Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
GASOLINDEGIA ERRETZEN 
 
GASOLINDEGIAN Yurre Ugarte  Alberdania, 2002
 
li29    
pdf    
Liburuaren azala da pospoloa: gasolina  hornigailu bat, barruan harrapatuta dagoen emakume bat, giza garuna agertzen  den posterra eta txorimalo bat paisaia laranja gorriztatu batean. Denbora eman dut elementu horiei begira, denak istorio  batean nola elkartu daitezkeen pentsatzen. Liburua irekitzean aurkitu dut lehenengo pista: lehenengo manifestu surrealistaren aipua. Pospoloaren gar txikiak  atzamarrak erretzen ditu jada. «Notrè€dam-eko konkorduna autobusean doa»,  hasi da lehenengo ipuina. «Konkorreko  zamak bultzatuta gauza harrigarriak egiten omen dituzte konkordunek», irakurri  dut ipuinaren hondarrean. Eta bai; gasolindegiko konkordunak gauza harrigarria  egin du. Pospoloaren garttoa sutzar bilakatu da, norbaitek gasolina bota izan balio bezala. Eta suak indartsu iraun du,  ipuinez ipuin, liburua amaitu arte.

Autobuseko konkorduna da sua pizten duena, baina ipuinez osatutako nobela honetan Rakel eta Claudiu pertsonaiak jartzen ditu irakiten Yurre  Ugartek. Irunen bizi den idazle tolosarrak ez dagokion lekuan dagoen pertsonaiaren istorioa kontatu nahi izan du.  Rakel Arte Ederretan lizentziaduna da,  eta bizitzak (edo gizarteak) gasolindegi  batean lan egitera eraman du, sortzaile  izateko prestatu den pertsona lan mekaniko batean jarriz. Claudiu, berriz,  etorkina da, errumaniarra. Honen egoera ere ez da batere desiratua, Rakelena  bezala. Baina biek bizi duten errealitate  makurrak INEMeko bulegora joanarazten ditu, eta han egiten dute topo. Sua,  maitasuna sortzen da bien artean. Egoera makur batek egoera hobe batera eraman zaitzakeela iradoki nahi izan du  egileak. Amaiera esperpentikoa du, baina ez tristea. Baikortasunerako deia irudi dezake.

Idazleak berak esana da errealitatea  dela bere literaturaren abiapuntua. Zinez erreala da ez dagokion tokian dagoen pertsonaren irudia. Baina errealitate  arrunt horretatik harago, muturreko  egoeretara eramaten ditu bere pertsonaiak. Egoera horiek urrun daude ohiko  errealitatetik, baina arraroak iruditu  arren, errealitate izan daitezke. Hala izan  ezean, istorioa ez litzateke sinesgarria  izango, eta niri behintzat sinesgarria  egin zait. Zentzu horretan, lagungarria  gertatu zaio idazleari konkordunaren figura: ohiko errealitatearen eta fantasiaren arteko zubi modura erabili du, egoki,  eraginkor.

Zazpi ipuinez osatuta dago “Gasolindegian”eleberria. Era independentean  irakur daitezke, ipuin bakoitzak bere istorioa kontatzen baitu; baina multzoan  irakurrita, istorio bat osatzen dela konturatuko da irakurlea. Ipuin guztiak kronologikoki harilkatuta daude, pertsonaiak batean eta bestean agertzen dira,  eta narratzailearen ahotsa errepikatzen  da. Oso da nabarmena istorioen arteko  harreman hori; horrenbestez, ia ezinbestean nobela baten gisan irakurriko  du irakurleak.

Gauza harrigarriak gertatzen dira gasolindegian. Hain harrigarriak, non batzuetan bigarren irakurraldia beharrezkoa den gertatutakoa irensteko.  Ipuinetan ez dago ezer soberan, ez dago  alferrikako hitzik, dena hartu behar da  kontuan. Alde horretatik, ahalegin bat  eskatzen dio irakurleari. Adi irakurriz  gero, erre egingo zara. Oharkabean egindako irakurketak aldiz, ez hotz eta ez bero utz zaitzake. Zuk aukeratu.

Leire ZUBELDIA

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago