Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
 Pablo Bruera  
 
BASOA 
BEGIAK ZABAL-ZABALIK zituzten, kliskatzeko ere ahaztuta; bazirudien hipnotizatuta zeudela, halakoa baitzen lau txorikumeen estasia. Pozaren pozez, bihotz-taupadek paparreko lumak astinduz, mokoz bestalde jaurti zituzten txioak txirikordatzeari ekin zioten, ingurunea lurrineztatuko zuen pentagrarna alai bat osatzeraino.

- Zein polita den! -esan zuen batek.
- Ez dago holakorik! —bigarrenak.
- Ez dirudi mundu honetakoa! —hirugarrenak.
- Paradisua da! —buruzagiarena zirudien ahots seguru batez, laugarrenak.

Mozarten txirula magikoaren eraginpean ikusi zuten guztia, beren buruaz ahazteraino. Ez zen gutxiagorako, inoiz ikusi ez zuten baso zoragarri bat baitzeukaten aurrez aurre: hura kolore zoragarrien festa! Okre goxoa basoan barrena galtzen zen bideskarena, berde maitakorraren magale zabala,  bermiloi puntu batzuk han eta heinen, guztiak hori kadmio alai batez jantziak. Hainbestekoa zirudien bertaratutako lasaitasuna, non ez zen sumatzen zuhaitz-hostoen dardararik. Izango zen han, pentsatu zuten lau txorikumeek, beren nahierara hegoak zabaltzeko adina leku. Baina bazen haien hegoak zabaltzeko gogoa kokilduarazi zuen itzalik, alegia, gurasoen aginduarena. Izan ere, guztiz debekatuta zeukaten basoaren hurbiltasunean hegan egitea, zer esanik ez bertara sartu nahi izatea. "Basoa madarikatua da!", onartu zuten txori helduek. "Baso horretara sartzera ausartzen denak ez du itzuleraren biderik aurkitzen" esan ohi zuten, haien mokoetan "baso" hitzak halako tonu goibel eta izua hartzen zuelarik; bazirudien totem bati zor zitzaion beldur berberak astintzen zituela. Azkenik, basoarenganako beldurra areagotzearren, txorien zerrenda ilunaz bukatzen zuten beti; denetara hogeita hiru ziren desagertutako txoriak.

- Heroi baten beldur dira —ihardetsi zuen txorikume ausartenak mokotik mesprezua zeriola—. Gurasoak baino gehiago izango ote garen beldur dira. Bihar sartuko gara!

Lagunei begiratu zien banan-banan, zeintzuen begietan baietzaren distira ikusi zuenez, irribarre batean okertu zuen mokoa.

***

Hurrengo goizean, eguzki-printzek zeruertza urratu orduko, kabiak utziz herriko plazako zuhaitz bakartiaren adarrik okerrenean elkartu ziren lau txorikumeak. Haundia zen haietako bakoitzaren barrenean ostatu hartua zuen egonezina, baina inork jarraitu ote zien kezka zela medio, haizearen alde banatara begiratu zuten badaezpada. Inoren arrastorik ezean:

- Goazen! —agindu zuen ausardiaz talde-buru egin zuen hark.

Besterik gabe, ortzearen urdina ildaskatu zuten eta baso madarikaturantz hegan egin ahalik eta lasterren.
 
***
Ezusteak, ordea, zorabiatu zituen: txorikumeek hain gustuko zuten basoa, bosten bat metro karratuko pareta janzten zuen argazki margotua baino ez baitzen. Paretaren kontra hartutako kolpearen ondorioz espazio-denboraren uhalak galdu zituzten bapatean. Iluntasunak zorroratu zituen, konortea galduz.

Gelako leihoa itxi zen jarraian.

Beren onera etorri zirenean, noizbehinka etxe inguruan ikusitako gizakiak berak eskuetan alanbrezko kaiola bat zeramala ohartu ziren. Baina berehala sekulako zalapartak astindu zuen kaiola, bertan gatibu zirela jabetu baitziren lau txorikumeak. Ur jauzi beltza zirudien bizarra zeukan; eta betaurrekoez bestalde eguzki urdin bi ziren begiek lasaitasun piska baterako gonbidapena luzatu ote zien itxaropena izan bazuten ere, gizonaren begirada urdina alderik alde zeharkatu zuen oinazkar grisantzak erabat beldurtu zituen.

Herriko argazkilari ospetsua zen. Hain gogoko zuen ogibideaz gain, bazuen txoratzen zuen zaletasunik: taxidermia. Karavaggiar argiluna nagusi zen gelan sartu zituen. Kanposantuarena zirudien isiltasunak biziki aztoratu zituen lau txorikumeak, bertan errealitate mingotsaren begitarte ilunaz jabetu baitziren. Kuriositate berberaren atzetik joanak izan ziren txoriak zeuden, batzuk hegoak zabalik, beste batzuk hegoak tolesturik, baina guztiak, guztiak!, bizirik gabe. Gurasoen haurtzarokoak batzuk, besteak ezagunak zituztenak. Denetara hogeita hiru!
 
  

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago