Ikusten ez denaz
OSPITALEKOAK Mikel Antza Susa, 2010
Izan ere, idazle orok erabiltzen du nolabait bere errealitatea sortzen hasten denean. Kasu honetan, argi dago parte bat benetakoa dela (Mikel preso dago Fresnesen, lehen aritua da idazten, donostiarra da...) baina ez dakigu noraino. Beste parte bat, ordea, fikzioa da. Nahasketa hau nahita egindako zerbait dela pentsa daiteke, izen ezaguna izatearen faktorea jolasteko erabili duela, besteekiko jakin-minak zenbateraino harrapatzen gaituen erakutsi nahi izan duela; eta honek, irakurtzen ari zaren bitartean zalantzarik eragin dezakeen arren, amaiera aldera askatzen ditu korapiloetako batzuk. Ondo borobildutako bukaera iritzi diot gainera, ondo egindako bideak merezi zuenaren tamainakoa.
Liburua bikotekideari idatzitako kronika moduan dago egituratua. Protagonista espetxeko ospitalera eraman dute osasun arazo txiki bat konpontzeko, baina ezustean, gurpil aulkian ibili beharrean aurkitu du bere burua eta bertan ekingo dio idazteari. Gertakizun desberdinen berri emanez, kapitulu batek hurrengoari egiten dio bidea, hau da, ideia batekin bukatzen badu, hori lantzen du datorrenean, orainaldiko eta iraganekoak nahastuz. Bizitzari errepasoa ematen dio, jaiotzea, erdi ezkutuko ikastolako egunak, gaztaroko printzak, atxilotze bezperako oroitzapenak edota kartzela barruko bizipenak kontatuz. Horrez gain, beste zenbait pertsonaiaren berri ere ematen digu, hala nola 36ko Gerran borrokatutako Xabier gudaria eta Veronique, Dimitri eta Jean Noel-ek osatzen duten hirukotea. Hauek guztiak ere garrantzitsuak dira nobelan, Mikelekin lotura dutelako ospitaleratze garaian zehar.
«Hor kanpoko munduarentzat ez gara existitzen; egunero La Coupole-n, Boulevard-ean edo Zazpi Kaleetako edozein tabernatan eguerdiko kafetxoa hartzeko ohitura duen hiritar arruntarentzat ikusezin gara, ozeano sakonenetako izakiak bezain». Ikusten ez den mundu bat deskribatzen du, espetxe barruko mundua. Alboko unibertso honi buruzko hausnarketak egiten ditu, guztia zein estua den edo zenbateraino dagoen programatua egunerokotasuna. Estatuak eta sistemak nola erabiltzen duten kartzela jendea isilarazi eta norbanakoa akabatzeko. Krimen perfektu gisa deskribatzen da, komunikabide gehienetan oihartzunik izango ez duena, presoak bere buruaz beste egiten duenean ez omen dago-eta hilketarik.
Gaur egungo bizimoduaren abiadurari buruz ere egiten du gogoetarik. Hain azkar bizitzeak egoerak modu orokorragoan ikustea eragozten digu, eta egiten dugunaren zentzuaz ez dugu hausnartzen. «Mundutik isolatzeko gaitasuna dutenez gain, ermitauek eta kartzelan bakartuek dute soilik denbora halakoetarako». Paradoxa galanta, existitzen ez direnek indar gutxi baitute ezer aldatzeko.
Gustura irakurtzen den nobela iruditu zait, harrapatzen duena eta zer pentsatu ugari ematen duena. Literaturari ale berriak emateko moduan dagoela erakutsi du Mikel Antzak hainbeste urteren ondoren.