Ondorio bat
I
Denbora zeraman niri begira egon beharrean hormaren alderantz lokartzen, eta banekien hurrengo urratsa horma zeharkatzea izango zela.
Hitz egin beharko dugu, ezta?
Ni ez nintzen erantzuteko gai. Behin pasa balitz, tira... baina banekien desira errepikatzailea zuela. Hitz egiteak erabakimena emango ziokeen, eta gure etxea birentzat egina zen, berak biontzat egina. Nik, baina, berarekin bizitzen jarraitu nahi nuen etxe horretan, bere nahiaren kontra bazen ere, eta horregatik egin nuen egindako guztia.
Asteak egon nintzaion zelatan. Egunez hari so, gauez ikusitakoaz pentsakor. Erabakia nuen, berarekin ezin bazen, bere ondorioarekin biziko nintzen: bere itzalarekin.
Hitz egitearen kontua atera zidan hurrengo gauean erantzutea erabaki nuen. Espero nuena: esnatzean gauzak bildu eta Aitorren etxera joango zela esan zidan. Nire plana exekutatzeko ilusioa edukiagatik ere, penatu plantak egin nituen. Azkar eman zidan bizkarra. Ordu pare bat itxaron nituen esna, arnas sakonean hasi zen arte. Isil jaiki eta linterna eta telazko mukizapi zuria hartu nituen. Lehenengoaren muturrera lotu nuen bigarrena, argia apaldu zezan. Prest nituen guraizeak hartu, eta zirujau dardarti baten doitasun eskasaz itzala lapurtu nion, ebaki eta leku berean utziz. Nire aldera itzuli eta pozik etzan nintzen; lotarako garaia zen.
II
Hormari begira ireki nituen begiak, eta nirea ez zen aldeak galdua zuen erliebea. Arrunta egin zitzaidan, bizkar bat ez al da pareta zati bat? Besoa luzatu nuen konkistatutako alderantz; nirea zen. Leihotik sartutako argi eskergak, ordea, zalantza piztu zidan, luzatutako besoak iluntasun bat bitan banatu zuela iruditu baitzitzaidan. Jaikitzea erabaki nuen, ezin fidatu zeharkako begiradez. Ohearen parean jarri nintzen, izara urdinxkei so.
Gauean ebakitakoa eta bertan zetzana silueta berbera ziren. Forentse batek izaretan egindako marrazkia zirudien, euri jasa baten hezeak barrutik ilundua. Bere ohearen aldera gerturatu nintzen. Hurbiletik bularrean arnasketak nabari nitzakeen. Bere ile nahasia bereizten nuen gama grisetan. Eskuak elkar lotuta zituen, lotarako erabiltzen zuen babes posean. Muturra hurbildu nuen eta arnastu; bere usaina zuen. Bere gorputzaren erreflexu bat zen, gorputzak errefusatua.
Distantzia hartu, bera han utzi eta dutxara joan nintzen. Toallarekin lehortu eta komunetik biluzik irten nintzen, neureganatu nuen espazioa desafiatzen. Txistu soinu alaiz sartu nintzen egongelan, sheriffa mendebaldeko tabernan nola. Festak gutxi iraun zidan, atea zeharkatu orduko atzera jauzi bat egin bainuen. Atearen atzean ezkutatu nintzen, amorante koldar baten gisan. Buruarekin agerraldi intermitenteak egin nituen minutu batzuez.
Itzala zen, eta bere jabeak goizero egin ohi zuen moduan, besaulkian zegoen, esku artean liburu bat zuela. Eskuin hanka ezkerrekoaren gainean gurutzatuta, oin puntarekin gorabeherak marrazten ari zen. Aurrean jarri nintzaion. Agurtu nuen, erantzunik ez. Bigarrenez saiatu nintzen, baina berdin. Helikopteroari erreskatea eskatzen ari denaren mugimenduak egin nizkion, besoekin X hizkiak eraikiz eta deseraikiz. Orria igaro zuen, jaramonik ez niri. Bat-batean altxatu eta sofan etzan zen, telebista piztu zuen. Ni bere aurrean estatua klasiko bat nintzen: zuria, biluzia.
Bere errutina bakartia begiratzen pasatu nituen egunak. Nire denbora libre guztia beretzat zen. Ez ninduen ikusten, eta parean jarriz gero zeharkatzera ere iritsi zen. Denborarekin ohitu egin nintzen bere konpainiara, paisaiaren parte zen.
Egunak, asteak, hilabeteak... pasatu zituen etxea habitatzen, ni ebitatzen. Niri joandakoaren dolua gainditzen lagundu zidan, bere zati bat han egonagatik, bera gabe egotera ohitu bainintzen.
III
Goiz jaiki nintzen, beste askotan bezala, eta betiko tabernan gosaltzera abiatu nintzen jantzi orduko. Etxeko atea zabaldu eta itxi nuen, igogailuan sartzeko. Sartu nintzenean, nire aurpegi nekatuari begiratu nion ispiluan. Irudi xelebrea bidali zidan buel- tan; bi itzal nituen atzean. Ez nion garrantzirik eman, igogailuko argiaren islagatik izango zela pentsatu nuen, eta gosariko napolitanagatik aldatu nuen pentsamendua. Atariko ate nagusia irekitzearekin batera, orban ilun batek zeharkatu ninduen. Atzera begiratu nuen, baina argi guztiak paretik zetozen, itzal hori ez zen nirea. Gosea desagertu zitzaidan.
Goiz sentia zen, eta hiriko kaleak guretzat erreserbatuta zeuden. Kale garbitzaileen erratz hotsak izan ziren gure soinu banda. Harrapaketetan jolastu ginen, bi metroko tartea gordetzea erabaki nuen arren. Ez dakit zenbat denbora ibili ginen hala, baina bat-batean egurrezko ate handi bat zeharkatu zuen. Haren atzetik joan nintzen ni, eta atea jo nuen buruarekin. Alde egin zidan.
Zaratak entzun nituen ateaz bestalde, oihuren bat, tarteka.
Atzeratu egin nintzen, atea zabaldu zen eta itzalaren jabea irten zen korrika, maletak eskuetan. Atzetik gizon bat zuen, eskuak buruan.
Idazleari buruz... Peru Aiartza Cajaraville 1996ko urtarrilaren 15ean jaio zen Donostian. Parte Zaharrean bizi izan da geroztik hona. Unibertsitate garaian egindako bertsolaritzaren aurkikuntzak esaldiekin jolastera eraman du, ahoz zein idatziz. Gaur egun irakasle lanetan dabil, euskararen erakargarritasuna aditzera eman asmoz. |