Zu ere katu
KATU JENDEA. Eider Rodriguez, Elkar 2010
Jarri hiri handi bateko plazaezkutu batean (edo ageriko batean, berdin zait ) eman minutuak, orduak jendeari beha, zelatan. Denetik ikus dezakegu, istorio mardul nahiz ederrak bisaian zintzilik. Zenbaitetan, ordea, zurezko aulkitxoan eserita gaudela ikusten ditugun jendeei guk asmatzen dieguistorioa, gure erara asmatzen. Gure miran kokatu den hark duen itxuraren, aldartearen, umorearen edo janzkeraren arabera; baina ez ahantzi gu ere plaza horretan beha gaudelarik mira izan gaitezkeela inorentzat, eta inor horrek luma abileziaz erabiltzen badu, gure istorio hipotetikoa nonbait irakurri ahal izango dugu.
Horixe da, gutxi gorabehera, Eider Rodriguezek liburu honekin eskaintzen diguna, zurezko aulkitxoa eta jendea. Hortik aurrera datoz istorioak eta ziur bat baino gehiago (guztiok, esango nuke) katu jende zaretenaz ohartuko zaretela.
Liburuan zazpi istorio kontatzen zaizkigu, edo hobeto esate aldera, zazpi izenburu; izan ere, izenburu bakoitzak hainbat pertsona barreiatzen ditu ezkutuko edo ageriko plazatik, eta nik uste, bakoitzak bere istorioa duela, nahiz eta abenturan lagun edo kideak izan bidelagun.
Ez dut gehiegi sakonduko izenburuen atzeko-oihalean gordetzen diren istorioetan, uste dut horiek liburuan bertan biluzten joatea egokiagoa dela eta Eiderrek berak ere eskertuko du muturra behar ez dudan lekuan sartzeke uztea. Dena den, zuzena iruditzen zait askotariko kontakizunak direla azpimarratzea, jende mota ugari txertatzen dituztenak. Gizon-emakume heldu batzuk ikus ditzakegu lehenik, ama “berri”bat hurrengoan eta haur saharar baten etorrerak harengan eta ingurukoengan sortzen duen zalaparta edo aldaketa ere kontagai da.
Liburua laburra suertatzen da, batetik hala delako eta, bestetik, lerroarteak garraiatu egiten gaituelako azken geltokira arte, azken puntua zapaldu arte. Uste dut zehaztasunez idatzita dagoela, deskribapen luze eta nahasgarrietan korapilatu gabe, erritmoa bizi, gogoetez betetako paragrafoak baino gehiago gogoeta eragiten
duten esaldiz zipriztindua, zuzen, egoki, labur, labur geratzearen beldurrik gabe, alferrikako luzamendurik gabe.
Edertasunak eta botereak bere lekua omen dute orrialdeetan barrena, hala esanadu Eiderrek berak katu jendeaz mintzo. Baliteke, bi motibo horiek istorioak elkarlotzeko zubi lana egitea. Hala ere, errutina ere aipatuko nuke nik, hiru izenburuen atzean gutxienez argi eta garbi ageri baitzait hitz hori dirdira betean. Errutina, edo hura apurtzeko desira, hura apurtzearen ondorioak, errutina finean, ez dakit Eider bat etorriko den.
Errutina era askotara apur baitaiteke, berariaz edo nahigabe, liburu hau irakurtzea, une jakin batean errutina apurtzea izan daiteke, eta uste dut ez zaizuela damutuko, segi orrien segidari eta esango didazue arrazoi dudan ala ez, eta esango didazue katu jende zareten ala ez.
Hirugarren liburua du Eider Rodriguezek, “Eta handik gutxira gaur”(2004) eta “Haragia”(2007) dira honen aurrekariak, ipuin-liburuak horiek ere. Esku artean duguna Elkarrek paratu du gure begien bistan. Igartza Saria jaso zuen Eiderren hirugarren lan honek, sari horren hamaikagarren urtebetetzean. Aurretik Julen Gabiria, Unai Elorriaga, Fernando Morillo, Karmele Jaio edo Katixa Agirre agertzen zaizkigu, besteak beste, sariketa horretako ohorezko oholtzan izkiriaturik, badu indarra beraz.
Iker Zaldua