Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
ZELAN BARRU HORIETAN? 
Ihintza
Zelan, barru horietan?
Bustita esnatu ditun arrosa hostoak eta arantzak behe lainotan, eta lore-begi gorriak, edo zuriak, bil-bil eginda, barruetan.

zelan_barru.gif
Exprai
pdf  
Barruetan bizi gaitun eta, bizi nahi dugunak. Barruetan gaitun nor, inorenganako izateko, eta horri batzuek bakardadea deitzen zioten. Eta bakardadea deitzen zioten, bizi nahi dugunok gure barruarekin bakarrik egoten ere badakigulako. Ez zakiten bakarrik egotean noraino izan gaitezkeen lagunen ondoan.

Halabeharrez hago hi ziega horretan ordu askoan bakarrik; nahita topatzen dinagu beste batzuk, kanpo honetan, bakarrik egotea. Eta hori dun, horixe bakarrik, bakarrik egotea, eta, baina, hori ez dun bakardadea; bakardadea ez dun kanpotik ikusten, eta jendez inguraturik bizi arren sentitzen dun. Gutxi zaukan zerikusirik bakardadeak bakarrik edo jende artean egotearekin.

(«Egon» hitza, zortzi bider idatzi dinat leku txikian, eta esanahi ugarietatik gelditasunaren zentzu literalenean erabili nahi izan dinat, izatetik ondo bereizteko: «toki batetik ez mugitu, denbora batez bertan geratu»). Egoera horretan hago azken urte batzuetan. Kanpoan batzuk bizitza osoan ditun egonean.

Ba, hori, bakardadea ez dela kanpotik ikusten; izatera, ondo maite duenak –igarri– egiten din maite dituenen barruan, bakardadea ere.

"Egon" hitza zortzi

bider idatzi dinat leku

txikian eta

gelditasunaren zentzu

literalenean erabili

nahi izan dinat 

 

Agian, bakardadea bortizki sentitzea norbera dena ez onartzea izango dun. Nor-bera, bakarrik, bakarra dun. Nor-beraren baitan bizi ditun bizi behar direnak eta harremanak nor-berak eraikitzen ditin, on-hartuz debalde eskaintzen dena eta emanez eman nahi dena. Dena, igual. Ala?

Goiz jaiki naun, gaur ere, behe lainoaren gaineko zeru urdinarekin batera. Leihoa ireki dinat, atzo bezala, eta leihoa irekitzerik ez dutenak hartu ditinat nirekin; bat, hi.

Eta guztientzat beste ihintz arnastu dinat, begiak itxita.

Egun berriaren irrikak irribarre bat jarri din nire sabel barruan eta, segundo gutxi batzuetan, –ni– izan zirenak agurtu ditinat memorian eta «hemen gare» xuxurlatu zienat, segundo gutxiko irribarrean.

Eta horri batzuek bakarzaletasun deitzen zioten, bakan, arraro, diferente… «enfin»… esan nahi duten lekuan. Batzuek. Eta bakarzaletasuna erreparatzeko momentua bilatzea badun: zer, nondik eta nola, ba, orduan, bakarzaleak gaitun, eta bakoitz, eta bakan.
 
Bero

Bete-bete etorri dun isilik –bakarrik–, eman eta eman, Eguzkia.

Lurrindu din lehengo ihintz hura eta oparo, bizi-argi, hartu din Lurra, bakarrik izaten baleki bezala, eta beste batzuekin eta beste batzuentzat ez izatera izatea antzua duela baleki bezala.

Bazakinat nola maite dunan epeltasuna, eguzkiarena eta maite ditunan gorputzena. Memorian dauzkan, arretaz bizi izandako denak; memoria dun hor lagun leial. Bila ezan beroa eta gorputzak eta hondartzak, higan zauden behar direnak egon. Zabal ezan leihoa, begiak itxita, eta eraman itzan kanpoaldeok barrura.

Bazakiten, bakarrik sentiarazi nahi hautenek, zer dun bakarrik sentitzea, bazakiten bakardadea dela zigorrik isilena, hotzena, suntsitzaileena. Horregatik haukate bakarrik, debekuzko hitz isilean eta leiho barik.

Eta guk bazakinagu bakarrik egoten eta bakarrik izaten eta isilik; eta Eguzkiaren antzera gaitun bakoitz, bakan, nor, beste batzuekin izateko; eta esango nuke binaka garela, nor izan eta gero; hazia eta lurra, itsasoa eta hondartza, mendia eta harana, ilargia eta gaua bezala; binaka batera; gero zabaltzen gaitun denetara.

