Poesia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 


Belar-ikatza
Beharbada umezaroarekiko lera izaten dugu
ezin dugulako amestu jadanik,
ezin dugulako egiazko ametsik izan,
ezin garelako hunkitu, ametsekin, bidaiekin,
abentura liburuekin...

Baina harritzen naiz norbaitek umezaro
zoriontsu bat izan duela esaten duenean,
zeren «ego» antzeko bat besterik ez baitugu
sentitzen gehienetan,
eta umezaroa «ego»aren ukamena besterik
ez da.

Litekeena da norbaitek jolasaldiak,
umezaroaren eguzki horren
ametsak eta zirrarak gogoratzea,
erabateko errespetu eza eta bortizkeria
(psikikoa soilik
kasurik hoberenean) ahaztuz
aldi berean,
baina orduan berak daukana ez da
umezaro zoriontsu baten
oroimena,
ahaztutako umezaroa baizik.

Bizitzak dena erlatiboa dela irakasten digunean,
zentzua eman diezagukeen guztia,
edertasuna, askatasuna, esentzialtasunak...
gauzen arabera direla erakusten digunean,
bizitza bakarrik absolutua dela,
heriotza bezala,
etsipenaz oroit daiteke zaharra
garai haietaz

zeintzuetan amesteak betetzen zuen,
baina koldarra da
nekaldu gabe
oroitzea.
•••
Eguzkiak zuhaitzen arnasa funditzen du
kukuletan,
azkeneko eguzkiak eta errekak
haraneko sakon tokietan
hiltzen dira printzerik
ezagutu gabe, puskatuak.

•••
Egun batean ene alabaren batek, agian,
zera esango du nire hilobiaren alboan:
«hemen bukatu ziren P.L.T.ren
urratsak, hemen amaitu zen bidea»,
baina nik, orain, oheari begira,
gaurko bidea hemen zentzen dela pentsatuz,
ezin dut amestu Descartesek esaten zuen
bezala
ene gorputza diamantea bezain
ustelezina den gai batez egina denik
eta omen dauzkan hegoz...
ezin dut.

Heriotza bat amestu behar dugu:
azkeneko argi-odol bat badela,
izango ez garenean mundua ezberdina
izango dela
eta gogoratuko gaituela,
eta amestuko gaituela.
Bidaiekin egin behar dugu amets:
ez hegan egiteaz,
eguneroko jatekoaz ez kezkatzeaz,
etxe bat edukitzeaz,
jakiteaz eta irakurtzeaz,
lana edukitzeaz,
ama lurrean bizitzeaz,
ostiral gau batean etxearen berora iritsi
edota film bat ohean ikusteaz
afari on baten osteko te gozoa ahosabaian,
gero lokartzeko beste astebete ez ote
den pasako
pentsatu gabe,
eguna hiltzera doanean
gure eguzki hau zenbakiarri izan ote den
pentsatu gabe.

Ni hiltzen naizen eguna ez da ezer izango,
badakit,
ez da ene bizitzaren bidearen amaiera
izango.
Nire azken urratsa bakarrik izango da
ume haren hilartitz gabeko eza,
gazte haren argirik gabeko ahanztura,
zahar horren orduz beteriko
nahia
•••
Gosez eta logurez hotzean gabiltzanean,
gainontzekoen artean bakarrik gaudenean,
beti besteen artean, ezin dugu pentsatu
hemen izan garela jadanik,
eta hemen izango garela haiekin
berriro.

Agian egungo munduaren bidaiaren
ezaugarri da
maiz erraietan sentitzen dugun
gutarron artean inoiz ez egoteko zirrara
hori,
gurean inoiz ez egoteko zirrara,
ez dakit.
Ziur aski greziarrek ez ziren sarritan
horrela
sentitzen, bestela ez bailukete sinistuko
denbora
zirkulu bat zela, guztia errepikatzen zela
itzultze eternal batean.

Dakidan bakarra da batek ezin duela
horrelakorik
amestu giro horietan zeinetan
beti sumatzen duen
«berria» dela,
«bestea»;
eta gure bizitza une horietaz betetzen da,
eta beti,
jaiotzerakoan eta hiltzerakoan bezala,
berria gara,
bestea.

Anktartiar
Antaktiar iraganalditan gelditu baziren hi re begien distirak
liken arraro gorri eta berdetan, haitz ezezagunen gainean,
zetazeo hezurren kurba biluzian,zeru grisaren azpian,
eztainuzko eta merkuriozko haize haietan, hire izena duen
senaian,
eta orain hire lamiaren ondoan amaitzera bahator:
eman iezadak eskua, ez egin zaratarik, eta eseri gaitezen
lur beltz hau hartzera, eta ura.

Ermitauak badaki eta gorde egiten du,
lapek badakite beren ezerezean,
itsasaluak badaki eta bere
garroen dantzan
dago, zirripedioen burbuiletako
abesti heze ahulean
dago, eguzkitan,
eguzkitan nire beldur
den arrainak badaki,
aukak badaki eta izkirak
ere bai, liken urtsuetan dago...
bizirik nago, jarraitzen du
bizitzak, eta bizitza hau, egun eta
gau hauek ezingo ditut
neureganatu,
badakit.
Patxi Lopez de Tejada Flores
 
 
 
 
 
 
 
 
 
   
 
 
 
 
 
 
 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago