Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
pdf  
  
EKLIPSEA 

 Hamaikak eta hogeita bost dira Garbiñeren ordenagailuan. Kalkulatuta dauka. Minutu baten gorabehera izaten da, baina ez du hutsik egiten. Burua jiratu, eta hortxe aurkitu du, indar betean.Ipurdiarekin bultza eginez, atzera eraman du aulkia, eta pertsiana itxi du, zakar.

Denetarik probatu du eguzki islak saihesteko: ordenagailua eskuinerago ekarrita, ezkerrerago eramanda, baita A-4 motako orri pakete bat azpian jarrita ere. Baina alferrik izan dira saio guztiak. Azkenean, gortinak jartzeko eskatu dio erosketen arduradunari. Baina zain dago oraindik, aurrekontua onartu behar baitute lehendabizi.
 
Okerrena da ohitu egin dela argi artifizial horretara, eta orain itsutu egiten duela egun argiak lanetik ateratzean, bizidunen mundutik erauzi izan balute bezala. Leize-zulo batetik atera berria balitz bezala sentitzen da, eta iruditzen zaio beste mundu batekoa balitz bezala begiratzen diola beso eta zango bistan dabilen jendeak. Deseroso sentitzen da orduan bere jantzi zabaletan uzkurtuta. eta pauso azkarrak ematen ditu, bere gordelekura lehenbailehen iristeko. Hori ere azkenaldian zulo beltz bat da, ordea, eta ezin ditu pertsianak zabaldu ere egin. amona garrasika hasten baitzaio imintzioa egite hutsarekin.
 
Hogeiren bat gradu egingo ditu kanpoan, baina fresko antzean sumatzen da bulegoan geldi egonean egonda. Horregatik, oraindik jertse lepo-luzea jantzia etortzen da Garbiñe, ia egunero. Eguzkiarekin lehian ateratzen da etxetik, zazpiak inguruan, eta ordu horretan hotzak badaki zirrikitu guztietatik hezurretarainoko bidea egiten. Miren, berriz, administrari laguntzaile berria, ia-ia hondartzarako moduan etortzen da, eta Garbiñek ez du ulertzen nola egon daitezkeen biak bulego berean, bata arropa baino gorputz gehiago agerian duela. eta bestea justu-justu burua arropen artetik erakusten duela.

 

—Eklipsearen ordua - bota du Mirenek ika-mika luzeen ondoren, azkenean onartu du Garbiñek ezin duela lan egin Eguzkiaren islek begietan jotzen diotela, eta jostalari dagoenean bakarrik zirikatzen du bere ateraldiekin.

Garbiñek pentsatu du Eguzkiagatik baino gehiago parean daukaten arkitekto bulegoko intelektual itxurako horrengatik esan duela eklipsearena, baina isilik gelditu da. Tokiko gobernu batzarreko akta bukatu behar du, gaur bertan egin nahi baitu idazkariak hurrengo bilerarako deialdia. Ez du, beraz, denbora askorik, ondoren itzultzaileari pasatu behar baitio, eta badaki haren purrustadak entzun beharko dituela garaiz ez bidaltzeagatik, egiten ari den lana utzi eta hori beste ezeren aurretik itzuli beharko duelako, erlojupean itzuli ere.

--Astronomoei deitu beharko diegu, hemen gertatzen den fenomeno paranormala azter dezaten -akuilua zorrotz gaur Mirenek.

Zertaz ari zara? -erretxindu da Garbiñe.

-Eklipsea egunero gertatzen den munduko toki bakarra dela hauxe -serio plantak egin nahi izan ditu hori esatean baina ezin izan dio irribarreari eutsi.

-Miren, lanpetuta nago.

Garbiñek gogoko du Miren. Neska alaia da, kaskarina batzuetan, eta ahoberoa ere bai zenbaitetan, baina bizigarri dosi baten moduan behar du horrelako norbait ondoan. Arratsaldekoa hobeto eramateko.

Gaur amona nola aurkituko duen pentsatu du. Hitzik egingo ote dion. Jaio zenetik bizi izan da Garbiñe amonarekin. Orain, ordea. berari dagokio hura zaintzea, eta ez daki horretarako balio duen. “Joxe Manuel Ormaberrikoa ,  hura bai gizona” da azkenaldian esaten entzun dion zentzuzko esaldi bakarra. Baina Garbiñek ez daki nor demontre zen Joxe Manuel Ormaberrikoa, eta ez dauka nori galdeturik ere. Adelari galdetuko lioke, baldin eta modurik txatxuenean erori eta aldaka hautsi ez balu.
Amonak nabarmen egin du okerrera Adelarena gertatu zenetik. Ez du egun argia ikusi ere egin nahi, beti beltzez janzten da, egunero garbituta ere kentzeko modurik ez dagoen usain min bat dario, eta euskara ez diren soinu bitxi batzuk egiten ditu, saguzarren hizkuntzan beharbada esanahia izango dutenak.
Garbiñe arratsaldero saiatzen da amona etxe azpiko parkera ateratzen, egurastu dadin. baina kalera doazela sumatzen duen bakoitzean, amonak ezin askatuzko korapilo bat egiten du bere gorputz-besoekin, eta ezetz egiten du buruarekin, begiak zulotik aterata.
Hasieran ezinezkoa iruditzen zitzaion arren, amonaren gainbehera horretara ohitzen hasia zegoen Garbiñe, baina atzokoa gehiegi izan zen. Bainuontzian aurkitu zuen amona, bil-bil eginda, dardarka. Handik atera eta lasaitzea lortu zuenean, komunera joan. eta behetik gora hustu zuen hesteak korapilatzen zizkion laborria.
Gero Marinari deitu zion, eta hark eman zion ekuadortarraren telefonoa. Gaurko egin du hitzordua, baina badaki amonarenak ez duela erremediorik; onenean ere, hilabete batzuetan ez duela okerrera egingo. 
Pentsamendu horiek nekez uxatu dizkiote aurikularrek, baina burua beste ahots batzuez bete diote. Hogeita hamabost minutuan bukatu du akta, eta itzultzaileari bidali dio, idatzitakoa irakurri ere egin gabe. Arnasa hartu du gero.
-Hemengo fenomenoa ikertzen dutenean, gure etxera eramango ditut, astronomoak, diot -eta ordenagailuaren eskuinetara pilatuta dauzkan txostenetako bat hartu du.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago