TXANOGORRITXU Bilbon, 2006ko martxoaren 31nTxanogorritxo maitea: Zuk beti janzten duzu txano gorridun kapa? Udan ere bai?
Istorioa gustatu zitzaidan, baina ez nuen dena sinetsi, otsoak zelan jango du umea? Irakasleari esan, eta gutun bat idazteko esan zidan, ikusiko nuela. Hemen naukazu bada. Joseba oso irakasle ona dugu, baina batzuetan edozer esan diezagukeela uste du, eta nik ez dut jada txupetearekin lo egiten. Zelan dago zuen amama? Guk ere badugu mendian bizi den amama; lehengo egunean amak sendagaiak eramatera bidali ninduen: Tanakene, Remontal, Prometax eta beste izen arraro batzuk. Pote gorria, pilula berdeak,… Amama, zuena eztiarekin osatzen da, eta gurea, koloretako botoiekin. Berdin dio, zuk saskia eta nik farmaziako poltsa. Otsoa, beno, nik esan dizut ez dudala kontu hori sinesten; eramango dizkiozu botikak gure amamari? Izan ere, ni ikastolatik irtetean ingelesa ikastera joaten naiz, musika eskolara ondoren. Ez dizu inporta, ezta? Gauzatxo bat jakin nahi nuke: ipuinetako pertsonaia izateko ezer berezirik egin behar da? Eskolara behintzat, ez zara joaten; otsoak jaten bazaitu ere, ez zara hiltzen. Gonbitea onartuko duzun zalantzarik ez dut; beti zuen amamarenera joaten ibili ordez, oraingoan gure amamarenerako bidean zerbait berria bizitzeko aukera izango baituzu. Amamak nire galde egiten badizu, esaiozu, ez dudala otsoak jan nazan nahi; horregatik bidali zaitudala zu. Zuk inork baino hobeto dakizu, otsoaren kontuak balio duela, gezur polita asmatzeko. Bi musu gorri. Ane .
|
Narrazioak
VEGA OLAETA,Ziortza "Txanogorritxo"(Narrazioak)
- Xehetasunak
- Nork idatzia: Vega Olaeta,Ziortza
- Kategoria: NARRAZIOAK
- Bisitak: 25255