Bai, hala izan zen. Modu patetiko horretan hasi zen nire harremana Ilunsenti elkartearekin. Izen horren atzean ez zen poesia irakurleen sozietaterik ezkutatzen, ezta kongregazio erlijioso integristarik ezta tupperware saltzaile ibiltarien elkargorik ere. Ilunsenti izenaren gibelean zera zegoen, suiziden elkarte bat. Suizida zalantzatien talde bat, zehatzago esanda. Bere buruaz beste egin nahi eta, beldurrak jota, ezin dutenen kongregazio sekretua. «Suizida Koldarren Kluba», esaten nion nik...