Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Tentsio betean
   
pdf    
HERIOA ETA DONTZEILA Ariel Dorfman. Itz:Fito Rodriguez  Txalaparta, 2010
 
Ariel Dorfmanen bibliografiak agortezina dirudi, izenburu ugari ageri zaizkigu bere sorkuntzaren taulan 1968an “El Absurdo entre cuatro paredes”kaleratu zuenetik; arrasto ahula utzi dute batzuk, beste batzuk aldiz, dirdira egiten dute taula horretan, horren adibide da Fito Rodriguezek “Herio eta dontzeila”izenburupean itzuli duen lana. Antzerki lan hori ehunka antzeztokitan ikusi ahal izan da eta pantaila handira ere eraman zuen Roman Polanskik 1994an. Gurean argitalpen berria bada ere, Torturaren Aurkako  Taldeak antolatuta gure lurraldeko oholtza gainean ere mintzatu izan da aurrez,  euskara garbian.

Tortura, hori da Buenos Airesen jaiotako idazle txiletarrak antzerki lan honetan  jorratu nahi izan zuen gaia, giza eskubideen alde agertu izan da gaztetatik, batez ere,  Txilen (1967an bertako nazionalitatea eskuratu zuen) eta Salvador Allenderen gobernuan ere sartu zuen muturra, harekin  elkarlanean aritzeko asmoz. Pinochetek  emandako estatu kolpearen ondotik, ihes  egin zuen ordea. Fito Rodriguezek antzerkia euskaraz emateko proposamena luzatu zionean hark ez zuen zalantzarik izan  «Torturaren aurkako edozein ekimenen  alde nago, beraz, antzezlana zuen hizkuntza ederrera eramatearekin bat natorkizu» erantzun omen zion itzultzaileak hitzaurrean aitortzen duenez.

Gai mardula orkestra-zuzendari, eta tentsioa nota guztien gainetik, torturaren doinu labainkor bezain ozena azaleratzen, Schuberten izen bereko melodia bikainaren atzean ezkutaturik; izan ere,  konpositore austriarrak idatzitako lan  leuna entzuten da Paulinaren belarrietan  mota guztietako basakeriak jasaten dituen bitartean, errealitatea lausotzeko  ahalegin gaiztoan. Hark, aitzitik, ederki  asko iltzatu du garunean behin eta berriz  pairatutako bortizkeria. Hamabost urte  beranduago, patuak bere etxera eraman  du torturatzaileetako bat, hori uste du berak bederen, sekula ikusi ez bazuen ere,  mamua ezagutu egiten baita. Justizia egiteko parada aurrez aurre, mendekuaren  tentazioak maiz tentatzen duen bitartean. Joko gordina, jasandakoaren mina, tentsioa, printzipioen guda, Schuberten doinua belarritik ateratzeko parada, leun dena leun entzuteko aukera, 15 urteko isiltasuna tiro batez apurtzeko grina.

Gaiak eta egoerak gehiago behar ez badute ere, pipermina bota dio Dorfmanek Gerardo sortuta. Paulinaren senarra, legegizona, diktadurako biktimen Ikerketa Batzordeko buru izendatu berri dutena, egoerari zentzua jarri nahi dion agintari  zimela.

Hori agertokian agertzen zaiguna, hori Arielek sortu duen egoera, proposatzen digun eszena. Guztia erritmo bizi batekin eta sabela behin baino gehiagotan korapilatzeko moduko elkarrizketez betea. Lerro artean bestelako gai batzuk ere hauteman daitezke, desleialtasuna kasu, eta matxismo zertzelada batzuk ere badirela esatera ausartuko nintzateke, agian urrunegi joatea izan badaiteke ere.

Kontuak kontu, lan bikaina dela iruditzen zait, egonezina sorrarazten du eta, aldi berean, orrialdez orrialde guztia errenkada batean irensteko irrika. Azkenean, liburua ixtearekin batera, saihestezina da gaiaren gertutasunaz gogoeta egitea, han-hemen Schuberten “Herioa eta dontzeila” entzun daitekeela pentsatzea eta, zoritxarrez, karriketan Paulina ugari dagoela, egunez egun, urtez urte justizia egiteko aukera etxeko atarian noiz agertuko zain.

Iker Zaldua

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago