Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
SUIZIDA KOLDARREN KLUBA
 
suizida_koldarren.gif  
pdf  
«Kaixo, Iban dut izena eta nire buruaz beste egin nahi dut», nik.«Kaixo, Iban!», denek.

Bai, hala izan zen. Modu patetiko horretan hasi zen nire harremana Ilunsenti elkartearekin. Izen horren atzean ez zen poesia irakurleen sozietaterik ezkutatzen, ezta kongregazio erlijioso integristarik ezta tupperware saltzaile ibiltarien elkargorik ere. Ilunsenti izenaren gibelean zera zegoen, suiziden elkarte bat. Suizida zalantzatien talde bat, zehatzago esanda. Bere buruaz beste egin nahi eta, beldurrak jota, ezin dutenen kongregazio sekretua. «Suizida Koldarren Kluba», esaten nion nik.

Lagun batek eman zidan elkartearen berri. Gorrotatzen ninduen, baina, berak jakin gabe, nire bizitzako mesederik handiena egin zidan. Telefonoz hots egin eta, adeitasun osoz, hurrengo bilerara gonbidatu ninduten. Berehala esan zidaten debekatuta genuela «suizida» edo «buru-eraile» hitzak ahoskatzea, iraingarriak direlako bere buruaz beste egin nahi duenarentzat. «Buru-askatzaile terminoa erabiltzen dugu, gure izaera fisikoa albo batera utzi nahi dugulako», azaldu zidan galanki Simonek. Simon elkarteko presidentea da; tipo atsegina, alaia eta izugarri potoloa; hamazazpi urte daramatza klubean; zortziehun eta laurogeita hamahiru alditan saiatu da bere buruaz beste egiten. Guztietan kale. Bankuek etxea bahitu ziotenetik elkartearen egoitzan bizi da (alokatutako  umel eta iluna, hiriko Alde Zaharrean).Pistola zahar bat eta zenbait bala gordetzen ditu bere mahaiko bigarren tiraderan, noizbait adorea topatuko duelakoan. Ez ditu inoiz erabiliko.

   

Lagun batek eman zidan

elkartearen berri.

Gorrotatzen ninduen ,

baina,berak jakin gabe,

nire bizitzako mesederik

handiena egin z


Dagoeneko asmatuko zenuten bezala, bileretara gindoazen guztiok argi genuen gure helburu bakarra mundu hau uztea zela. Suizidatu nahi genuen. Nik neuk, adibidez, ez nuen inolako gogorik oxigenoa alferrikaltzen jarraitzeko: sei urteko alaba, Miren, hiru urte lehenago hil zitzaigun esklerosi anizkoitzak jota. Handik pare bat hilabetera, nire ondasun guztiak kartoi-kaxatan sartuta zeuden, aldirietan alokatu berri nuen apartamentu ñimiñoan. Hamarkada luzea ezkonduta eman ostean, Izaskunek, nire Izaskunek, ez ninduen gehiago ikusi nahi. Ez gure etxean behintzat. Eta, jakina, alde egin behar zuena ni nintzen, hipotekaren zatirik handiena haren aitak ordaindu zuelako. Lagunarteko giroan amaitu genuen, ez pentsa. Hilero seiehun euroko pentsioa ordaintzera behartu ninduen epaileak, eragindako kalte psikologikoak zirela eta.

Baina utz ditzagun ene miseria ttipiak. Suizida Koldarren Klubean sartu nintzenekoa kontatzen ari nintzen. Ostegun gauak bilera gauak ziren. Klubaren egoitzan elkartzen ginen eta bakoitzak bere istorioa azaltzen zuen -gehienok gure kontakizuna «edertzen» genuen, aurrekoa baino lazgarriagoa izan zedin-. Gero txalo egiten genuen eta batzu-batzuk baita negarrez hasi ere. Zeremonia polita zen. Baina unerik dibertigarriena amaierako omenaldia zen: bizidunen mundua ohorez utzi zutenei gorazarre egiten zitzaien bilera amaitu aurretik. «Gaurkoan Karlos omendu nahi dugu, Ilunsenti elkarteko helburu nagusia bete duelako. Arima libratzea lortu du bere burua hogeigarren solairutik botaz. Zorionak, Karlos. Eredu bikaina izan zara elkarte honetako kide garenontzat». Txalo gehiago. Horixe zen, gutxi gorabehera, osteguneroko menua. Gero, Trainera tabernan zentzua galtzeraino mozkortzen ginen, Karlos, edo Ana, edo Iñaki, edo egun horretan zendu zenaren omenez. Hain ziren dibertigarri klubeko bilerak ezen neure buruaz beste egiteko gogoak lausotzen zitzaizkidan noizean behin. Ez nion, alta, halakorik inori esan. Ezta hurrik eman ere! Bulegoan erosia zidaten jada lore sorta, nik pausoa egitera noiz ausartuko, eta Funeral Discount House Interneteko atarian marmolezko hilarria eta Lincoln A7 modeloko zerraldoa erreserbatuta nituen. Gustua hartzen hasia nintzen buru-eraile izateari.

Baina, beti bezala, emaztea tartean sartu behar.

«Elkarteko kide berri bat aurkeztuko dizuet gaurkoan», esan zuen Simonek behin. Hantxe zegoen Izaskun, nire Izaskun, lotsati eta irribarretsu. «Kaixo, Izaskun dut izena eta neure buruaz beste egin nahi dut», berak. «Kaixo, Izaskun!», guk. Txaloak. Nardagarria, ezta? Etxea, dirua eta bizitzeko gogoak kendu zizkidan lehenbizi eta gelditzen zitzaidan ilusio bakarraz jabetzera zetorren: Suizida Koldarren Kluba. Ez nion utziko, bada. Bere aurkezpena amaitu zuen eta hutsik zegoen aulkitxo batean eseri zen. Nigana jiratu zen. Ez al zuen inoiz irribarre hura aurpegitik ezabatuko? Eskua modu inozoan astintzen zuen, niri begira, agur eginez. Ezpainak estutu eta eskua poliki mugitu nuen neuk ere.

Atsedenaldian, hurbildu nintzaion. Suizida Koldarren Klubetik alde egiteko eskatzera nindoan, baina beti bezala aurreratu zitzaidan. «Ibaaan -esan zuen, nire izeneko «a» hori amaigabeki luzatuz-, hau ezusteko ederra! Oso ondo ikusten zaitut. Zu ere arima askatu nahian, ezta? Ederki iruditzen zait. Aizu! Orain biak elkarteko kide garela, zergatik ez diogu elkarri laguntzen? Ederra litzateke. Eginen al dugu saiakera bat heldu den ostegunean? Arratseko zortzietan? Nire etxean? Ederki! Zure zain izanen naiz!». Eta alde egin zuen. Halakoxea zen Izaskun.

Hurrengo ostegunean, zortziak izateko bi minutu falta zirela, ordura arte nirea zen etxearen ataurrean nengoen, eskua txirrinean. Izaskun segituan agertu zen. Soineko urdin dotorea zeraman. Eder zegoen. Ederra zen. Kafea eskaini zidan. Eta xanpaina. Nik ezetz, eskerrik asko. Nahiago nuen betebehar horrekin lehenbailehen amaitzea. «Zein da, bada, gaurko plana?», galdetu nion. Zirikatzeko gogoa nuen. «Pilulak erosi ditut» esan zuen, nire begien aurrean somnifero flaskoari eraginez. Hasperen egin nuen. «Hori bai nazkagarrikeria! Oka has gaitezen nahi al duzu? Bizpahiru orduko agonia da gainera! Denbora galtzera ez naiz, ba, honaino etorri». Simonen errebolberra atera nuen patrikatik. Melokotoi-begi eder haiek finko iltzatu ziren arman, lehenbizi, eta nigan, gero. «Nondik atera duzu?», erran zidan, pistola laztanduz. «Sekretua da. Begira, bi bala sartu ditut kargadorean».

Izaskunek arma hartu eta ahoan sartu zuen. Malko lodi batek distira egin zuen bere begi-ertzean. Masailean behera irristatu zen, gero eta azkarrago, gero eta lodiago. Egun oso bat iraun zuen istant hark, pistola ahotik atera zuen arte. «Ezin dut. Ez naiz ausartzen», onartu zuen. Egia aitortzearren, erantzun hori espero nuen; etortzeke zegoena ez, alta. «Zergatik ez didazu zuk tiro egiten?», galdetu zidan isilune luze baten ostean. Ideia polita zen, azken egunotako ideiarik erakargarriena; baina gero, nork hilko ninduen ni? «Bizitza hau sufrimendua besterik ez da izan. Hasiera berria izan daiteke guretzat. Zure zain izanen naiz. Baita Miren ere. Ez al duzu gure alabaren hutsik sumatzen? Tiro egidazu, eta gero zeure buruaz beste egin. Zertarako luzatu sufrimendua?». Izaskunek bazekien jendea konbentzitzen, hori onartu beharra dago. Baietz erantzun nion, beti bezala.

Errebolberra pisutsuago zirudien Izaskunen esku artetik hartu nuenean. Hark irribarre egin eta muin eman zidan esku-gainean. Begiak itxi zituen. Dardarka hasiko nintzela uste nuen. Azken mementoan, beldurrak jota, paretari tiro eginen niola edo, pistola lurrean utzita, negar-zotinka ihes eginen nuela. Ez zen halakorik gertatu. Tiro egin nuen. Dardararik gabe. Negarrik gabe. Zalantzarik gabe. Izaskunen gorpuak soinu berezia egin zuen moketaren gainean zerraldo erortzean. Patata zakuak eginen lukeenaren antzera. Damurik ez. Ezta etsipenaren arrastorik ere. «Beno, nire txanda», pentsatu nuen gero. Errebolberra ahoan sartu nuen. Burdinaren zapore hotza, eztarrian behera, gorputz osora zabaldu zitzaidan. Eta istant hartan osteguna zela pentsatu nuen.

Osteguna.

«Orain atereaz gero, garaiz helduko nintzateke klubeko bilerara».

Ion Orzaiz 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago