Jakesen zain nengoen eta hasia nintzen kezkatzen. Hamaiketan geldituak ginen; hamabiak hamar gutxi, erlojuaren arabera. Beste aukera bat emanen niola zin egin nion neure buruari, eta han gelditu nintzen, zain. Barraren gainean, nire aldamenean, hiru kafe katilu zeuden. Hirurak erdi hutsik. Eta hautsontzia, zigarrokinez mukuru. Bizpahiru txokor eta mutxikin alboratu nituen, errauts piloan nire zigarroa itzali ahal izateko. «Beste kafe bat, mesedez», irribarretsu batez zuzendu nintzaion barraren bestaldeko zerbitzariari. Mutil gaztea, beltzarana eta nahiko atsegina (azken hori halabeharrez, seguruenik). Eta goapoa. Kafe-makinatik itzuli zenean, berarekin sasi-elkarrizketa bat mantentzen saiatu nintzen, aldi berean xarmangarri eta patetikoa zen irribarrea ezpainetatik ezin alboratuta. Ez nuen berarekin ligatu nahi, benetan. Hala uste dut behintzat. Urduri nengoen, horixe zen dena. Kafetegiaren ondoan zegoena 121 errepidea ote zen galdetu nion. Ez al nintzen bada okertuko? Agian Jakes beste errepide bateko kafetegian zegoen, nire zain. Baina ez. Zalantzarik gabe, 121 errepidean nengoen. 250. kilometroan. Hitzartutako kafetegian. Bera ez, ordea.
Hamabiak eta laurden. Kafe hondar epelak katilu batetik bestera pasatzera jostatzen ari nintzela, familia dotore bat sartu zen kafetegian. Kanpoan hogeita hamar gradutik gora egingo zuen baina senarrak jaka beltza eta gorbata zeramatzan. Emazteak udako soineko arin eta loreduna. Maukarik gabekoa. «Sport casual, informal eta elegante aldi berean», pentsatu nuen, eta barreari eutsi behar. Hiru haur: bi neska eta mutiko txikia. «Opusekoak. Seguru».
Bi kafesne eskatu zituzten, eta hiru txokolatezko irabiaki, haurrendako. «Ez al duzue komunera joateko gogorik?», gorbatadunak emazte eta seme-alabei, erdikantari. «Ez», bi neskak aho batez. Mutilak alde batera eta bestera astindu zuen burua. Jauzika ari zen, lauza beltzak ez zapaltzera jolasten. Lanpetuegi aitatxori jaramon handirik egiteko. «Zoazte komunera, bidaia luzea da-eta», esan zuen gizonak. Bere ahotsak ez zuen ordurako tonu alairik. Emazteak jakin-minez begiratu zion. Aitatxok begiak itxi zituen, eta eskua dardarka hasi zitzaion. Ezin sumatuzko dardara zen hasieran, baina berehala autoko giltzarekin marmolezko barra kolpatzen hasi zen etengabe. Txilinhotsarekin ere haurrek jostetan jarraitu zuten. Hirurak ari ziren orain baldosa beltzen artean saltoka. «Zoazte bada komunera! », orro egin zuen aitak.
Jauzi egiteari utzi zioten haurrek. Mutikoak lauza beltz baten gainean zuen oina. Aitari begira zegoen, adi-adi. Emaztea ere begira zuen gizonak. Isiltasuna. Zerbitzari goapoak eztula egin zuen kafesneak eta irabiakiak barran jartzen zituen bitartean. «Tira, goazen komunera. Aitatxok arrazoi du», esan zuen amak. Haurrak hartu eta komuneko atearen gibelean galdu ziren laurak. Mutiko txikiaren intziriak entzun zitezkeen ni eserita nengoen tokitik. Gizona dardarka ari zen oraindik. Ilea bekokitik aldendu eta zerbitzariarengana abiatu zen, urduri. Kafesne katilua eskuan. Zerbitzariari zer edo zer xuxurlatu zion belarrira. Honek buruarekin baietz, eta koñak botila hartu zuen atzealdeko apalategitik. Zorrotada naroa bota zion gorbatadunaren kafesneari. Gizonak katilua hartu eta ahoratu egin zuen, baina ez zuen irensterik izan. Nire begiradak eten zion zurruta. Burua jaitsi nuen, koilaratxoari eraginez eta nire edalontzian gelditzen zen kafea irabiatuz. Berak buelta eman eta trago bakarrez edan zuen carajilloa. Eztul egin zuen; bi, hiru, lau eta bost aldiz. Hasperen sakona ondoren, infernuko haizeek eztarria larrutzen ziotela nabaritzeko modukoa.
Haurrak eta emaztea itzuli zirenerako, egunkaria irakurtzen ari zen gorbataduna. Irribarretsu zegoen. Emaztea ez. Emaztea serio demonio oraindik. Senarrak muin eman zion masailean, baina honek ez zuen zirkinik ere egin. «Bagoaz?», gizonak. Emakumeak baietz buruarekin. Hogei euroko billetea barraren gainean utzi zuen gorbatadunak. Jada ez zuen dardararik. Nire irudimena izanen zen, baina nik uste malko bat igartzen zela, emakumearen begi ertzean ñir-ñir. Haurrek irabiakiari zurrutada pare bat eman eta alde egin zuten.
Hamabiak eta hogeita bost. Jakesekin ahaztua nengoen. Nire aldamenean zeuden lau katiluei so gelditu nintzen istant batez. Kafe-hondar epelak irabiatzeaz aspertuta nengoen. Beste aukera bat emango niola zin egin nion neure buruari. «Beste aukera bat? Zertarako?». Zerbitzari goapoari kontua eskatu nion.