Isilik ernaltzen dun hazia lurrean, isilik hartzen din hondartzak itsasoa, isilik argitzen Ilargiak gaua, haranak mendiari eusten, isilik.

Eta horri batzuek isiltasuna deitzen zioten.

Baina hori dun isiltasun bat isiltzen ez dena, gutunetan bizi dena bezalakoa, eta begiradetan edo oraindik esan gabeko hainbeste hitzetan. Isilik esan. Isilik eman.

Beste bat dun zer esan ez duen isiltasun ahitu bat, bakardadean bizi dena, eta bakardadearekin. Eta ez dun kanpotik ikusten.

Bat dun emankorra, sortzailea, bizia; eta bestea dun hilgarria.

Eta batzuek isiltasuna komunikatzeko modu bat dela esaten dinate, mezu bat dela isilezko jarrera. Hala izango dun batzuetan; izan ere, zerbait esateko isiltzen garenetan, ateratzen dun esana bere denboran; eta, baina, ezer esan nahi ez dugulako edo ezer esatekorik ez daukagulako isiltzen garenetan, intentzioa bakarrik ageri dun, isiltzekoa, eta zergatiak batzuetan norberak ere ez zakizkin. Eta beste kontu bat dun kartzelan isilik egotera behartua izatea. Baina, badakin? Uste dinat hik heuk erabakitakoa balitz bezala jokatzen dunala, sortzailea eta emankorra bilakatzen ari dun-eta hire isiltasuna.

Haizea

Sentitzen al dun? Erreka-haizea zatorren, fresko, arnasara, eta azalean fereka egiten din. Eta barrua gozatu.

Bakardadeaz eta isiltasunaz irakurri nahi ninan eta liburutegiraino etorri naun. Filosofoen apalera jo dinat. Zabaldu ditinat liburu banaka batzuk izenburu bati erreparatu diodan arte. «Giza adimenari buruzko entseiuak», JOHN LOCKE. Pasarte batzuk irakurtzen ahalegindu naun eta arreta «Erlazioak» izeneko kapituluan jarri dinat eta hara! Beste gauza batzuen artean esaten din erlazioa ondo bereiztuak diren bi ideiaren artekoa dela, bata bestearekin alderatzeko edo elkarrekin kontsideratzeko ekintza. Zer iruditzen zain? Esaten aritu gaitunana. Biren artean zerbait izateko, bakoitzak bere osotasunean nor behar duela izan eta, aldi berean, banakako absolutu osotasun bakoitza, erlazio baten barruan, partaide erlatibo dela, beste batzuekin batera bakarrik balioa duena.

Gaitun oso, beste batzuekin izateko, eta beste batzuekin gaitun norbanako izango bagaitun.

Eguzkia bezala.

Badakin? Pentsatu dinat sarriago etorriko naizela liburutegira eta… bidaliko dinat liburu hori ere.

Zelan arindu duen haize honek eguerdiak zekarren bero zakarra!

Euria

Bare, isilik, haizea.

Binaka iristen gaitun, askotan, ilunabarrera; isilik igual.

Binaka esertzen gaitun egurrezko banku berdeetan eta ortze-mugarantz begira, Ilargia Eguzkia agurtzen ikusten dinagu eskutik helduta, batzuetan.

Eta beste batzuetan harrizko harmaila hotzetan esertzen gaitun, binaka, ortze-mugarantz begira, baina batak Eguzkia ezkutatzen ikusten duen tokian, eta iluna, besteak Ilargia ikusten din jaiotzen, eta argia; eta orduan, binaka izanda ere pausoa ez dun bat eta isila gailentzen din bien artean, isil-hizketa, inoiz inork entzungo ez duena, batak besteari ikusten duenaz ezer esaten ez diolako eta batak bestearen barruan zer ez dakigulako.

Eta horri batzuek ez zakinat nola deitzen dioten, baina horixe dun bakardadea, bakardade latza, gorria, eta isiltasun hotza. Binaka, bakar-bakarrik.

Eta ez dun kanpotik ikusten.

Isildu dun eguna poliki-poliki. Errekaren zurrumurruak eta kilkerren kantuek isilagotu dinate egunaren zalaparta eta, ilundu orduko, beraiena dinate txanda.

Laino arin batzuk agertu ditun, gorriak, laguna, euria iragarri guran.

Itxi begiak eta gogoratu zerua laino gorritan eta Ilargi goiztiar zuri-zuri, bete-bete, batek mundua arrosa kolorean jantzi zuen ilunabarra.

Ez dinat leihorik itxiko, leihoa ixterik ez duzuenok gogoan.

Euria. Barruraino. 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago