Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Nireak zugan, zureak nigan

DESIRA PLAZER 68/08. EUSKAL POESIA  EROTIKOAREN ANTOLOGIA |Zenbait egile  Txalaparta, 2010

li28    
pdf    
Gogorra izan da maiteminez eta bakarrik  poema sentsual eta erotiko hauek irakurtzea. Polita izango da poema bakoitza maite  dudan horrekin irakurtzea!

Antologia bat da poema-bilduma hau.  1968tik  2008ra bitarteko zenbait olerki erotiko hautatu dituzte Igor Estankonak, Edorta Jimenezek eta Josune Muñozek, tartean  eurenak ere bai. Nirerik ez.

Olerkari lagunen poemak irakurriz, gelditu naiz, atzera egin eta aurrera egiteko.  Geratu. Eta Karmele Igartuaren azken poemak xuxurlaka itzali ditu liburuaren hasierako ene grinak. Eta orain, zer geratzen  zait? Olerki erotiko bat idaztea? Eguneroko  magiaren plazer txikiez bustitzea? Hiru  gehi lau ez da beti zazpi, batzuetan sei ere  izan daiteke edo bi edo bat. Hiru eta lau elkarturik hogeita hamalau urte magiko, eta  urteko hilabete bakoitzak bere egunerokoa idatzi dit gainean, orrialde bakoitzeko  olerkiak azala laztandu didan bezala. Eguneroko plazer txikiek eta olerkiek biziarazi  naute orain arte, eta orain, zer?

Etxepare leunki gainean pausatu zait lizun, eta Joxe Azurmendi ez da gutxiago  izan. Amaia eta Mikel Lasa ere bero etorri  zaizkit, eta Jon Casenavek aitortu dit nitaz  maitemindu dela. Oraino ez zait inor aitortu eta hunkitu egin naiz!

Tere Irastortzaren presentzia ausentziatik sentitu dut eta Xabier Montoiak loa  galdu du nirekiko elkartasunez. Arrietak  elur-maluta bakoitzeko oroitzapen bat  ekarri dit, eta urruti dagoenaren hurbileko  musu bustiak neure gorputzean sentitu
ditut. Bosgarren solairuko sabai zaharreko  sagar usainak mozkorturik, kontent paratu nau, eta urruti dagoen horren oihartzun isil lotsati hori hurbildu zaidalarik,  ene ohe gaineko gorputz biluzian haren  musu bustiak sabaiko iluntasunean ikusten ditut oraindik.

Eta arrapaladan beste guztiak sartu zaizkit barrenean: Agirre, Olasagasti, Solbes,  Setien, eta zergatik ez? Hitzik entzun ez zenidan txistu lotsati hori, neure bihotzean  zaudela ohartu naiz. Eta bat-batean Tere,  behin eta berriz dardaraka ene burmuinean. Mutu irakurri ditut poemok, batzuetan hotz, besteetan bero, hozbero askotan,  Josu Landak amodioaz hitz egitea debekatu baitio Ainara honi, behingoagatik habia  egitera ausart dadin. Eta aurkitu dut Otamendi, eta Barandiaranek neure flana probatu nahi omen du!

Sssh klack! Ene bihotza itxi dut batzuetan, ene maitea jelostu ez zedin. Itxaro  Bordak erran dit bizitza badoala eta aprobetxatzeko aukerak, Patri Urkizuk deitzeko  erraten badit, deitzeko eta kitto! Ez pentsatzeko gehiago maite ez nauen tipo horrengan. Omar Nabarrok alkoholizaturik utzi  nau, eta eskerrak Tere berriro sartu zaidan  barruraino, kontsolatzeko asmoz, hobe  baita manta on bat amante txar bat baino.

Nigan daude denak goxo. Neure poro  guztiek euren lurrina dute, orain ez naiz  bakarrik oheratzen. Besarkaturik, babesturik sentitzen naiz zurekin, nirekin ez egon  arren, maitea. Eta lasai negar egin dezaket,  poeta ofizioa ez baita erraza, poesia odolezko izerdia dela erran baitit Sarrionandiak. Ados nago. Emakume independentea  naiz, Estankona! Nire bular elurtuak zure  eskuetan urtuz, maitea, hustu ginen bosgarren solairuan. Eta orain, zer, udaberrian? Zertarako bakarrik egon?

Negar eta barre egin dut denetariko poema-liburu honekin, maitasunak auskalo  zein substantzia askatzen duelako, maitasuna da soilik azken batean estaltzen gaituena, Markuleta. Ni naiz lilia, zu poeta.  Edo alderantziz? Edo biak?

 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago