Mingostasun xaloa
KONTRARIOA Lander Garro Susa, 2010
Idazle izateko gogoa duena eleberriko protagonista nagusia da, Raul Oliveira gaztea. Betidanik bere burua tokiz kanpo ikusten duen hau, unibertsitate ikasketak utzi zituenetik zereginik topatzen ez duena, mozkortzen eta xakean jokatzen aritzen da gustuko taberna zuloan sartuta. Oskar laguna du edozertarako kide, berarekin mintzatzen da honetaz edo hartaz. Bera da ondoan duen konfiantzazko bakarra. Adiskidetasuna dario beraien harremanari, bitxia baina egiazkoa den laguntasuna. Izan ere, familia aukeratzen ez den bezala, norbait lagun moduan izan nahi duzun bai ala ez hautatu baitaiteke. Eta Oliveirak sendiaz sentitzen duen lotsa arintzeko ezinbesteko makulua du laguna. Bien arteko eztabaidak, esandakoak eta esan gabe utzitakoak, zirikatu nahian botatakoak... oso modu naturalean ateratzen dira eta ez dirudite batere behartuak. Are gehiago, oso gustura eta irrikaz jarraitzen dira.
Istorioa autoreak ondo ezagutzen duen tokian kokatu du, Errenteriako Pontika auzoan, bera jaio zen inguruan, alegia. Langile eta etorkinen auzoa izateak ere nortasuna ematen dio kontakizunari, azaltzen diren toki gehienek bezalaxe. Galtzaileen kontuak baitira hemen irakurtzen direnak. Erdigune polit eta ponpoxoetan lekurik ez dutenen bizimoduak. Garaiari dagokionez, 90eko hamarkada bukaerakoa da istorioa. Pentsatzekoa da Garrok berak bizitako urteak direla, eta pertsonaien izenen bidez eta batez ere, musika erreferentziekin ondo girotua dagoela uste dut. Gainera, bakoitzak berea kontatu behar duela onartuta ere, eskertzekoa da horrelako eleberri bat betiko 80ko hamarkadatik kanpo ikustea. Eta ez denboragatik bakarrik, baita bestelako zenbait topikotatik aldentzeagatik ere.
Eleberria bizitzaren gordintasun eta gogortasunez estalia dago, euren burua gizartearen gehiengotik kanpo ikusten dutenen ikuspegitik, arrunta deitzen den horretatik landa. «Oliveirak bazekien ustezko normaltasunik ez zegoela. Teoria hutsa zela. Hedabideen propaganda. Lanerako deia. Otzantasunaren aldeko maniobrak.[...] Hori guztia bazekien, baina zein gutxi balio zuen teoriak sentimenduak arrapaladan etortzen zitzaizkionean!». Hala eta guztiz ere, eta agian pertsonaia gehienak hogei urteren bueltan dabiltzalako, xalotasunez beteriko zati ugari ditu. Eta umorez zipriztindutakoak ere bai, irakurleari irribarrea behin baino gehiagotan aterako diotenak.
Gustatuko litzaidake Oliveira, Oskar, Eneko eta beste guztien berri izatea aurrerantzean ere. Nobelaren amaierak ematen du jarraitzeko aukerarik eta autoreak ere ez dio posibilitate honi biderik itxi. Beste buelta mordo bat eman beharko dizkio, idatzi eta ezabatu, idatzi eta aldatu, idatzi eta berridatzi, ziur samar egon arte.