Nik galdera horri erantzun baino lehen hurrengo premisak proposatuko nituzke:
1) Aztarnategian landutakoa kontuan hartuz:
Lehena, eta hemen sartzen ditut Atapuercako emaitzak, Amerikan ezik, beste kontinentetako hominidoen presentzia, bere aniztasunean, batez ere, oso parekoa dela.
Bigarrena, kontinente hauetako eboluzio substratuei merezi duten garrantzia emango nieke, hau da, lurralde horietan bakoitzean hominidoen eboluzioa gori-gorian dagoela, hauxe baita, nolabait ere, neandertalek erakusten digutena.
Hirugarrena, migrazioak ahaztu gabe, lehen ikusi dugun bezala, truke genetikoaren garrantzia aipatuko nuke. Garai hartako datu demografikoen arabera, ez baitago arrazoirik pentsatzeko janariaren urritasuna dela eta, bere lurraldetik joan behar izana.
Eta laugarrena, kontuan hartuko nuke lurralde bakoitzaren azken emaitza, hau da, kontinentez kontinente, gaurko populazioa, non Afrikako populazioa beltza baita, eta Europakoa, zuria... Adaptazio honi eman (edo kendu) diezaiokegu nahi dugun garrantzia, baina, berez, eboluzio-faktoreak daramatza berarekin.
2) Hizkuntzalaritzan landutakoa kontuan hartuz:
Lehena, Afrikako hizkuntzen bakartasuna. Greenberg eta Ruhlen hizkuntzalarien mapa begiratzean, gehien harritzen nauena zera da: mapa horretan ez dagoela izpirik ere Asian zehar egin zuten lehengo zabalkuntzaz eta, harrigarriago dena, Australiako hizkuntzekin zerikusirik ez izatea. Esango didazue aspaldiko kontua dela, baina begira, begira mapan! Han, Afrikan, daude bilduta Khoisan, Niger-kordofan, Nilo-sahariano eta Afro-asiatiko mintzairak bakar-bakarrik. Eta, gutxi balitz, afro-asiatiko mintzairak Asiatik etorritakoak dira.
Bigarrena, gauza bera esan daiteke Ozeaniako mintzairaz.
Hirugarrena, hizkuntza familiek batzeko duten erresistentzia, ezinezkoa baita gehiago biltzea.
Laugarrena, hizkuntzalaritzan, nola ez, ba! Europan ere, badugu gure kakogorria: euskara!
Hizkuntza indoeuroparrak iritsi baino lehen mintzatzen ziren hizkuntzetatik gelditzen den bakarra; eta, gainera, aurkitu dugun leku berean jarraitzen du. Bere erroak paleolitikoan sartuta, lasai-lasai, “hemen nago, hemen egon naiz eta ez beste inon” esaten ari zaigula dirudi. Ikerketaz ikerketa, era guztietako proposamenak egin ondoren: iberierarekin, bereberrarekin, guantxerekin, Kaukasoko hizkuntzekin... baina alferrik, bere berezitasuna, behin eta berriro, aldarrikatzen du eta.
Saussurek honako hau esan zuen: “... ezin da ezer atera euskaratik, zeren, bakarturik dagoenez, ezin erka baitaiteke ezerekin”.
Nik uste dut, lasaitasun berarekin, esan dezakegula: munduan badagoela lurralderen bat goitik beherako koherentzia duena, horixe bera da euskararen lurraldea.
Historiaurreko aztarnak kontuan hartuz: alde batetik, lurralde honetako biztanleak harremanetan zeudela ezin da ukatu, hor ditugu paleolitikoko pinturak; eta bestetik, industria litikoak, hain zuzen, erakusten diguna continuun bat dagoela, etenik ez dela izan.
Historiako datuak kontuan hartuz, badakigu Garona ibaitik Ebro ibaira dagoen lurraldean, Pirinio mendikate bi aldetan, aspalditik hitz egiten zela.
Zer gehiago behar da?
Eta, dirudien bezala, Europan sortutako hizkuntza bada, horrek ez ote du lurralde honetako hominidoen humanizazio prozesua frogatzen?
Barkatu! Esango didazue sobera azkar eta urrun joan naizela, eta ez dut ukatuko; baina, nostratikoarena ere! Hipotesi honen kontra lehian dago, besterik ez; hori bai, bera bezain errespetagarria dela gehituko nuke. Hasieran bezala gaude, ba: hizkuntza bat edo hamaika (?).
Hipotesi honen alde holako osagaiak ditugu:
1. Hominido desberdinetako hezur eta hondakinak, garuneko bolumen progresio guztietan, bere garapen edo eboluzioa adierazten dutenak.
2. Industria litiko bilduma osoa eta ongi mailakatua, hau da, ia landu gabeko lanabes xumeenetatik sofistikatuenetara, etenik gabekoa.
3. Herri bat berezko hizkuntza eta kulturarekin.
Horietako baten faltan, beharbada, ezingo genuke humanizazio, gizatartze, prozesua gertatu izana egiaztatu, baina lurralde batean hiruren presentzia egiaztatzen bada, kontuan izatekoa da!
Nik, behintzat, “la buena” aurkeztu baino lehen bi aldiz pentsatuko nuke.