OBOEA
Zortzi urte bete nituenean hartu nuen, lehenengo aldiz, oboe bat esku artean; ez nuen musika tresna hautatzeko aukerarik izan, gurasoek idatzi baitzuten nire izena oboe irakasle berriaren zerrendan. Oboea. Klasetara joaten hasi nintzen arte ez nuen oboeak zuen itxura ezagutzen, are gutxiago nolakoa zen tresna hark sortzen zuen soinua. Aho zabalik entzun nuen, miresmenez, lehen egunean irakasleak ikasle berrion aurrean jo zuen abestitxoa. Hura zen, beraz, oboea, hura, aurrerantzean joko nuen musika tresna.
Exprai |
Lehenengo urte biak, ordea, gogorrak suertatu ziren oso. Etxean egunero-egunero, huts egin gabe, oboea joagatik, geldoa zen tresnak nire haizearen eraginez sorturiko soinuaren kalitatearen bilakaera, eta are geldoagoa egurrezkoak ziruditen nire behatzen mugimenduaren arintzea. Saxofoia edo klarinetea aukeratu zuten nire lagunek ez zuten denbora askorik behar izan abestitxoak jotzeko gai izatera iristeko. Abestitxo errazak, baina abestiak, finean. Ni, berriz, astea joan eta astea etorri, lauzpabost nota jotzearekin konformatu behar.Eta zer-nolako komeriak, oboearen hiru zatiak modu egokian elkartzeko ere! Bestetik, lehengusua eta beste ikaskide batekin oboea konpartitu beharraren enbarazua zegoen, gainera.Nigan nolabaiteko aurrerapena sumatu arte oboe berria ez erosteko erabaki ulergarria hartu zuten gurasoek eta musika eskolako oboe zahar batekin moldatu behar izan genuen lehengusuak, beste ikaskideak eta hirurok. Horrek koordinazio handia eskatzen zuen, eta hurbileko jende askoren parte hartze zuzena. Alegia, nik bazkal orduan jotzen nuen etxean asteroko lezioa eta ondoren amak izebari eramaten zion oboea, lehengusuak arratsaldean ikas zezan. Iluntzeko zortziak baino lehen, osabak beste ikaskidearen aitaren harategira eramango zuen oboea, hirugarren ikaskide horrek gauean eman ziezaion asteroko lezioari errepasoa. Zikloa itxiz, goizean jasoko zuen amak oboea harategitik, bere ohikoa ez zen harategi hartadk. Eromena. Dena esan behar bada, gure amak ez zuen sekula lukainka bat bera ere erosi egunero bisitatzen zuen harategi hartan. Marka da gero!
“Etxean egunero |
Lehengusuak ez zuen, ordea, oboea jotzea oso gustuko eta bizpahiru urte baino ez zuen klaseetara joaten iraun. Agur esan baino lehen, sekula ahaztuko ez dudan pasadizo bateko protagonista izan ginen lehengusua eta biok.
Ekaina, ikasturte amaiera, ikasturte amaierako kontzertua. Herriko zinema jendez leporaino beterik, musika eskolako ikasleen ikasturte amaierako kontzertu izugarria entzuteko gogoz. Irakaslearen egoskorkeriaz (komeni, nonbait, irakasle hari urtean zehar bere ikasleek egindako aurrerapausoak plazaratzea...), pieza koxkor bat prestatu genuen, buru-belarri, bi hilabete luzetan, lehengusuak eta biok. Txaloz hartu gintuzten ikus-entzuleek eszenatokira agertu ginenean. Partiturak atrilean txukun-txukun jartzen ari nintzela, lehenengo lerroan eserita zegoen irakaslearen begirada zorrotza sentitu nuen gainean. Lehengusuari keinu egin eta jotzeari ekin genion. Hirugarren konpasera heldu baino lehen, ordea, jesarlekutik altxatu eta oihuka hurbildu zen gugana irakasle lotsagabea (inongo lotsarik ez zuen-eta irakasle hark gure jarduna modu hartan eteteko). Zer ari zarete biok ahots berbera jotzen? Hasi berriro! Ikusleen barre-algarek partituren atzean ezkutarazi gintuzten, baina orri haiek kaxkar eta txikiegiak ziren gure aurpegien gorritasuna estaltzeko. Hura lotsa, hura estuasuna! Denbora behar izan genuen une txar hura gainditzeko. Ahaztu, berriz, ez dut uste sekula ahaztuko dudanik. Guztiok omen daukagu txikitako oroitzapen beltzen bat, edo gehiago. Egun hartako gertakaria nire txikitako oroitzapen beltzenen artean dago, inolako zalantzarik gabe.
Urte batzuk igaro ondoren, eta oboea gustuko izanik aurrera egiten nuela ikusirik, oboe berria erostea erabaki zuten gurasoek; ez dut gogoan zenbat diru ordaindu zuten nire oboe berri distiratsuaren truke, baina argi daukat ahalegin handia egin zutela nik oboea jotzen jarrai nezan. Neronek erantzukizun handiagoa sentitu nuen bizkar gainean, orduko nire mutiko senak sumatzen baitzuen une hartan poltsikoari astindu ederra eman ziotela aberats izatetik urrun zeuden gurasoek. Haiek ez zidaten sekula ezer esan, baina nik badakit hori.
Eta aurrera egin nuen, bai, geroz eta ariketa korapilatsuagoak eta doinu zailagoak joaz. Harik eta, egun batean, ordurako nerabezaroan murgildurik zegoen mutil hari herriko musika bandako zuzendariak bertako partaide izan nahi zuen proposatu zion arte. Pozik hartu nuen, nola bestela, proposamena. Erronka handia ere bazen, noski, musika bandan jotzea. Aurreneko hilabeteak kikildu xamarrik igaro nituela aitortu beharra daukat.
Gogoan dut herriko musika bandako entsegu batera lehenengoz joan nintzen egun hura; ostiral gauetan biltzeko ohitura du musika bandak eta gaueko ordu haietan etxetik kanpo ibiltzea berria zen niretzat. Musika bandako kideenak aurpegi berriak ziren hein berean, noski. Gazteren bat edo beste bazegoen arren, zaharrak ziren musika banda hartako kide gehienak, eta zaharrak ziren esku artean zituzten musika tresnak ere. Zuzendariak berak,bere adaxka zuri eta guzti, antzinako musikagile ospetsu bat ekartzen zidan gogora, zein musikagile zen zehazki esaterik ez banuen ere.
Musika bandak jotzen zituen abesti gehienak ezezagun eta arrotzak ziren niretzat eta sekulako komeriak izaten nituen abestiaren joanean haria erabat ez galtzeko. Denbora igaro ahala, ordea, taldeari neurria hartzen joan nintzen poliki-poliki eta geroz eta pasarte zail eta korapilatsuagoak jotzeko gai izatera iritsi nintzen. Musika bandakoa, baina, lagunarte atsegina da, maila altuko musika taldea bainoago. Musikak batzen duen lagunarte atsegina, alegia.
Buelta ugari ematen ditu bizitzak eta zaila da etorkizunak zer ekarriko digun asmatzea. Hala ere, ez da erraza izango niri oboea ezpainetatik kentzea. Barruan indarrik dudan artean, behintzat, oboeari putz egiten jarraituko dut. Eta, nola ez, musika entzuten. Bizitzeko ezinbestekoa dudalako. Bizitzeko ezinbestekoa delako. Ala ez?