagarri izan  zait poeta gisa, eta poetaren epilogoak, berriz, hausnarketarako balio izan dit pertsona gisa bizitzeko. Tartean poemak daude.  Liburu osoa euskaraz eta katalanez. Juan  Ramon Makuso euskal olerkariaren euskarazko itzulpena irakurri dut, baina jatorrizkoari zeharka begiratzen nion, jakin  gabe euskaratutakoa zenbateraino den fidela. Bertako poema laburrek kontsolatu  naute, poesia miserikordia-etxea baita,  edonora joanik ere, poesia aterpe eta babes, kale gorrian ez egoteko.

Bestalde, izugarria da poetaren egoera,  poetak poesiari ematen baitio biz(h)itza.  Joan Margaritek esan dit poesia informazioaren kaxa beltz bat dela, eta poema labur bakoitzean sartu ondoren, eta poetaren sufrimenduak, iragana, etorkizuna,  itxaropena eta, azken batean, bere bizitza  irakurri ondoren, hobeki atera naiz haietatik. Ez dakit ongi euskaratuak diren poemok, baina bere hitzak baliagarri izan  zaizkit; ez dakit zerbait berria eta originala  esan didan, baina bere esateko moduak  hunkitu nau.

Poesia hitza da. Biz(h)itza. Eta horregatik, ez ditut olerkiok zehatz-mehatz aztertuko, egitura eta errima alegia. Ni ez naiz  nor besteren bizitza epaitzeko, besteren  oinazea kalkulatzeko, eta horrek kontsolatzen nau. Neure burua hitzek eraman dezaten utzi dut, eta Charlotte Bröntek behin  idatzi zuen bezala, bakarrik egon arren, ez  naiz bakarrik sentitu; batera sentitu ditut  barrualdeko zalaparta eta kanpoko haizearen kexu atsekabetsua.

Zortea izan dut idatzizko hitzaren isiltasun hau aurkitzeagatik. Ez dut ahaztu,  nahiz eta ez oroitu, eta Joan Margaritek  oroitarazi dit bizitzak maitasuna utzi didala, ene maitea nigan  gelditu den bezala.  Bihotzeko zauri hau zabaldu zidan, maitasuna bulkadatik, derrigortzetik, torturatzetik datorrelako, eta maite dudan horregatik nik ere ez diot utzi negar edo barre  egiteari; gure maitasunaren iragana eta  etorkizuna daukat gaurko bakardade honetan, eta poesia azken miserikordia-etxea da, ene kontsolamendua. Babes poetiko honetan pentsamenduaren hiriren  batean ene maitea maitatzen egonen naiz,  izan Bartzelonan, Brnon edo Bilbon.

Miserikordiaz salbatu ginen guztiok  amaz erditzean, batzuk isilik eta ubel sortuginen, beste batzuk negarrez. Miserikordia-etxean babestu nintzen neu ere aita  minbiziarekin joana zitzaidalarik, duela ia  zortzi urte. Poesiaren miserikordia-etxean  nago, kale gorria gogorragoa baita, eta  orrialdeak jendearen buruen gainetik dabiltza tximeleta harrigarriak bezala, neure  begiek idazten dizutelarik zirriborro batez  ene maitearen izena, ni harekin ez egon  arren. Idazteak elkarrekin egoteko balio  du, eta tristurak inguratzen nau hura nire  inguruan dabilen seinale.

Ekaineko hotza igaro da, eta ilunabarrean hegan dabilen enarari bezala, guri ere  geratzen zaigu aukera bat. Nahiko nuke  norbait nire zain balego, nigatik norbaitek  negar egingo balu. Negar irribarretsu honekin lakuko abestia kantatuko dizut zuri  ere: zure uraren hoztasuna maitatu gabe,  zure/nire isiltasunak salatzen zaitu/nau.  Inork ez daki hori, egunkari honetako irakurleak izan ezik, eta ez dakigu zergatik  den Margarit abesten duen agure bat.

Ainara Maia

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago